Artiumek eta Zas Kultur-ek artista berrientzako bi egonaldi eskainiko dituzte udan

Arabarekin lotura duten sortzaileentzako dira egonaldiak. Laguntza ekonomikoa eta profesionala emango diete Artium museoan lan egiteko.

Artista gazteak Artium museoaren erakusketa batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Artista gazte batzuk Artium museoaren erakusketa batean. RAUL BOGAJO / FOKU
edurne begiristain
2026ko martxoaren 18a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko Artium museoak eta Zas Kultur Espazioak artista berrientzako bi egonaldi antolatuko dituzte udan, bata abuztuan eta bestea irailean. Bigarren aldia da Artiumek eta Zas Kultur-ek egonaldiak elkarrekin antolatzen dituztena —iaz antolatu zituzten aurrenekoz—, eta aurtengo berrikuntza nagusia zera izango da, bi egonaldi eskainiko dituztela: abuztuaren 3tik irailaren 6ra izango da bata, eta abuztuaren 31tik urriaren 4ra bestea. Eskaerak aurkezteko epea gaur bertan zabaldu dute, eta apirilaren 30era arte egongo da zabalik.

Arabarekin lotura duten artista hasiberrientzat dira egonaldiak, eta, horien bitartez, proiektuak garatzeko aukera eman nahi diete sortzaileei. Horretarako, laguntza profesionala eta baliabide teknikoak emango dizkiete. Hautatuek Artium museoan lan egiteko modua izango dute, eta museoko teknikarien eta Zas Kultur-eko kideen aholkularitza izango dute.

Egonaldietan ariko diren artistek 1.500 euro jasoko dituzte hilean, eta baita ekoizpenerako laguntza eta 500 euro arteko dietak ere. Horrez gain, parte hartzaileek baliabide teknikoak eta dokumentatzeko artxiboak erabili ahal izango dituzte, proiektuaren behar espezifikoetara egokituta. Egonaldien emaitzak jendaurrean aurkeztea ere aurreikusi dute, urrian.

Parte hartu nahi dutenek egonaldian garatu nahi duten proiektuaren proposamena, gauzatze plana eta lan egutegi orientagarria aurkeztu beharko dituzte, besteak beste. Dokumentazio guztia PDF fitxategi batean bidali beharko dute helbide elektroniko hauetara: deialdiak@artium.eus eta espaciozas@gmail.com. Mezu elektronikoaren gaiak honako hau izan behar du: Artium Museoa-Zas Kultur 2026 egonaldi deialdia. Informazio guztia Artium museoaren webgunean dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA