Manex Erdozaintzi-Etxart (Ibarrola, Nafarroa Beherea,1934-Tolosa, Frantzia, 1984) poetaren artxiboak Baionako Iker zentroan daude atzoz geroztik, nahi duenak kontsultatzeko gisan. Babeslekua bertan aurkitu dute, «leku naturalean», laborategiko zuzendari Ricardo Etxeparek adierazi duenez. Obrak ukan dezan oraindik geroan ere lau haizeetara zabaldua izateko aukera.
Artxibo transferentzia soil bat baino harago, egoera gazi-gozo bati bukaera emateko hitzarmena ere izan zen atzokoa. Berez, Donapaleuko frantziskotarren etxean izan dute leku naturala poetaren artxiboek luzaz, bere liburutegian bezala, poeta fraide frantziskotarra izan zela hor. Baina 2006an, Erdozaintzi-Etxarten liburutegia, oro har frantziskotarren funtsa bezala, eta artxibo pertsonalak ere, etxe horretatik kanpo bota zituzten, Zabalik elkarteko kideekin batera.
Hainbat gorabeheraren ondotik, euskal eta euskarazko funtsarentzat babesa lortu zuten azkenean, halere, Donapaleuko mediatekan.
Artxibo pertsonalak, berriz, elkarteko kide baten etxean bildu behar izan zituzten. Babes eskasean galtzeko arrangura atxikiz. Beldur horrek bultzaturik, Ikerreko akordio horrez gain, Interneteko aukeraz baliaturik, haren obra gehienarekin webgunea sortua dute, manexerdozaintzi.com gunea. Klasifikatze lan bat ere eramana dute, eta eskuizkribuak eskaneatu eta DVD bat osatua dute.
Poetak ez badu anitz publikatu, haren obra, direla eskutitzak, zirriborroak edo beste, «altxor» bat dela azpimarratu zuen atzoko ekitaldian Agurtzane Ortiz Lopetegi ikerlariak, zeinak hartaz tesia eta liburua idatzi dituen. «Bidaia luze bat egiteko aukera» ematen du, haren hitzetan.
Bidaia luze bat, gerlatik landa, Euskal Herriak bizi aldaketen barneetatik, poetaren idatziak argitaratzeko lanetan aritu zen Maiatz argitaletxeko Lucien Etxezaharretak zehaztu zuenez: «Herritarrek beren hizkuntza, beren herria errespeta dezaten, hori iraultza psikologiko gaitza izan da 50 eta 60eko hamarkadetan. Eta Manexek hasia zuen hori». Enbata baino lehen, «Manexek bere hitzekin, bere goxotasunarekin iraultza handi bat eginarazi du». Garai bat batetik harago ere, haren obra unibertsala ere badela berretsi zuten atzo, poetaren ilobaPiarres Erdozaintzi-Etxart zizelkariak poetak amaz idatzi zuen Emazteki bat ene bizian olerkia irakurtzean agertu zenez.
Artxiboak, babespean
Donapaleutik Baionara aldatu dituzte Manex Erdozaintzi-Etxart poetaren artxiboak, Iker zentrora
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu