Amets Arzallusek irabazi du 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusia, eta duela lau urte txapeldunorde izanaren arantza kendu du. Hain justu, buruz buruko berdina izan da, Maialen Lujanbioren eta Arzallusen beraren artekoa; gaurkoan, ordea, Hendaiakoak eskuratu du txapela.
1.737,5 puntu lortu ditu Arzallusek; 1.686,5 Lujanbiok; 1.164 Elortzak; 1.155 Mendiluzek; 1.106 Sarriegik; 1.099 Iturriagak; 1.099 Gaztelumendik; eta 1.082,5 Colinak.
Hasi eta buka nagusitu da Arzallus. Goizeko lanetatik bakarrean ez du irabazi. Goizeko puntuak pilatuta lortu du abantaila, eta nahikoa izan du txapela bururatzeko. "Gorabeheratsua" izan da goizeko saioa, BERRIAko analisten arabera, baina arratsaldean lehertu da. Mailak gora egin du oro har, eta oso lan onak egin dituzte, esaterako, Mendiluzek eta Elortzak puntutan. Buruz burukoan, hogei punturen aldea atera dio Arzallusek Lujanbiori.
Amari, "euskara irakatsi" zionari eskaini dio "aitarena den txapela" Arzallusek agur bertsoan. Hunkituta kantatu du Hendaiakoak. Honako hau izan da agur bertsoa: "Zerutik begira daude / Joxe eta Manuel Mari / ziega zulotik entzuten / beste euskaldun ugari. / Musu bat Iparraldeko / bertso eskolako haurrari / lagundu nauten guziak / Olatz eta arreba bi / baina ni ez bainaiz hemen / neuk sortu hutsean ari / aitarena den txapel hau / eskaintzen diot amari / haur nintzela euskaraz / erakutsi zidanari".
Agurretan, Iturriagak iragarri du aurtengoa izan dela berak parte hartu duen azken txapelketa.