Astiberri argitaletxeak jaso du Argitalpen eta Kultur Langintza Onenaren Espainiako Saria, komikigintzan egindako lanagatik

Espainiako Kultura Ministerioak eman dio saria: 30.000 euro. Bilboko argitaletxeak «opari» moduan jaso du, ministerioak egindako aitortzak bat egin baitu argitaletxearen 25. urteurrenarekin.

Astiberri argitaletxearen postua, Durangoko 53. Azokan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Astiberri argitaletxearen postua, Durangoko 53. Azokan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Odile Bourguignon Goñi
2026ko ekainaren 11
18:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ospakizun bikoitza du aurten Astiberri argitaletxeak: batetik, 25 urte bete ditu, eta, bestetik, aurtengo Argitalpen eta Kultur Langintza Onenaren Espainiako Saria jaso du gaur. Argitaletxea Bilbon sortu zen, 2001. urtean, zimenduak bertako liburu denda batean jarrita: Joker liburu dendan. Oraindik ere, Euskalduna kalean dabiltzan irakurzaleek komikiz lepo topatuko dute denda horretako erakusleihoa. Izan ere, ezin zen bestela izan: komikigintzan espezializatuta dago Joker liburu denda, bai eta hortik loratutako Astiberri argitaletxea ere. Alor horretan egindako lanagatik goraipatu dute gaur: «Komikia goi mailako literaturaren mailara igotzean egindako ekarpen ordainezinagatik».

Espainiako Kultura Ministerioak eman dio 30.000 euroko saria. Sariketa 1994. urtetik dago martxan, eta, azaldu dutenez, aitortza horren asmoa da «kultura bizitzari egindako ekarpen bikain eta berritzaileengatik nabarmendutako argitalpen lanak» saritzea. Argitaletxeak esker onez jaso du saria, baina bereziki eskertu ditu «argitaletxearengan euren lanak argitaratzeko konfiantza» izan duten autoreak, liburu saltzaileak, liburu dendak, irakurleak, baita kultura arloko prentsa ere. «Aitortza hau sorpresa handia izan da, baita gure 25. urtebetetzeagatik jaso dugun opari bat ere, geneuzkan espektatiba guztiak gainditu dituena». Epaimahaiak, bestalde, «argitaletxe independenteen panoramaren erreferente ukaezintzat» jo du Astiberri.

Batik bat gazteleraz argitaratzen duen arren, argitaletxeak euskarazko liburu nabarmen batzuk ere kaleratu ditu. Horien artean daude Joe Sacco komikigilearen Gazako oin-oharrak eta Gerra Gazan liburuak, biak ala biak Julen Gabiriak euskaratuta. Baita Javier de Isusiren Goizero liburua ere, Nekane Gonzalez Gerrikok itzulia. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE