Ez da erraza arma fabrika abandonatu bat zena gizarte eraldaketarako kultur lantegi aktibo bilakatzea. Lana, antolakuntza, babesa eta ameskeria puntu bat ere eskatzen du, eta horiek guztiak izan dituelako eutsi dio zutik Astra kultur fabrikak Gernika-Lumon (Bizkaia). Herrian kontzertuak eskaintzeko, entseatzeko zein elkartu ahal izateko espazioak falta zirela ikusita, 2005eko abenduaren 24ko goizeko bostetan okupatu zuten aurrenekoz eraikina 60 lagun inguruk —gaur justu hogei urte—, eta, bi hamarkadako ibilbideak eskaintzen duen talaiatik, abendu osoa eskaini diete orain urteurreneko ospakizunei.
Malen Torrek eta Leiore Morenok bi urte baino ez zituzten Astra okupatu zuten egunean, baina Astrako bitartekariak dira egun, eta urteurren programaren nondik norakoak antolatu dituen taldearen parte ere izan dira. Eta, diotenez, iraganari begiratzeko ez ezik, etorkizunari begiratzeko aukera ere eskaintzen du gaurko efemerideak. Moreno: «Gaur egun bere, gazteek erreferentziazko espazioak behar dituzte antolatu eta euren jardun politikoa aurrera atera ahal izateko, eta hori da Astra». Eta urteurrenerako hautatutako leloak ere egindako ibilbideari bezainbeste begiratzen dio egiteko geratzen den ibilbideari: Eingu eta egingogu.
«Gaur egun bere, gazteek erreferentziazko espazioak behar dituzte antolatu eta euren jardun politikoa aurrera atera ahal izateko, eta hori da Astra»
LEIORE MORENO Astrako kidea
Omenaldi bat ere bada leloa, gainera. Morenok eta Torrek gogoratu dutenez, duela bi hilabete hil zen Dabid Zelaia Astrako kideak proposatu zuen leloa, eta haren aitortza keinu gisa erabili dute ospakizunetarako. «Azken hogei urteotan egin dugula eta datozen urteetan ere egingo dugula adierazten du», azaldu du Morenok. «Eta gaur egun ere askotan erabiltzen dugu, zerbait txarto doala ikusten dugunean».

Okupatu eta egun gutxira kaleratu zituzten gazteak eraikinetik, eta, gerora ere, behin baino gehiagotan hustu dute Astra. Horregatik, lehenengoz okupatu eta berehala hasi ziren eskatzen Astrak jabetza publikokoa izan behar zuela, eta, azkenik, 2006an erosi zuen eraikina Gernika-Lumoko Udalak, baina gune autogestionatua da oraindik ere. Astraren parte diren elkarte eta taldeek erabakitzen dute haren jarduna, eta hamaika elkarte eta mugimenduren aterpe da gaur egun ere. «Egunero-egunero bizi handia duen espazio bat da hau», azaldu du Morenok.
Erreferentzialtasuna
Kontzertuak, bertso saioak, ikastaroak, yoga saioak, hitzaldiak eta bestelako hamaika kontu antolatzen dituzte hala asteburuan nola astean zehar ere. Bertan entseatzen du Urdaibaiko Abesbatzak, esaterako, eta familientzako Astra Txiki izeneko elkargunea ere badute martxan. Eta aisialdi eskaintzaz harago, azken asteetan, adibidez, Guggenheim Urdaibai Stop plataformak ere bertan eskaini du Urdaibaiko Guggenheim museoa bertan behera uzteko erabakia ospatzeko prentsaurrekoa, eta Aitor Etxebarriazarraga Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapeldunak ere bertan hartu ditu hedabideak finalaren osteko egunetan, hasi ere bertako bertso eskolan hasi zuelako bere ibilbidea.
«Gaztea bazara eta mugimendu sozialetan parte hartzen baduzu edo kultura interesatzen bazaizu, Gernikan, beti bukatzen duzu Astran»
MALEN TORRE Astrako kidea
«Eskualde osoarentzako erreferentzia bat da hau», azaldu du Morenok. «Espazio honetan egin duten jardun horrek eta hemen duten aisialdiak proiektuarekiko atxikimendua pizten du». Eta baietz Torrek ere. «Gaztea bazara eta mugimendu sozialetan parte hartzen baduzu edo kultura interesatzen bazaizu, Gernikan, beti bukatzen duzu Astran».
Gaur da okupazioaren urteurrena, baina hilabete osoko programa antolatu dute urteurrenerako, eta Torre eta Moreno, oro har, pozik daude jasotako erantzunarekin. Apirilean hasi ziren abendurako prestaketa lanekin, eta sasoia «intentsitate handikoa» izaten ari dela onartu dute. Diotenez, hainbat urtez Astran aktibo ibili izandako eta azkenaldian urrunxeago ibilitako jende mordoa erakarri dute saioek, esaterako, eta sarea pixka bat gehiago zabaltzen lagundu du horrek.

Abenduaren lehenean abiatu zituzten ekitaldiak, ongietorri batekin, eta hainbat gai landu dituzte geroztik. Kalejira jendetsua egin zuten abenduaren 13an, eta kontzertuak, yoga saioak, film proiekzioak eta hitzaldiak izan eta izango dituzte. Astelehenean, BERRIA FM podcasta ere grabatu zuten bertan, eta mahai inguruen sorta bat ere izan du egitarauak. Euskara, immigrazioa eta hezkuntza izenburupean aritu ziren abenduaren 8an, gaztetxeen mugimenduaz jardun ziren 15ean, eta Astraren bi hamarkadei buruz aritu ziren abenduaren 17an. Sarean osorik ikusteko moduan jarri dituzte guztiak, gainera.
Eskola bat
Unai Olaeta, Irati Agorria, Leire Lopez eta Oier Plaza bildu zituen Astraren historiari eskainitako solasaldiak, esaterako. Hasiera-hasieratik bizi izan zuen Astraren historia Plazak, handik bi urtera batu zen Lopez, eta gerora egin dute bat proiektuarekin Agorriak eta Olaetak. Ordea, sasoi desberdinetan kidetu arren, mahai inguruan guztiek nabarmendu zuten Astra haientzat beti izan dela ikasketa politikorako gune bat.
Astra beretzat «eskola bat» ez ezik gauzak batera egiten saiatzeko leku bat ere izan dela esan zuen Plazak, esaterako. «Eta hori izan daiteke Astraren erronkarik handienetako bat, gauzak batera egiten jarraitzea». Lopezek ere «militantzia eskola» modura deskribatu zuen Astra, eta «eraldaketa politikorako tresna bat» izan dela esan zuen. Agorriarentzat, «politizatzeko espazio eroso bat» izan da gunea, eta, mahai inguruan azaldu zuenez, «parte hartzeko beste modu bat» ikasi du bertan, «horizontala» eta «adin artekoa».

Justu Astra sortu aurreko giroa ere hartu zuen gogoan Plazak mahai inguruan. 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketari oihartzun eginez, 2000ko hamarkadan herria Bakearen Hiri bilakatzeko izan zen mugimendua izan zuen gogoan. «Espazio eta baliabide asko bideratu ziren politika hori indartzeko: Lizeoa egin zen, Henry Moore eta Eduardo Txillidaren eskulturak ere orduan jarri ziren... Ikusten genuen udalak nola gastatzen zuen dirua kultur politika ponposo hori egiteko, eta, aldiz, gazteentzat, musika taldeentzat eta elkarteentzat ez zen ezer sortzen». Eta orduan sortu zen Gazte Asanblada, eta orduan hasi zen Trinkete anti-txokoa ere martxan, eta, Plazaren hitzetan, orduan hasi ziren Astra abiatuko zuen 2005eko abenduaren 24ko okupazio egunerako lehen urratsak. «Helburu handietan pentsatzeko joera bat kutsatu zen gure artean».
Astraren bi ezaugarri nabarmendu zituen Lopezek solasaldian: autogestioa lehenik, eta «autokritikarako gaitasun handia» ere bai. «Ez ginen txapuzeroak, eta guretzat inportantea zen gauzak instituzioek baino hobeto egitea». Horretarako, alde batetik, asko pentsatzen zutela esan zuen Lopezek, eta, bestetik, lana ere gogor egiten zutela. Horrez gainera, emakumeek proiektuan izan duten presentzia ere aipatzekoa dela esan zuen Lopezek. «Bai Gazte Asanbladan bai Astrako koordinakundean emakume asko egon dira hasieratik, eta, gainera, inportanteak izan dira. Orain ohikoagoa da, baina garai politiko hartan ez zen horrela».
«Urteurreneko mahai inguruetako batean, publikoan zegoen kide batek esan zuen ondo egongo litzatekeela Astra berriro okupatzea. Hau da, Astra hustu, eta gero gazteek berriro hartzea. Eta hori da gure erronka, gazteek hartzea honen buruzagitza»
LEIORE MORENO Astrako kidea
Morenoren hitzetan, gaur egun gizartean gailentzen ari den indibidualismoari eta diskurtso erreakzionarioei aurre egitea da Astraren erronka nagusietako bat. «Gernika oso eskualde aktiboa da, eta belaunaldi arteko lotura handia du. Oso aktibo dago mugimendu feminista, eta euskalgintza mugimendu oso aktiboa ere badu. Baina gazteen aktibazioa gero eta zailagoa bilakatzen ari da, eta asko dira Astra zapatu gauetako aisialdirako gune modura bakarrik ezagutzen duten gazteak». Eta, hain justu, proiektuaren historiari eskainitako mahai inguruaren amaiera aldera publikoan zegoen kide batek esandakoa izan du gogoan proiektuak egun duen erronka hori ilustratzeko.
«Astraren inguruan urruntasun hori sentitzen dugula esan zuten mahai inguruaren amaiera aldera», gogoratu du Morenok. «Eta han publikoan zegoen kide batek esan zuen ondo egongo litzatekeela Astra berriro okupatzea. Hau da, Astra hustu, eta gero gazteek berriro hartzea. Eta hori da gure erronka, gazteek hartzea honen buruzagitza. Asko gustatu zitzaidan ideia hori».
Bosgarren kilometroa
Urtez urteko jardunaz harago, erabaki sakonagoak hartzeko erabakiguneak ere jartzen dituzte martxan hainbat urtean behin. Kilometroak deitzen dituzte erabakigune horiek, eta hainbat hilabete irauten duten hamaika jarduera eta asanblada osatzen dituzte. Hor erabakitzen da Astrak zer bide hartuko duen. «Oraintxe bertan argi esaten dugu Astra feminista, euskaltzalea eta antikapitalista dela, baina urtebetez landutako asanbladetan adostu dira termino horiek guztiak, jende askoren eta elkarrizketa askoren ostean».
«Jende piloa etortzen da gauzak konpontzera, eta horrek laguntzen dizu sinesten benetan posible dela herriak egitea hau, autogestionatzea»
MALEN TORRE Astrako kidea
Hogei urtean, guztira, lau Kilometro baino ez dituzte egin, eta erabakiak hartzeko prozesu horiek, luzeak izanik ere, oso dinamikoak direla nabarmendu du Torrek. «Ez dira lau asanblada aspergarri», azaldu du. «Gainera, hamaika iritzi eta ideologiatako pertsonak elkartzen gara». Hain justu ere, datozen hilabeteetan hasi nahi dute bosgarren Kilometroa prestatzen, eta, iragarri dutenez, gazteen atxikimendua eta erreleboa lantzea darabilte buruan. «Baina horri forma nola emango diogun erabakitzeko dugu oraindik», onartu du Morenok.
Jendeak Astrarekiko harreman estua duela azaldu du Torrek. «Astrako bitartekariak izateaz gainera, bertan dauden gauzen arduradunak ere bagara. Baina badago jende bat, adibidez, etorri eta zerbait apurtuta dagoela ikusten badu abisua ematen duena, eta gainera lasai egoteko esaten dizuna, bera etorriko dela konpontzera. Edo erabakitzen badugu zuhaitz bat landatuko dugula, batzuek esaten dizute lasai egoteko, eurek ekarriko dutela lurra eta pala eta behar den guztia. Halako pilo bat gertatzen dira, eta jende horrek laguntzen dizu sinesten benetan posible dela herriak egitea hau, autogestionatzea». Eta baietz Morenok ere: «Jendeak etxe moduan sentitzen du espazio hau, eta etxe moduan zaintzen du. Berotasun hori sentitzen dugu».
EGITARAUA