Bernardo Atxagaren lan literarioak beste moldaketa bat izan du Imanol Rayoren Bi anai pelikularen bitartez. Orain dela sei urte Montxo Armendarizek Obabakoak obrako unibertso aberatsa filmatu zuen Obaba pelikulan, eta urte berean, Aitzpea Goenagak Zeru horiek egin zuen telebistarako.
1984koa da Bi anai eleberria, eta hor agertu zuen idazleak lehenengo aldiz Obabako mundu berezia. Alegiazko inguru hori Nafarroako hainbat lekutan girotu du zuzendari gazteak: Lesaka, Ituren, Artikutza...
Herri txiki batean bizi dira Paulo eta Daniel. Bigarren horrek, arazo psikikoak ditu. Bi anaiek ez dute ama ezagutu, eta aita hiltzen denean haien egoera okertu egingo da. Orduan, Paulok Danielen ardura osoa hartu beharko du.
Bi aktore gazte dira filmeko protagonista nagusiak, Bingen Elortza eta Aitor Koteron. Lehenak, Aitor Mazo eta Patxo Telleriaren La máquina de pintar nubes-en lan egin zuen; bigarrenak, lehen rol inportantea du pantaila handian. Haien ondoan, aski ezagunak diren beste hainbat euskal aktore: Kandido Uranga, Klara Badiola...
Donostiako Zinemaldian harridura sortu zuen Rayoren apustuaren ausartak, eta pelikula ez zen esku-hutsik joan, Zinemira saria eskuratu baitzuen. Filma euskaraz emanen dute, gaztelaniazko azpidatziekin.
'BI ANAI'
Zuzendaria: Imanol Rayo.
Aktoreak: Bingen Elortza, Aitor Koteron, Kandido Uranga, Klara Badiola, Loreto Mauleon.
Herrialdea: Euskal Herria. Iraupena: 91 min.
Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian
Zinema. Estreinaldiak
Atxagaren Obaba
Imanol Rayo zuzendari gazteak idazle asteasuarraren 'Bi anai' liburua pantailara eraman du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu