Gutxi gorabehera 30 urte ditu Mikak, Burger Kingen egiten du lan, eta gauak bere lagun Danielekin igarotzen ditu, alkohol eta marihuana artean, bigarrenari bururatzen zaizkion erokeriak eginez. Danielek gauzak lapurtzen ditu ondoren saltzeko, eta zirrosia diagnostikatu diote. Frantziako Marne Garaia eskualdeko herri txiki batean bizi dira Mika eta Daniel, eta, handik alde egin nahi badute ere, ez da aukera erraza haiek bezalako gazte batzuentzat.
Gau batean lehiaketa batean saritu duten katu bat lapurtu, eta auto istripu bat izango dute. Epaitu egingo dituzte, eta, alkoholaren eraginpean zeudenez, kartzela zigorra saihesteko aukera bat emango diete: sei hilabete dituzte lan kontratu bat eta froga toxikologiko garbiak aurkezteko. Haurtzaroko lagun Tonyrengana joko dute orduan bi mutilek. Tonyk eraikuntza enpresa bat du, eta hondakin nuklearrak kudeatzeko obra batean eskainiko die lana.
Hubert Charuel eta Claude Le Pape gidoilariek aurrez 2017an egin zuten lan elkarrekin, Petit paysan film luzean: urte hartan estreinatu zuten, eta opera prima onenaren Cesar saria irabazi zuen. Charuelen lehen lana ere izan zen hura zuzendari gisa. Ordutik beste film bat egiteko ideia zerabilten buruan, eta film laburretan landu zuten unibertsora itzultzea erabaki zuten. Saint-Dizier hiriko unibertsoa da hori, Hubert Charuel jaio eta hazi zen hirikoa. Jende gehienak alde egin nahi du inguru horretatik, eta gidoilari bikoteak filmetako protagonista izan ohi ez diren pertsonaia galdu horietaz hitz egiten jarraitu nahi zuen. Marne Garaian kokatzen da, beraz, kontakizuna, ekonomikoki hondakin nuklearren menpeko den eskualdean. Bizirik irauteko intoxikatu egiten den eremu bat da, eta zinemagile frantsesek haien pertsonaiekiko paralelismoarekin jokatu nahi izan zuten. Météors Cannesko jaialdiko Un Certain Regard sailean aurkeztu zuten.
Laguntasunari buruzko filma da Météors. Mikak eta Danielek beste bizitza batekin amesten dute, dauden lekutik urrun. Munduak ahaztu duen herri batean bizi dira, ordea, hondakinen zaborrontzi bilakatu den toki batean, eta etorkizunak ez dirudi oso argia. Adikzioaren arazoa gehitzen dio Charuelek ekuazioari, bizirik irauteko intoxikatzen den herri batean bizirik irauteko intoxikatzen den gazte bati erreparatuz, eta horrek laguntasunean duen eragina azaleratuz. Iluntasun horretan guztian, baina, irtenbiderik badela argituko du Météors-ek.
'Météors'
Beste estreinaldi batzuk:

'KARMELE'
Euskal Herria, 1937. urtea. Karmele eta haren familia Frantzian erbesteratuko dira gerraren ondorioz etxetik kanporatuak izan ondoren. Han, erbesteko euskal enbaxada kulturala Karmelerekin jarriko da harremanetan, eta musikaren eta dantzaren bidez gerraren aurka borrokatzeko proposatuko dio. Txomin ezagutuko du han, tronpeta jotzaile profesionala, eta harekin maiteminduko da. Bolada batez Venezuelan bizi ondoren, bikotea etxera itzuliko da, kendu dieten guztia berreskuratzeko itxaropenez.
'MARIO'
38 urteko Antoniak ezusteko festa bat antolatu dio Mariori, bikotekideari. Elkarrekin urteak badaramatzate ere, oraindik ez ditu ezagutzen haren lagunak, eta, berak ez dakien arrazoiren batengatik, Mariok ez ditu urtebetetzeak ospatzen. Antoniaren familiak maite du, eta emakumearen lagunek miretsi egiten dute. Baina, laudorio askoren ondoren, Mariok kontatutako istorio batzuk kontraesanean daudela eta denek ezagutzen duten Mariorekin bat ez datozela ohartzen hasiko dira. Nor da benetan Mario?
'A HOUSE OF DYNAMITE'
Jatorria identifikatu gabeko misil bat Ameriketako Estatu Batuen aurka jaurtitzen dutenean, Etxe Zuriak erlojupeko lasterketa bat hasiko du, erantzulea nor den eta nola jokatu behar den zehazteko.