Oñatiko tradizioak eta istorioak hizpide izan ditu Ibon Martinek 'Aurpegien lapurra' nobela beltzean

2023an argitaratu zuen eleberria Ibon Martinek, gazteleraz; orain, Aiora Jakak euskarara itzuli du. Martinen hemezortzi liburu itzuli ditu guztira Jakak; batzuk helduentzat dira, eta beste batzuk, gaztetxoentzat.

Ibon Martin idazlea, 'Aurpegien lapurra' eleberriarekin, irailaren 30ean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Ibon Martin idazlea, 'Aurpegien lapurra' eleberriarekin, irailaren 30ean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2025eko azaroaren 21a
04:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pandemia garaia da. Oñati (Gipuzkoa) eremu gorrian dago, eta jendea ezin da herritik atera. Emakume baten gorpua agertu da Sandailiko baselizan. Hango ur putzuan ugalkortasun erritual bat egiten ari zela hil zen: itota, erraiak husturik eta aurpegia maskara baten moldea egiteko erabilia zuela. Ane Cestero inspektoreak ikertu beharko du kasua. Ibon Martin idazlea da Aurpegien lapurra eleberriaren egilea, nobela beltzean ospea lortu duen donostiarra. 2023an argitaratu zuen, gaztelaniaz; bi urte geroago, Aiora Jaka itzultzaileak liburua euskaratu du, eta Elkar argitaletxeak eman du argitara. 

Arratsalde batean Oñatiko lagun batekin zerbait hartzen ari zela, adiskideak Oñatiko Sandailiko baselizan gertatutako istorioa kontatu zion. Orduan bururatu zitzaion Martini istorio hura liburu batean kontatzea. Pandemia garaian idatzi zuen, eta kontakizunean igarri da hori, pandemiako testuinguruan kokatzen baita. Martinek adierazi du eleberria idatzi baino lehen Oñati «ezagutu» behar zuela, eta, herrietatik atera ezin zitekeenez, gogoan ditu Oñatira egindako bidaiak: «Ni ezin nintzen Donostiatik irten, baina Oñatin lanean ari nintzela zioen baimen bat nuen. Ia egunero joaten nintzen hara; bazter bereziak ezagutu nituen».

Oñati lehendik ezagutzen zuen Martinek, baina bertako tradizioak gertutik ezagutu ahal izan ditu. Corpus eguna da horietako bat —Eliza katolikoaren jaia da, eukaristia ospatzeko—. Corpusak liburuan «berebiziko» garrantzia duela azaldu du Martinek. Bertan agertzen diren apostoluak maskara batzuekin daude, eta esan du horiek ere garrantzia dutela liburuan. Gogoan du libururako informazioa biltzen ari zeneko anekdota bat: «Corpusean maskara batekin ateratzera gonbidatu ninduten. Ez nintzen atera, baina gonbidatu moduan ikusi nuen. Uste dut tradizioa benetan sentitu edo sinetsi behar duzula bertan ateratzeko». Hala ere, ikuspegi «berezi» batetik ikusi zuen ospakizuna.

Liburua idazten «inoiz baino gehiago» gozatu zuela aitortu du, pandemia garaian izanda «berezia» izan zelako. Baina hori ez da arrazoi bakarra izan. Kaioen ordua eleberria aurkeztu zuen aurretik, eta harrera «ezberdinak» izan zituela azaldu du: «Hondarribiko alardea zen gai nagusia eleberri hartan, eta bertako jende askoren boikota jasan nuen. Ez zen batere aurkezpen polita izan niretzat». Oñatin, ordea, jaso duen babesa «zoragarria» izan da, azaldu duenez, eta jendeak «benetan» eskertu du liburua idatzi izana. Besteak beste, Arantzazuko fraide bat hilda agertzen da eleberrian, eta protagonismoa du istorioan: «Fraideek liburua irakurri dute, eta gustatu zaie». 

Euskarara itzulia

Aiora Jaka itzultzaileak Martinen hemezortzi liburu euskaratu ditu dagoeneko. Urte asko daramatzate elkarrekin lanean, eta jada elkar «ondo» ezagutzen dutela azaldu du idazleak: «Lehen Aiorak askotan galdetzen zidan: 'Eta honekin zer esan nahi duzu?'. Hainbeste liburu itzuli dizkit —helduentzat zein gaztetxoenentzat—, jada guztiz ulertzen du zer esan nahi dudan. Askotan pentsatu izan dut ea ez den aspertzen nire liburuak itzultzeaz, baina, egia esan, noizbait esango balit ez duela nire liburuak itzultzen jarraitu nahi, arazo handi bat izango nuke». 

«Askotan nabaritzen dut liburua hobetu egiten dela Aioraren eskuetatik pasatu ostean»

IBON MARTIN Idazlea

Martinek adierazi du euskarazko itzulpenak «ezberdinak» direla. Esan duenez, haren lanak alemanera edo errusierara itzultzen direnean, «ezin» ditu irakurri, baina Jakarenak, aldiz, bai: «Oso eroso sentitzen naiz Aiorarekin. Askotan nabaritzen dut liburua hobetu egiten dela Aioraren eskuetatik pasatu ostean». Batzuetan gaztelaniaz errepikapen batzuk sartzen dituela azaldu du, «istorioak hala eskatzen duelako». Baina euskaratutakoan ez direla ondo geratzen: «Aiorak errepikapen horiei buelta bat ematen die, eta zorroztu egiten ditu. Garbiago agertzen da euskaraz gazteleraz baino». 

Idazleak jakinarazi du laster Arima beltza eleberriaren euskarazko alea argitaratuko dutela. Bitartean, hurrengo lanean du jarria burua: «2027an argitaratuko dut hurrengo eleberria. Bizkaian girotuko dut. Nobela beltza izango da, baina ez da polizia nobela izango. Ane Cesteroren ibilbidea Arima beltza-rekin bukatuko da. Oraingoan mutil bat izango da protagonista; nire lehen mutil protagonista. Eta listo, honaino aurreratu dezaket».  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.