'TXIRRIKI-TXARRAKA'
Esanguratsua da hain argitalpen gutxirekin Amaia Egidazuk nola egin duen bere lekua euskal letretan. Dorotea ospetsuaren ondotik, haren jarraipen naturalarekin, hau da, Txirriki-txarraka honekin agertu da plazara.Â
Album ilustratua da, etzana (22x28 cm), collage teknikarekin egindako irudiz hornitua.
«Gure herrian bada ume bat bereziki trebea dena gauzak galtzen», halaxe hasten da kontakizuna eta honetantxe oinarritzen da ipuina: haur bat, etengabe gauzak galtzen dituena, hainbat opari eramatera joango zaiona amamari etxera, hura gaixo dago eta.
Orri-biko guztiek eredu bat eta bakarra dute, amaierako konponbidea iritsi bitartean. Testuari dagokionez, bi formula ditugu. Ezkerreko orrialdean galtzen dituen gauzen zerrenda egiten da, eta eskuinean amamaren bertuteak goraipatzen dituen formula agertzen da.
Dorotea ipuinaren antzekotasun asko topatu ditugu: zerrenda, gehikuntza, tentsio dramatikoaren pausokako igoera... Desberdintasuna amaieran dago, proposamen honetan mezu onbera batekin amaitzen baita, eta Dorotea mitikoan, berriz, bihurrikeria batekin ixten baitzen ipuina.