Erraz egiten du batek bidea haizea alde duenean. Haizea kontra duenean, ordea, kostata egiten du aurrera, ohi baino indar handiagoa erabili behar duelako. Zer gertatzen da, baina, haizearen kontra ibiltzea hautu bat denean? Azaroaren 13tik 15era Oiartzunen (Gipuzkoa) egingo duten bederatzigarren Hitzen Lihoa jaialdian galdera horren inguruan gogoetatuko dute; kultura eredu berriak azaldu, eta etorkizuneko kultura eredu desiragarri posible bat irudikatuko dute. Era berean, literatura eta bertsolaritza jarduerak ere egingo dituzte.
Harkaitz Canok emango dio hasiera jaialdiari, bihar, 19:00etan. Aurtengoarekin bat datorren manifestu bat idatzi du, eta hura irakurriko du Landetxe kultur aretoan. Segidan, Maite Larburuk emanaldia egingo du.Â
Larunbatean, 10:00etatik 13:00etara, kulturgintzaz gogoetatzeko saio irekia egingo dute Landetxen. Maialen Akizu, Edurne Azkarate, Paul Beitia eta Iratxe Retolaza izango dira parte hartzaileak, eta bi galderaren bueltan ariko dira. Batetik, «Herri kultura vs kultura garaikidea: eztabaida faltsua?» galdera abiapuntutzat hartuta, azken urteetan herri kulturari gehitu zaizkion ertz berriak errepasatuko dituzte, eta dikotomia hori bera eta haren ingurukoa ezbaian jarriko dituzte. Bestetik, galdera hau ere izango dute abiapuntu: «Ezkerra eta kulturgintza: Zein da ezkerraren kultur eredua?». Hari tiraka, hausnartuko dute ea zer kultur eredu proposatu beharko litzatekeen «ezker eraldatzailearen ikuspegitik», kontuan hartuta azkenaldian askotariko hausnarketei eman diela bide gaiak.
Goizeko hitzaldiaren ostean, kultura ereduak eta hausnarketak amaituta, arratsean, 19:00etan, Gartxot artistak kontzertua emango du Landetxen. Bizirik gaude birarekin egiten ari den kontzertuetako bat da, eta Garazi Esnaolarekin batera ariko da.Â
Igandean, berriz, literaturaren eta bertsolaritzaren txanda izango da. 10:00etatik 13:30era hirugarren Liburu Azoka Ttikia egingo dute, Kontzejupean. Aldi berean, 10:30etik 13:30era, Katixa Agirreren Berriz zentauro liburuaren irakurketa jarraitua egingo dute, Agirrek berak gidatuta. 14:00etan, bertso bazkari literarioa egingo dute, eta, jarraian, 16:00etan, bertso saioa Girizia elkartean. Maialen Lujanbio, Alaia Martin eta Aitor Servier izango dira bertsolariak, eta Katixa Agirre gai jartzailea.
Ostiraleko irekiera ekitaldirako zein Gartxoten kontzerturako sarrerak sarrerak.oiartzun.eus webgunean eskura daitezke. Larunbateko hitzaldian izena emateko eta igandeko bertso jardueretako sarrerak erosteko, aldiz, hitzenlihoa@gmail.com posta elektronikora idatzi behar da.