Hilberria. Joakin Berasategi

Auspoaren bigarren hauspoa

Juan Luis Zabala
2012ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Sendoa argitaletxearen sortzailea eta burua izan zen urte askoan Joakin Berasategi, eta argitaletxe horretan kaleratu zituen Antonio Zabalak Auspoa bilduma entzutetsuko liburuetako gehientsuenak. Urte askoan Antonio Zabalaren eta Auspoa bildumaren sostengu garrantzitsua izan zen Berasategi, Auspoaren bigarren hauspoa, Antonio Zabalaren ondoan beti. Atzo hil zen Joaquin Berasategi Mendizabal, 73 urte zituela, eta haren azken agurreko hileta elizkizunak bihar egingo dituzte, astelehenarekin, 19:00etan, Donostiako Artzain Onaren elizan.

Sendoa argitaletxea 1980an sortu zuen Berasategik, eta Auspoakoez gain bestelako liburuak ere argitaratu zituen, euskal kulturarekin lotuak denak. Zabala bezala, ahozko herri literaturaren maitale handia zen Berasategi ere. «Ahozko herri literatura oinarria da beste edozein literatura motarentzat», adierazi zuen Argia aldizkariak egindako elkarrizketa batean, 1995ean. «Ez da modaz pasatzen urteen joan-etorriarekin. Auspoa bilduma gabe ez dago Euskal Herriko benetako historia bat egiterik, bera baita herriaren eta nortasunaren kutxa. Horregatik ahozko literaturari ikusten diodan etorkizuna herriari ikusten diodana da».

Azken urteetan erretiroa hartua zuen Berasategik, eta Sendoak utzia zion Auspoa bildumako liburuak argitaratzeari. Orain Gipuzkoako Foru Aldundiak du bere gain ardura hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.