XII. Loraldia

Autotunearekin bertsotan

Gaur abiatuko da Loraldia jaialdia, Bilbon, 'Hezur berriak' bertso saio literarioarekin, eta ‘Itzali eta piztu’ bertso saio musikatua egingo dute bihar. Bertsolaritza eta musika elektronikoa uztartzen ditu emanaldi horrek. BERRIA da babeslea.

'Itzali eta piztu' bertso saioa, Deban. LORALDIA
'Itzali eta piztu' bertso saioa, Deban. LORALDIA
June Montero
2026ko martxoaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bertsotan hasiko da XII. Loraldia. Gaur egingo dute lehen emanaldia. Ane Labaka idazle eta bertsolariaren Hezur berriak liburuan oinarritutako emanaldiarekin abiatuko da festibala. Poemak, musika eta bat-bateko bertsoak tartekatzen ditu saioak, eta Labakaz gain, Musergo, Ainhoa Agirreazaldegi, Maialen Akizu eta Miren Amuriza ere batuko ditu oholtzan. Bihar arratsaldean izango da jaialdiko bigarren saioa: Itzali eta piztu (1TZ4L1 3T4 P1ZTU). Kasu honetan, zuzeneko musika elektronikoa eta bertsolaritza bateratzen ditu emanaldiak. Nerea Ibarzabal, Haira Aizpurua, Oihana Bartra eta Ekain Alegre arituko dira bertsotan, eta Idoia Anzorandiak egingo du gai-jartzaile lana. Musika, berriz, Manex Pagolak eta Libe Goenagak jarriko dute. Saioa Bilboko Kafe Antzokian izango da, 19:30ean, eta BERRIA du babesle.

Pagolak, Goenagak eta Aner Peritzek sortu zuten Itzali eta piztu, Lanku Bertso Zerbitzuen laguntzarekin. Iaz hasi ziren emanaldiak egiten, eta, ordudanik, Euskal Herriko hainbat plaza eta areto bete dituzte. Pagolaren aburuz, bertsolaritzari «erronka» berri bat jartzeko garaia heldu zen, eta horretan aritu dira iragan urtetik. «Bertsolaritzak urte askoan erakutsi du gaitasuna duela musika estilo pilo batera moldatzeko; jazz musikarekin eta erritmo latinoekin, adibidez. Baina musika elektronikoarekin bat-bateko bertso saioak egiten diren lehendabiziko aldia da». Bertsolaritzari erronka jartzeko, doinutegi berri bat osatu dute Pagolak, Goenagak eta Peritzek. Hamabost doinuko katalogo itxia, hain zuzen ere. 

«Bertsolaritzak urte askoan erakutsi du gaitasuna duela musika estilo pilo batera moldatzeko; jazz musika eta erritmo latinoak, adibidez. Baina musika elektronikoarekin bat-bateko bertso saioak egiten diren lehendabiziko aldia da»

MANEX PAGOLAMusikaria

Pagolak azaldu du musika elektronikoa ez dela soinu edo estilo zehatz bat, baizik eta «sortzeko modu bat». Tresneria elektronikoa «instrumentu» gisa darabiltela azaldu du, eta erritmo azkarrak, mantsoak, akordeak, harmoniak eta doinuak egin daitezkeela harekin. 

Beraz, emanaldietan tresna horiekin sortutako musikaren gainean aritzen dira bertsotan. Baina horrek ez du esan nahi estilo jakin batera mugatzen direnik. Doinuak askotarikoak dira: hala nola, cumbia, reggaea, reggaetona, baladak eta popa. Besteak beste, Rodrigo Cuevasen Xiringüelu abestiaren edo Bad Bunnyren Lo que le pasó a Hawaii abestiaren bertsioak daude Itzali eta Piztu ikuskizunaren doinutegian.

Musika berria ez ezik, bertso doinutegi tradizionaleko melodien moldaketa elektronikoak ere egiten dituzte. Doinu berriak bertsolaritzara ekartzea eta doinu tradizionalei erritmo berria ematea izan da helburua, Pagolaren esanetan. 

Hamabi bertsolari

Entseguak egitea izan da Itzali eta piztu sortzeko gakoa. Lehen urratsa «erritmoak bilatzea» eta «doinuak osatzea» izan zela azaldu du Pagolak. Hori egin ostean batu ziren proiektura bertsolariak eta gai jartzaileak. Gaur egun, hamabi bertsolarik eta hiru gai jartzailek osatzen dute taldea. «Talde plural bat egiten saiatu ginen, generoa, lurraldetasuna, adina eta pentsaera politikoa kontuan hartzen zituena; baina, aldi berean, taldeak txikia izan behar zuen, bertsolariek doinu berriak ikasi behar zituztelako eta autotune pedala erabiltzera ohitu behar zutelako». Lehen bi entseguak itxiak izan ziren arren, berehala hasi ziren jendaurrean probak egiten. Eta pozik geratu ziren emaitzarekin.

Hasieran eztabaidak ere izan zirela aitortu du Pagolak. Sortzaileen artean. Autotuneagatik. Iritzi kontrajarriak zeuden arren, autotunearen aldeko apustua egin zuten, eta bertso saioetan «etenik gabe» eta «topera» jartzen dute. Musika elektronikora hurbiltzeko elementu «estetikoa» da, Pagolaren aburuz.

«Bertsolarientzako proposamen berriak oholtzaratzeko nahia sortu zitzaidan. 'Itzali eta piztu' gertu ez ditugun errealitateetara hurbiltzeko aukera da. Ohikoak ez diren rolak planteatu, iruditeria berriak sortu eta jolasteko lekua»

IDOIA ANZORANDIAGai jartzailea

Idoia Anzorandia da taldeko hiru gai jartzaileetako bat, eta bera arituko da bihar Bilboko saioan. Emanaldiaren berritasunek ohiko jardunetik atera dutela onartu du. «Bertsolarientzako proposamen berriak oholtzaratzeko nahia sortu zitzaidan. Itzali eta piztu gertu ez ditugun errealitateetara hurbiltzeko aukera da. Ohikoak ez diren rolak planteatu, iruditeria berriak sortu eta jolasteko lekua». Lana «polita» den arren, erronka bat ere bada, gai jartzailearen esanetan.

Saio bakoitzean gai jartzaile bakarra dago, baina taldean lan «handia» egiten dutela azaldu du Anzorandiak: «Ideiak konpartitu eta proposamenak kontrastatzen ditugu, eta gaiak errepikatzea saihesten dugu». Ainhoa Larretxea eta Ainhoa Urien dira beste bi gai jartzaileak, eta hiruren artean aukeratzen dituzte gaiak. 

Musikaltasuna

Saio hauetan, gaia ez ezik, gai horiek kantatzeko doinu zehatza ere proposatzen die gai jartzaileak bertsolariei. Hortaz, doinua bera gaiaren parte bihurtzen da. Hori da Itzali eta piztu bertso saioaren beste bereizgarrietako bat. Horregatik, gaia aukeratzerakoan musikaltasunari ere kasu egiten diotela azaldu du Anzorandiak. 

Emanaldiak bertsolaritzaren mundura eskuarki hurbiltzen ez den publikoa erakartzen duela azaldu du Anzorandiak. Baina, berezitasunak berezitasun, formatua ohiko bertsozaleentzat ere badela argudiatu du. «Dena ez da ez berritzailea, ez apurtzailea: dena ez da jolasa; hausnarketarako lekua ere ematen du bertso saioak». Bertsolariak eta entzuleak eroso sentiarazi nahi dituztela azaldu du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA