Bartzelonako aldirietako auzoa da Vallbona, garraio azpiegitura handiek hesitua, naturaren eta eraikin xume nahiz bloke handien artean kokatuta dagoena. Han bizi dira auzoan bertan jaiotako familiak, 36ko gerraren ondoren Kataluniara iritsi zen migrazio handiaren ondorengoak eta azkeneko urteetan bai hirigunetik bai beste herrialde batzuetatik iritsitako herritarrak. Eta norbanako bakoitzak bere iragana, kezkak eta ametsak dituen arren, guztiek dute auzo baten parte izatearen sentimendua. Baita auzoaren borroka ugarien memoria ere.Â
Jose Luis Guerin zinema zuzendariak (Bartzelona, 1960) ez-fikzioa izan du bere lanaren ardatz nagusia ibilbide osoan —nahiz eta fikzioaren eremuan ere egin dituen sartu-irtenak—, eta esparru horretan kokatzen da Historias del buen valle bere azkeneko filma ere. Guerinek azkeneko Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu zuen pelikula, eta Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zuen bertan. Zinemagileak orduan azaldu zuen bazter utzitako auzoen inguruan Bartzelonako MACBA museoak egin zion enkargu bat izan zuela filmak abiapuntu: «Pieza amaitu ostean, aurrera segitzeko beharra sentitu nuen; sentitu nuen auzo horrek modu sakonago batean ukitzen ninduela».Â
Izan ere, enkargu baten ondorioa izan edo ez, bere lan egiteko moduak proiektuarekiko «inplikazioa» izatea eskatzen dio Guerini: «Niretzat garrantzia duen bakarra inplikazioa da, nola egiten duzun ideia zeure, begirada propioaren bidez. Proposatzen dizuten hori ez da gai bat, eremu bat da; gaia zuk zeuk aurkitu behar duzu».
Filmean hamaika lagun ageri dira, horietako asko kamerari berari azaltzen zein diren euren kezkak, nahiak, beldurrak eta ametsak, baina badira, era berean, mahai baten inguruan sortutako solasaldiak eta baita kantu eta dantzak ere. Testigantzen eta momentu horien guztien bitartez eraiki du Guerinek auzoaren mikrokosmosa. Zuzendariak azaldu duenez, proiektuan parte hartu nahi zuten bizilagunak biltzeko deialdi bat egin zuten auzoko eskolan, eta orduan egindako elkarrizketetan auzotarrek eurek eman zizkioten filmerako ideia asko. «Auzo honetan oso zaila da gauzak ikustea, ezpada bizilagunen begiraden bidez».
Memorien batuketa
Elkarrizketa horien bitartez ikusi zuen zinemagileak auzoaren memoriaren parte bat galduz joan dela beste bat eraikiz joan den bitartean. «Auzoa eraikiz doa, eta, horrekin batera, identitate bat ere eraikiz doa. Hala, bata bestearen gainean batuz doaz jatorrian han zeuden nekazarien memoriak, gerraostean etorritakoenak, eta XXI. mendean iritsitako migratzaileenak. Eta Vallbonan horrexek liluratzen nau: memorien batuketa gisa ikus dezakezula auzoa».
Guerinek gertutik filmatu ditu auzotarrak, filmean Vallbonaren «giza paisaia» ahalik eta modu «bidezkoenean» islatzeko asmoz. «Nire kezka zen auzoaren irudi justu bat ematea, auzoaren problematika ezberdinak agertuko zituena».
Zinemagile katalanak 1983an estreinatu zuen bere lehenengo filma, Los motivos de Berta, eta orduz geroztik beste hainbat film egin ditu: Innisfree (1990) —John Forden The Quiet Man filmari eginiko omenaldia da—, Tren de sombras (1997), En construcciĂ³n (2001) —hori ere Bartzelonako auzo bati buruzkoa—, En la ciudad de Sylvia (2007) eta abar.
'Historias del Buen Valle'
Zuzendaria: Jose Luis Guerin. Gidoilaria: Jose Luis Guerin. Argazkia: Alicia Almiñana. Herrialdea: Herrialde Katalanak. Iraupena: 122 minutu. Estreinaldia: Gaur estreinatuko da Ipar Euskal Herrian.
Beste estreinaldi batzuk:

'ARO BERRIA'
Zuzendaria eta gidoigilea: Irati Gorostidi. Aktoreak: Maite Mugerza, Oscar Pascual, Aimar Uribesalgo, Edurne Azkarate. Herrialdea: Euskal Herria. Iraupena: 102 minutu.
Ur kontagailuen fabrika bateko langileak batzartu egin dira azkenean aurrera egingo ez duen greba bati buruz eztabaidatzeko. Desengainatuta, inkonformistenek eremu intimoagoetara bideratuko dituzte errotiko transformaziorako dituzten nahiak. Batzuek fabrika utziko dute, eta mendietako komunitate bakartu batean integratu. Irati Gorostidik Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuen filma, Zuzendari Berriak sailean.
'FRONTERA'
Zuzendaria: Judith Colell. Gidoigileak: Miguel Ibañez eta Gerard Gimenez. Aktoreak: Miki Esparbe, Bruna Cursi, Asier Etxeandia, Maria Rodriguez. Herrialdea: Herrialde Katalanak. Iraupena: 101 minutu.
1943. urtea da, eta, Europako gerra bere garairik gogorrenean dagoenean, Francisco Franco diktadoreak nazien errepresiotik ihesi doazen juduen pasabidea blokeatu du Pirinioetan. Mugako herri bateko aduanan, Manel Grauk, iraganean errepublikazalea izandako funtzionario batek, aginduak ez betetzea erabakiko du, Julianaren eta Jerome kontrabandistaren laguntzarekin.
'KEEPER'
Zuzendaria: Osgood Perkins. Gidoigilea: Nick Lepard. Aktoreak: Tatiana Maslany, Rossif Sutherland, Kett Turton, Erin Boyes. Herrialdea: AEBak. Iraupena: 99 minutu.
Bere urteurrena ospatzeko, bikote batek asteburu erromantiko bat igaroko du etxola bakartu batean. Malcolm (Sutherland) bat-batean hirira itzultzen denean, Liz bakarrik geldituko da, eta etxolaren sekretu izugarriak agerian uzten dituen gaizkia azalduko zaio. The Blackcoat’s Daughter (2015) filma zuzendu zuenetik, beldurrezko generoa landu du, batik bat, Osgood Perkinsek.