Poesia izan liteke emozioak azalera ekartzeko tresna bat. Azalak ere izan lezake poetiko egiten duen zer edo zer. Poesia eta azala, bien arteko lotura azaleratzeko asmoz antolatu dute Oiartzungo (Gipuzkoa) Poesia Eguna 1545 argitaletxeak, Hitzen Lihoa elkarteak eta Metrokoadroka kolektiboak, elkarlanean. Biharko egun osorako egitaraua prestatu dute, Oiartzungo Udalaren eta herritarren laguntzarekin. Poesia ardatz hartuta, askotariko diziplina artistikoak uztartuko dituzte.
Aurten plurala kendu nahi izan diote proiektuari, eta egitarau osoa egun bakarrean bildu. Izan ere, «Euskal Herriko poeten edo poesiazaleen topagune bat izateko bokazioarekin» antolatu dute jardunaldia, Goiatz Labandibar idazle eta antolaketa taldeko kidearen esanetan. Dena den, azken asteotan ere «poesiaren etorrera performatu» dute, Orgasmo izeneko gazte sortzaileen kolektiboaren laguntzaz —kotxe-karabana batekin eguna iragartzen aritu dira—. Horrez gain, bidalketa masibo bat ere egin dute Oiartzungo etxe guztietara: bost poetak poesiari idatzitako gutun bana eta bost ilustratzailek azalaren inguruan sortutako postal bana iritsi dira bizilagunen buzoietara. Gutunen egileak Iñigo Astiz, Hedoi Etxarte, Miren Agur Meabe, Ixiar Rozas eta Leire Vargas izan dira; ilustratzaileak, berriz, Malen Agirre, Udane Ansa, Allende Arnaiz, Arkaitz Barriola eta Idoia Beratarbide.
Ibilbide poetiko batekin ekingo diote jardunari, etzi, 11:00etan, Ugaldetxo auzoan. Urtez urte egitura eta sendotasuna hartuz joan den ekintza bat dela eta aurtengoan ere formatu bera izango dutela azaldu du Labandibarrek: «Hiru gune daude; lehen bi guneetan, herriko irakurle boluntarioek poesia bana irakurriko dute». Azken gunean, berriz, zehaztu du iazko alditik hona argitalpenen bat plazaratu duten poetak ariko direla beren azken lanetako bat irakurtzen. Arantzazu Lizartza, Ione Gorostarzu, Peio Iturralde eta Maria Oses arituko dira aurten gune horretan.
Azala, baina ez azaletik
Eguna azalaren inguruan antolatu duten arren, antolatzaileek bestelako gai eta auziak ere jorratu nahi dituzte. Halaxe azaldu dute ohar batean: «Poesiaren bitartez elkarlana eta kritika soziala ekarri nahi ditugu plazara, ez modu azalekoan, baina bai egungo jendartearen eta kulturgintzaren kezkak azaleratuz».
Hain zuzen ere, kezka horiek azaleratzeko xedez egingo dute Poesian oinarritutako kultur ekimenak: badago sarerik? mahai ingurua, 17:00etan, udaletxeko areto nagusian. «Gure artean bazegoen kulturaren inguruko hausnarketa oso bat, zer den kultura egitea eta poesia egitea, eta nola batzuetan baden guztiari kontra egitea, batez ere euskaraz egiten duzunean», nabarmendu du Labandibarrek. Hala, Euskal Herrian poesiaren inguruan antolatzen diren beste ekitaldi batzuetako kideak gonbidatu dituzte, hala nola Hernaniko Kale Literaturakoak eta Hatsa elkartekoak. Asmoa da kolektibotasuna, kultura eta poesia uztartzea eta «hausnarketarako» tarte bat eskaintzea.
«Poesia Egunean, herriko sortzaileei enkargu bat egin nahi izan diegu aurten ere, ez poesiarekin zerikusi zuzena duten sortzaileei, baizik eta sorkuntza oso modu zabalean ulertuta»
GOIATZ LABANDIBARÂ Idazlea
Oiartzungo Poesia Egunak, gainera, badu berezitasun bat, Labandibarren esanetan: «Herriko sortzaileei enkargu bat egin nahi izan diegu aurten ere propio egun horretarako, ez poesiarekin zerikusi zuzena duten sortzaileei, baizik eta sorkuntza oso modu zabalean ulertuta». Hala, aurten, gaia aitzakia hartuz, arratsaldeko errezital poetiko musikatuan zuzeneko tatuaje saioa ere egingo dute, Irati Guarretxena Le Titare artistaren eskutik. «Hori momentuan gertatuko den zerbait da; jendeak performance hori ere ikustea nahi genuen, nola egiten duen tatuaje bat», azaldu du antolatzaileak. Gainera, poema zatiak tatuatuko ditu horretarako izena eman dutenen azalean. Saioa Arizmendieneko lorategian izango da, 18:30etik 20:30era.
Antolatzaileek egunpasarako gonbidapena egin dute, goiz-goizetik «poesiaz, eguraldiaz eta euskal sorkuntzaz» gozatzeko. Biharko eguna elkargune bat izatea nahi dute, Euskal Herri osorako «bilgune bat» poetentzat eta poesiazaleentzat. Ekintza guztiak doakoak izango dira.

Kalea kulturgune
Proiektuaren jatorria pandemia osteko udan dago. 2020an ezin zen ezer antolatu, baina udalak kalean zenbait kultur egitasmo egiteko deialdi bat zabaldu zuen. Hala sortu zen Kulturabirusa izeneko uda osorako egitaraua, eta haren barruan, lehenengo Ibilbide Poetikoa. «Dinamika hori amaitu egin zen, baina hor taldetxo bat ginen, eta erabaki genuen oso ondo atera zela, oso polita zela eta oso harrera ona zuela. Gainera, poesiak ez zuen beste kultur adierazpide batzuek zuten adinako tokirik», azaldu du Labandibarrek.
Eako Poesia Egunak ere 2018az geroztik ez ziren antolatzen, eta haiek nolabait bizirik mantentzeko edo haien lekukoa sinbolikoki hartzeko modu bat ere izan ziren Oiartzungoak.
EGITARAUA
Uztailak 4, larunbata
- 11:00etan: Ibilbide poetikoa Ugaldetxo auzoan barrena, futbol zelaian hasita. Herriko poeta eta irakurleak, eta Arantzazu Lizartza, Ione Gorostarzu, Peio Iturralde eta Maria Oses.
- 17:00etan: Poesian oinarritutako kultur ekimenak: badago sarerik? mahai ingurua, udaletxeko areto nagusian. Parte hartzaileak: Hernaniko Kale Literatura, Hatsa elkartea, Azpimarra, Balea Zuria, Lekeitioko Irailekoak poesia jaialdia. Gidaria: Oiartzungo Poesia Eguna.
- 18:30ean:Â Errezital poetiko musikatua, Arizmendieneko lorategian. Oihana Arana, Leire Bilbao, Itxaro Borda, Jon Garmendia Txuriya. Xabi Belaunzaran, Julen Etxebeste eta Oihan Gastesik musikaz lagunduta. Tarte berean,18:30etik 20:30era: Le Titareren eskutik, zuzeneko tatuaje saioa.
- 21:00etan: MICEren kontzertua, Arizmendieneko lorategian.