Azaroaren 2tik 23ra egingo dute Azpeitiko Antzerki Topaketen 41. aldia

AEK-Korrika kultur sorkuntzarako beka eskuratu zuen 'Badon*' obra aurrestreinatuko dute. Azpimarra berezia jarri dute eskola antzerkian

Artedramaren Hondamendia antzezlaneko irudi bat. BERRIA.
Jone Bastida Alzuru.
Azpeitia
2023ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Antzerkiz blaitu ohi da azaroan Azpeitia (Gipuzkoa), eta Euskal Antzerki Topaketen 41. aldia egingo dute aurten, azaroaren 2tik 23ra bitarte. Dozena bat emanaldi baino gehiago izango dira ikusgai. Salbe, publikoa antzezlanarekin abiatuko dira topaketak, eta Badon* obrak itxiko du egitaraua. Horiez gain, besteak beste, Artedramaren Hondamendia, Eromenen Higa, Giltxikaro taldearen Identitarteak eta Ados Teatroaren Lagun beltz asko obrak ere izango dira.

Egitarau zabala osatu dute antolatzaileek, eta Badon* obran jarri dute batez ere azpimarra. Kulturaz kultur kooperatibak atondutako sormen egonaldietan ondutako pieza bat da. Korrikak eta AEK-k antolatutako kultur sorkuntzarako beka irabazi zuen iaz, eta Korrika Kulturalaren egitarauaren barruan aurkeztuko dute. Azpeitiko antzerki topaketetakoa, beraz, aurrestreinaldia izango da. Proiektuaren inguruko xehetasunak eman ditu Marina Suarez zuzendariak, eta lan «kolektiboa» dela azaldu du. Opera du abiapuntutzat: «Euskal erreferenteak hartu eta berrikusi ditugu, eta gure terrenora eraman ditugu bidaia edo genealogia berri bat sortzeko». Diziplina anitzeko «artefaktu» gisa definitu du lana; besteak beste, musika, dantza, hitza, irudia, poesia eta koplak biltzen ditu. «Publikoarekin lehen aldiz testatzeko erronka izango da».

Dinamoa sormen gunean, Soreasu antzokian eta kalean izango dira ikusgai antzezlanak, eta sona duten euskal konpainien obrak, talde amateurren emanaldiak nahiz gaztetxoen lanak aurkeztuko dituzte. Hala azaldu du Aitor Bengoetxea Kulturaz kooperatibako kideak: «Euskal Herriko antzerkigintzan profesionaltasuna eta baldintza duinak bultzatu nahi ditugu, baina betiere nondik gatozen ahaztu gabe, eta nola lotzen diren herria eta sormena. Horretan ere jarri dugu keinu bat, eta saiatu gara obra amateur edo herrikoi horiek sartzen».

Horrez gain, «garrantzi berezia» eman diote aurten eskola antzerkiari; hainbat antzezlan eskainiko dituzte Azpeitiko, Errezilgo (Gipuzkoa), Amezketako (Gipuzkoa) eta Bermeoko (Bizkaia) eskoletako ikasleek, eta gaztetxoentzako Eidabe antzerki taldearen Piztu! EmakumeON energia lana ere izango da ikusgai. Garazi Lazkano Kulturaz kooperatibako kideak adierazi du antzerkigintzarako «zaletasun ikaragarria» dagoela gaztetxoen artean: «Horren adibide garbia da Kulturaz-ek urte osoan dituen antzerki tailerrak». Horiek horrela, Xanti Agirrezabala antzezle eta antzerki tailerretako dinamizatzaileak esan duenez, «guztiz indarberrituta» dator aurtengo eskola antzerkien egitasmoa. «Antzerki topaketetan barne hartzen den aste bat izaten da, non gaztetxoak izaten diren taula gainean dauden antzezleak zein taulaz kanpo ikusten ari direnak».

Haren ustez ere, antzerkigintzarako zaletasuna dago herrian, eta bide bat izan daiteke hori etorkizuneko ikusle zein antzezle berriak sortzeko. Hortik jo du Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak ere: «Aurtengo topaketetan garrantzi berezia eman zaio eskola umeen antzerkigintzari, askotan lehen hartu-emana izaten dutelako horrelako topaketen bidez, eta garrantzitsua delako etorkizuneko antzerkizaleak eta antzezleak ere formatzea». Aitor Bengoetxea Kultura batzordeburuaren arabera, berriz, garrantzitsua da azpimarratzea euskaraz izango direla antzerki guztiak.

Txotxongiloak

Izango du bestelako berezitasunik ere aurtengo aldiak. Tolosako Topic zentroarekin elkarlanean, txotxongiloen inguruko erakusketa eta tailer bat izango dira —doakoa izango da tailerra, baina aurrez eman beharko da izena—. Gustura agertu da Bengoetxea: «Beti saiatzen gara zerbait sartzen, inguruko eragileekin gauzak egiten. Oraingo honetan, Txotxongiloen Nazioarteko Zentroarekin, Tolosako Topic-ekin, elkarlan bat hasi dugu. Uste dut bide baten hasiera dela». Eragileak elkarrekin aritzea garrantzitsua dela uste du Kulturaz kooperatibako kideak, eta haren arabera, euskarazko antzerkigintzak eta Euskal Herriko antzerkigintzak behar handia dute konplizitate horiek izateko.

Antzerki topaketen inguruko informazioa ikusgai dago haien webgunean: www.antzerkitopaketak.eus. Sarrerak ere salgai daude dagoeneko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.