Literatura

Azken lanetik hamar urtera, seigarren poema liburua kaleratu du Amaia Lasak: ‘Lur arrotzak’

«Gizartearen zauriak» azaleratu ditu Lasak azken lanean, itsasoa ardatz hartuta; besteak beste, transexualitatearen, feminismoaren eta gerren inguruan idatzi du.

Amaia Lasa Alegria, poema liburu berriaren aurkezpenean, gaur Donostian. JON URBE / FOKU
Amaia Lasa Alegria, poema liburu berriaren aurkezpenean, gaur Donostian. JON URBE / FOKU
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
Donostia
2026ko ekainaren 3a
16:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Itsasotik idazten du Amaia Lasa Alegriak (Getaria, Gipuzkoa, 1948), «ikaragarri» maite baitu. Kostaldean bizitzeak ere badu zerikusirik horretan. Eta horixe izan du ardatz nagusi bere poema liburu berrian ere, itsasoa; hortik abiatu da gizarteko hainbat auzi jorratzeko. Lur arrotzak du izenburu ondu duen lanak, eta «itsasoaren sakonetik gizartearen zaurietaraino» egin du bertan, idazleak berak azaldu duenez.

1971n argitaratu zuen lehen poema bilduma, Mikel Lasa anaiarekin batera: Poema bilduma. Beste lau poesia liburu argitaratu zituen ondotik —Hitz nahastuak (1977), Nere paradisuetan (1979), Geroaren aurpegia (2000) eta Itsasoko izaki (2010)—, eta, tartean, baita narrazio liburu bat ere —Malintxearen gerizpean (1988)—. Orain arteko azken lana, berriz, 2016an argitaratu zuen: Barne iraultzen loraldia. Zenbait komunikabidetan argitaratutako artikulu eta zutabeak bildu zituen bertan.

Frankismo garaian hasi zen Lasa poesia idazten, eta azaldu du zentsura zela-eta «mugatua» sentitu zela zenbait gai jorratzeko. Hala ere, argitu du poesiaren arloan ez zutela eskurik sartzen, eta, hortaz, «berdin-berdin» idazten jarraitu zuela. Kaleratu berri duen poema liburuan, berriz, transexualitateaz, feminismoaz eta munduko hainbat gerraz hausnartu du; «bizi dugun egoerak hala eskatuta», zehaztu duenez. Eta gehitu du hortik datorrela liburuaren izenburua ere: «Mundu arrotz batean sentitu nintzen, ezagutzen ez nuen mundu batean, eta ez nekien nora nindoan. Bizi dugun egoerak emandako hitzak dira lur arrotzak». Bilduman ere badago izen bereko poema bat, eta hauxe du hasiera: «Guk laua dakusagun/ planeta biribil hau/ ez da berdina denontzat,/ mugatua askorentzat,/ maila igoezin ugari/ gehienentzat.// Negu gorrian heldu nintzen eremu arrotz honetara.// Nire bihotz urratuaz/ zauriz betetako/ bideak zeharkaturik,/ galdezka/ atzean utzitakoari buruz,/ eguzki erreinuen ferekak soilik/ geratu ziren han».

Liburuaren azala ere deigarria da: itsasertza ageri da, eta elastiko gorri-gorri bati tiraka dabiltza bi kaio. Ez da ausaz erabakitako irudi bat; izan ere, Uxue Razkin editoreak azaldu du biral egin zen argazki baten isla dela: «2015ean Mediterraneoan itota hil zen 3 urteko umea da argazkikoa: Aylan Kurdi. Siriako gerratik ihesi zihoan amarekin eta anaiarekin batera». Hain zuzen, ume hari eta Ahmed Dawasbshe haur palestinarrari poema bat eskaini die Lasak bilduma berrian, eta honela dio: «Kurdua bata/ Palestinarra bestea,/ askori lez,/ lur honetako paradisu aginduak/ deseginik/ zuhaitz guztietako fruituak debekatu dizkizuete.// Bizitzaren egunsentian/ eguzkiaren erreinu bero, goxoen laztanak/ urrun aurkitu dituzue».

Ahots aitzindarietako bat

Euskal literaturan sona handiko izena da Lasarena, Arantxa Urretabizkaiarekin eta Itxaro Bordarekin batera ahots aitzindarietako bat baita emakume idazleen artean. «Amaia Lasa heldu zen arte, emakumeak ez zeukan leku propiorik gure literaturan», idatzi zuen Koldo Izagirrek 2001ean, XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman Lasari eskainitako liburukian. «Ez da harritzekoa, beraz, Amaia Lasak 'a e i o u berri bat' asmatu nahi izana, bere lehen poema liburuan dioen bezala. Ezerk ez zion balio, artean egindakotik. Dena zeukan zerotik eraiki beharra. Zentzu horretan, Amaia Lasaren poesia fundazionala da, gerora garatu den emakumezkoen literatura baten aldarria, laudorio faltsu guztien dekoratua suntsitzeko behar zen aurreneko mailukada. Bera da gure literaturaren lehen emakumea, berak dakarrelako lehenengoz emakumea gure letretara».

Lasak aitortu du 1969an lehen poemak idazten hasi zenean berak ez zuela bere burua aitzindaritzat: «Zu bakarrik idazten ari zaren momentuan ez dakizu aitzindari izango zaren edo ez. Pentsatzen zenuen gauza bakarra zen ea onartua izango ote zinen». Izan ere, azaldu du «gizonen mundua» zela euskal poesia. «Orain dela gutxi ezagutu ditut, adibidez, gerra aurreko emakumezko poeta batzuk. Gizonen izenak, berriz, oso zabalduta zeuden». Horregatik, feminismoaren garrantzia azpimarratu nahi izan du: «Idazten hasi nintzenean, nik banekien bereizketa bat zegoela gizonen eta emakumeen artean, baina ez nekien azaltzen. Feminismoari esker lortu dut azalpen hori».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA