Hasi dira Hatortxuren azken akordeak

Hatortxu Rockek abiatu du bere 30. aldia eta azkena. Lakuntzako alkateak «ohore handitzat» jo du presoen elkartasunerako jaialdia Sakanako herri horretan ospatzea. Tapia eta Leturia, Les Testarudes eta Ibil Bedi taldeek estreinatu dute jaialdia.

Hatortxu Rock jaialdia hasteko ekitaldia. BIZIPOZTU
Hatortxu Rock jaialdia hasteko ekitaldia. BIZIPOZTU
joxerra senar
Lakuntza
2025eko uztailaren 24a
20:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez dago suziririk, baina Lakuntzako (Nafarroa) plazan kanpaiak jo eta ke ari dira. Bostak puntuan. Amaitu dira prestakuntza lan amaigabeak, eta akitu dira Hatortxu Rockeko antolatzaileen urduritasunak. Plaza mukuru da, eta bertan haurrek herriko erraldoi eta buruhandiei erreparatzen diete. Arreta, baina, plazako oholtzara zuzendu da. Haren azpian, Lakuntzako dantzariek ikurrina astindu dute, eta jarraian aurreskua dantzatu. Jaiak dirudite, baina ez dira. Badator, hemen da Hatortxu Rock.

Azkena izango da, eta Oihane Uribeetxebarria Lakuntzako alkatearen lehen hitzetan ere nabari da 30. aldiaren itzala. «Ohorea da elkartasun jaialdi hau gure herrian hartzea». Lakuntzan bertan hirugarren aldia du Hatortxuk, eta ohoretzat hartu du azken edizioa bertan ospatzea. «Horrelako esperientzia gutxi izango dira munduan, eta gu horren parte izatea ohorea da bene-benetan». Hala, Uribetxeebarriaren ustez, azken edizioa «berezia, eredugarria, ikusgarria» izango da. Eta, akaso, baita hunkigarriena ere.

Ezinbestean, jaialdia posible egin duten txandalari guztiei esker on hitzak zuzendu dizkie; azken finean, aurkezleetako batek gogora ekarri du antolakuntza hitzak Lakuntza duela bere barruan. Gogora ekarri dute, era berean, Hatortxu Rock euskal presoak, iheslariak eta errefuxiatuak etxeratzeko helburuarekin sortu zela, eta xede hori ez dela erabat gauzatu, «nahiz eta pauso handiak eman diren». Astelehenetik aurrera lanean jarraitu beharko dutela azpimarratu dute, «denak etxera ekarri arte». Diskurtsoak amaituta, Barniz taldeko kideak igo dira oholtzara, hip-hop doinuan, eta plaza guztia dantzan jarri da, batera kantuan: «Txandalero, txandalera, txandalari...»

(ID_17533810048645) hatortxu rock
Barniz taldeko kideak, aurkezpenean. BIZIPOZTU

Tapia eta Leturia

Halaxe hasi da ofizialki Hatortxu Rock, baina beharbada, egiazki, ordubete beranduago hasi da, Beriain gune erraldoiaren azken ertzean. Estalpean dagoen agertokira bi klasiko igo dira, beste bederatzi musikariz inguraturik —hiru abeslari eta gitarra, organo, saxofoi, tronpeta eta tronboi jotzaileak—: Tapia eta Leturia. «Ongi etorri BBK Livera», esan du Joseba Tapiak, umorerik galdu gabe. Xabier Berasaluze Leturia-k eta biek 41 urte daramatzate elkarrekin. Akordeoia eta panderoa astintzearekin batera, gainerako instrumentuez lagundurik, hutsik zegoen ingurunera jendetza erakarri dute. Hasieran, ezker-eskuin mugitzen ziren gorputzak, lotsati, baina berehala dantzan jarri dira lehen arin-arin eta porrusalda jotzearekin batera. Compostelako erromesa kantuak, berriz, eremua kanta betean jarri du; Hatortxu berotzen hasia zen seinale.

Beriain mendi tontorraren begiradapean dago izen bereko gunea, eta lau oholtza handi daude. Hator Hator izenekoan, Kataluniako Les Testarudes taldearen ska eta reggae doinu akonpasatuek arratsaldeko ordu horretarako aproposak dira. Nuria Pino abeslariak hurrengo kanta aurkeztu du: Amore. «Erlaxatuagoa da, erromantikoagoa», dio katalanez. Lasai hasi bada ere, badu bere indarra. Les Testarudes taldeak, gainera, badu zerbait berezia, musikaren eskaintzan ez hain ohikoa: bederatzi kideak emakumeak dira, eta, Tapia eta Leturiaren modura, musika instrumentu ugari dituzte.

(ID_15173180) (aitor Karasatorre/@FOKU) 2025-07-24, Lakuntza. Hatortxu Rock jaialdia
Tapia eta Leturia gaurko kontzertuan. AITOR KARASATORRE / FOKU

Adin guztientzat

Lehen kontzertu horiek hasi aurretik, Galder Elordui Beriain gunea esploratzen ari da bikotekidearekin batera: «Gure asmoa? Ea ez dugun gaur gehiegi ematen, eta ea hiru-lau egunak aguantatzen dugun». Goizean etorri dira Algortatik (Bizkaia), eta lehen aldia dute Lakuntzan: «Sekulakoa iruditzen zaigu antolakuntza», nabarmendu du. 

Karmele Molinak eta Ricardo San Martinek familia guztia ekarri dute Lizarratik (Nafarroa), eta gogora ekarri dute «elkartasun jaialdia» dela Hatortxu. Izaera hori galdu gabe, adin guztietako pertsonentzako eskaintza pentsatua dute antolatzaileek, eta bihar, kasurako, aukera baliatuko dute mendira joateko, txango batean. «Hasierako edizioetan Berriozarren izan ginen, baina Lakuntzan lehen aldia dugu», aipatu dute.

Laia Etxandi eta Intza Pagola boluntarioek Hernanin (Gipuzkoa) izena eman zuten, eta segurtasun lana egokitu zaie. «Jaialdiak bere horretan jarraituko du, eta gure lana izango da funtzionamendu hori ongi dabilela bermatzea». Aipatzekoa da sexu erasoen berri emateko telefono bat dagoela, eta kartelak nonahi ikus daitezkeela. Hasierako mezuetan ere argi esan dute jaialdia elkar errespetatuz gozatzeko dela, eta erasotzaileak ez direla ongi etorriak.

Aitor Agirrezabal da antolatzaileetako bat. Gogora ekarri du «buru-belarri» dabiltzala lanean urte hasieratik, eta azken bi hilabeteetan lantalde bat «Lakuntzan bertan izan da bizitzen». Aparkalekuak, garbitasuna, informazio eremuak, jateko eta edateko eremuak, sarrerak erosteko leihatila, kanpalekua... Deigarria da dirua eskumuturrekoetan kargatzen dela eta horrela ordaintzen.

Lakuntzarrak, berriz, pozik daude, nahiz eta aurretik eta egunotan Hatortxuren eragina asko nabaritu. «Lan asko dago atzean, baina ikusita elkartasuna eta antolakuntza, pozik gaude, oso ondo antolatuta baitago», nabarmendu du Joxe Ramon Garinek. Lakuntzako Herri Eskolako Zarata txarangan haur zein helduak daude, eta jaialdiaren hasieran kaleak girotu dituzte. Hatortxu Rock jaialdi erraldoia bada ere, Lakuntzarekin orekan egiten du aurrera. Prestaketak amaitu dira, eta hasi dira azken akordeak... 

Hamaika telebistak emango du igandeko ekitaldia

Igandean, Etxera lelopean ekitaldi nazionala egingo dute Lakuntzan bertan. Duela astebete manifestu bat aurkeztu zuten 22 eragilek eta ekitaldiko mezu nagusia laburbiltzen du. Bertan parte hartzera dei egin diete alderdi, sindikatu, eragile, herri mugimendu eta norbanako orori. Manifestuaren babesleek uste dute presoak-eta era duinean bizi ahalko direnean egingo duela aurrera Euskal Herriak, «bakean eta elkarbizitzan». Hamaika Telebistak zuzenean emango du horren berri, 13:00etatik aurrera, www.hamaika.eus/zuzenean webgunearen bidez edo Androiderako TB aplikazio bidez. Ekitaldiaz gain, jaialdiaren giroa eta ondorengo kontzertua bilduko ditu Hamaika Telebistaren emanaldiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.