Izen handiko artistak, beteranoak, hasiberriak, rock molde klasikokoak eta estilo berritzailekoak. Kalitatezkoak diren eta inguru hurbilean erraz ikustekoak ez diren taldeak izango dira Azkena Rock jaialdian gaurtik larunbatera bitarte. 23. aldia du aurten jaialdiak, eta, urtero legez, egitarau zabala ondu dute antolatzaileek hiru egunetarako.
Rock-and-roll musikaren tenpluan hiru izen gailenduko dira Mendizabaleko agertokian: John Fogerty, Lucinda Williams eta Manic Street Preachers. Hiru horiek beste 50 artista eta banda dituen egitarau zabalago eta osoago baten lehen zutabeak baino ez dira. Hiru egunez, rock musikaren adar askotarikoen topagune izango dira Mendizabaleko hiru eszenatokiak —God, Respect eta La Salve—, bai eta Trashville izeneko laugarren bat eta Gasteizko Andre Maria Zuriaren plaza ere. Eta berezia izango da azken gune hori: besteetan ez bezala, bertan eguerdian izango baitira kontzertuak.
Punkaren eta doinu alternatiboen lekuko izango da gaurko eguna. Buzzcocks talde britainiarraren punk melodikoarekin abiatuko dute jaialdia. Pete Shelleyk eta Howard Devotok osatu zuten taldea, 1976an, baina Shelley 2018an hil zen, eta Devotok sortu eta gutxira egin zuen alde; jatorrizko kiderik gabe, beraz, Steve Diggle gitarra jole eta abeslaria da orain taldearen arima. Harmonian eta koru melodikoetan maisu, sentimenduz beteriko punk-pop kantu sorta eskainiko dute.
Buzzcocks taldearenak ez dira izango gaur entzungo diren punk doinu bakarrak. The Damned 1976an Londresen sortutako rock taldea Respect eszenatokira igoko da gaur. Erresuma Batuan punk mugimenduari hasiera eman zioten taldeetako bat izan zen, Sex Pistols eta The Clash taldeekin batera. Haren hasierako musikak —1976. eta 1980. urte bitartekoa— eta, bereziki, Rat Scabiesen bateria estiloak eragin handia izan zuten Ameriketako Estatu Batuetan hardcore punka sortzeko. Oraindik sasoian daudela erakutsiko dute Mendizabalean, eta The Black Album (1980) eta Strawberries (1982) disko ospetsuetako abestiak joko dituztela aurreratu dute.
Bestelako doinuak entzungo dira iluntze partean. Rock emozionalaren eta borrokalariaren ikurretako bat igoko da oholtzara bere ahots ahaltsu eta konprometituarekin: Melissa Etheridge. 1980ko hamarkadako kantautore handienetako bat da, Sinead O 'Connor, Toni Childs eta Suzanne Vegarekin batera. 1988an debuta egin zuenetik, ospe handia lortu du, eta hainbat Grammy eta Platinozko disko irabazi ditu, baita Oscar saria ere 2007an, An Inconvenient Truth dokumentaleko I Need to Wake U kantarengatik.
Rockari erabat emanda dagoen jaialdi batean berezko lekua dute bestelako doinuek ere. Esaterako, grunge garaiak maite dituztenentzako opari bat gordea du jaialdiak: Dinosaur Jr taldea oholtzara igoko da gauerdia baino zertxobait lehenago, 90eko hamarkadan indie rock eta grunge eszenan aitzindari izan zen talde bat. J. Mascisek —gitarrak eta ahotsa—, Lou Barlowek —baxua eta ahotsa— eta Murphek —bateria— osatzen dute taldea, eta 1994ko Whitout a Sound diskoa osorik joko dute jaialdian, euren lanik ezagun eta enblematikoenetakoa.
Gaur ere izango da bestelako doinuez gozatzeko aukera: Liberen musika gordin eta iluna; Quique Gonzalezen rock intimo eta pertsonala; Stray Cats taldeko Lee Rocker ikonikoa eta Wau y los Arrrghs!!! taldearen deskarga garajeroa.
Rockaren bi izen handi bihar
Biharko gorde dituzte aurtengo kartelburuetako bi, jada aurkezpen askorik behar ez duten bi musikari: Lucinda Williams eta John Fogerty. Lucinda Williamsek hirugarren aldia izango du Azken Rock jaialdian: 2016an izan zen aurrenekoz, The Ghosts of Highway 20 diskoa aurkezteko, eta 2023an bueltatu zen, hiru urte lehenago izandako osasun arazoak gainditu ostean. Folkaren, country-rockaren, bluesaren eta rockaren artean maisuki aritzen da Williams, eta Mendizabalera doanak haren diskografia zabalean arakatzeko parada izango du ziurrenik.
Folkaren eta countryaren ikurraren ondoren, rockaren izar bat ariko da: John Fogerty, Creedence Clearwater Revival taldearen sortzaile eta abeslari izandakoa, eta, besteak beste, Proud Mary, Who'll Stop the Rain eta beste hamaika kantu ezagunen egilea. Bigarrenez egongo da jaialdian. 2017an izan zen Mendizabalean, eta 2020ko jaialdiko kartelburu ere izan zen, baina orduko hartan ez zuen jo azkenean, pandemia zela-eta bertan behera utzi baitzuten jaialdia.
Turbonegronorvegiarrentzat ere ez da izango lehen aldia Azkena Rock jaialdian. Hirugarrenez izango dira Mendizabalean, punk-hard rock doinuak lau haizeetara zabaltzen. Soinu jostagarrietara hurbildu dira azken garaiotan, baina betidanik izan duten estetika berezia aldatu gabe, eta haiekin ziurtatuta egongo da ikuskizuna.
Eta zer esanik ez Public Image Limitedekin. Johnny Rotten —John Lydon— Sex Pistolseko abeslariaren taldeak dantzan jarriko ditu zaleak ostiral iluntzean. Rotten Mendizabalean aritu zen 2008an, baina Sex Pistolsekin, eta askok gogoan dute oraindik nola kontzertua geldiarazteko zorian egon zen, publikoak jaurtitako objektu batek aurpegian jo zuelako. Ea bihar ez den ezusterik.
Biharko egitarauan azpimarratzekoak dira, halaber, hurrengo taldeak: Diamond Dogs eta Chris Spedding —Little Richard-en ondareari omenaldia egingo diote—, Kaotiko —punk taldeak 25 urteko ibilbidea ospatuko du— eta Los Straitjacketsek —surf rockeroan murgilduko ditu zaleak—.
Talde beteranoak larunbatean
Larunbatean, berriz, Galesko rock alternatiboaren talde beterano bat izango da kartelburu: Manic Street Preachers. Richey Edwards taldearen gitarra jotzaile eta letragilea 1995ean desagertu zenetik, hirukote moduan jarraitu du taldeak, James Dean Bradfieldekin —ahotsa eta gitarra—, Sean Moorekin —bateria— eta Nicky Wirerekin —baxua—. Lau hamarkadako ibilbidean sortutako kanta ezagunenak jotzeaz gain, otsailean argitaratu zuten Critical Thinking hamabosgarren estudioko lana aurkeztuko dute Gasteizen.
Baina izango da bestelako musika estiloez gozatzeko parada ere. Adibidez, rock esperimentala maite dutenek ezin dute galdu The Flaming Lips. Taldeak bere psikodelia guztia zabalduko du Mendizabalean. Yoshimi Battles the Pink Robots disko txalotua hasieratik amaierara interpretatuko dute, estudioko lanak hogei urte bete dituela ospatzeko. Ikuskizuna bermatua izango da, gainera: izan ere, euren emanaldietan, Wayne Coyne abeslaria burbuila erraldoi batean murgildu ohi da jendearen artean.
ARFn aski ezaguna den The Hellacopters talde suediarra, berriz, laugarrenez igoko da jaialdiko oholtzara. Sortu zenetik 30 urte bete direla ospatuko du rock garaikidearen ikur den taldeak. Doinu sofistikatuagoak, berriz, Richard Hawleyren eskutik entzungo dira. Erresuma Batuko konpositore, gitarrista eta ekoizlea maisu da indie rock neopsikodeliko eta pop erromantikoko baladak egiten. Bere bandarekin igoko da Mendizabaleko agertokira.
Punk borrokalariak ere izango du lekua Dead Kennedys taldearekin, baita gero Ezezez euskal taldearekin ere, zeina gero eta indar handiagoa hartzen ari den. 60ko hamarkadako espiritu melodikoa berpizteaz The Lemon Twigs arduratuko da, eta The Pill bikoteak punk umoretsua taularatuko du. Cherie Currie AEBetako abeslariak ere kontzertua joko du jaialdian, eta hura boikotatzera deitu dute Palestinarekiko hainbat elkartasun taldek sare sozialen bidez, «sionista, transfoboa eta faxista» dela argudiatuta.
EGITARAUA
OSTEGUNA
God gunea. 19:10ean, Buzzcocks; 21:10ean, Melissa Etheridge; 23:40ean, Dinosaur Jr. Play Without A Sound.
Respect gunea. 18:15ean, Libe; 20:15ean, Quique Gonzalez; 22:25ean, The Damned; 01:55ean, Lee Rocker of the Stray Cats.
Trashville gunea. 19:15ean, Mambo Rambo; 20:00etan, El Sotano de Radio 3; 21:15ean, Fleau; 22:30ean Gogoponies; 00:30ean, Way y los Arrrghs; 02:00etan, El Chico.
OSTIRALA
God gunea. 17:30ean, Sarria; 19:20ean, Reckless Kelly; 21:40ean, Lucinda Williams; 00:25ean, John Fogerty. Respect gunea.18:25ean, La Estrella Azul; 20:25ean, Public Image Limited; 23:05ean, Turbonegro; 02:00etan, Kaotiko.
La Salve gunea.18:00etan, Psilicon Flesh; 19:20ean, Bobbie Dazzle; 20:50ean,C.O.F.F.I.N; 23:20ean, Robert Jon & The Wreck; 01:55ean, Diamond Dogs & Chris Spedding play Little Richard.
Trashville-Trash a Go-go gunea. 18:30ean, Las Jennys de Arroyoculebro; 20:30ean, Thee Scarecrows Aka; 22:30ean, Escape-Ism; 01:00etan, Los Straitjackets; 02:30ean,Rock Nights; 04:30ean, Miss Strychnine.
Trashville-Rat Hole gunea. 17:30etik 20:30era, Txiki Arf; 02:00etan, Borja Nihl; 04:00etan, Alta Tension DJak.
LARUNBATA
God gunea. 17:30ean, Eh, Mertxe;19:05ean, Richard Hawley; 21:30ean, The Flaming Lips play Yoshimi Battles the Pink Robots;00:20ean, Manic Street Preachers.
Respect gunea. 18:15ean, The Pill; 20:20ean, The Lemon Twigs; 22:55ean, Margo Price; 01:55ean, The Hellacopters 30th Anniversary. La Salve gunea. 18:00etan, Ezezez; 19:20ean, The Chesterfield Kings; 21:00etan, Dead Kennedys The Chesterfield Kings; 23:20ean, Derby Motoreta’s Burrito Cachimba; 01:50ean, Cherie Currie plays The Runaways.
Trashville-Trash a Go-go gunea. 18:30ean, Wallaroos; 20:30ean, The Sex Organs; 22:15ean, The Devils; 00:50ean, The Neanderthals; 02:30ean, Malandra; 04:30ean, Nat Simons Jukebox.
Trashville-Rat Hole gunea. 17:30etik 20:30era, Txiki ARF; 02:00etan, DJ Bone; 04:00etan, Bilba Grotbill.