«Inportanteena jendea etortzea da eta hau beteta egon da egunero, eguerdietan ere bai, lehen pasatzen ez zena». Artean Durangoko 60. Azokako azken eguneko ateak ireki gabe zirela, sentsazio hori zuen Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko kudeatzaileak lehen orduan, eta inpresio hori berretsi du Gerediaga elkarteak bazkalostean zabaldutako balorazio ofizialak ere. «Zoragarria» izan da azoka, Gerediagak hedabideei helarazitako oharraren arabera, eta guneak egun «erabat errotuta» daudela ere berretsi dute. «Bai erakustazokak, bai guneek, bai kultur eskaintza ordutegi guztietara zabaltzeak izan duten harrera ikusirik, Kulturaren Jaialdi izaera erabat finkatu dela esan genezake, datozen urteetarako bidea erakutsiz».
Consonni argitaletxeko ekoizpen arduraduna da Alejandro Vargas. Lehen aldia izan du Durangoko Azokan, eta pozik azaldu da saldutakoekin ez ezik, baita bertan bizitakoekin ere. «Salamancako eta Madrilgo azoketan egon izan naiz lehenago, eta hau askoz ere hobea da: hurbilagoa da dena, jendeak ezagutzen zaitu, eta bisitariek sekulako errespetua azaltzen dute bai liburuekiko, bai literaturarekiko, bai eta bertan gauden jendearekiko ere. Pena dut egun gehiago egin ez ditudalako».
«Inportanteena jendea etortzea da eta hau beteta egon da egunero, eguerdietan ere bai, lehen pasatzen ez zena»
BEÑAT GAZTELURRUTIA Gerediaga elkarteko kudeatzailea
Urteak daramatza argitaletxeak Durangoko Azokan, baina euskaraz sortutako lanak argitaratzen ere hasi da aurten lehenengoz, eta horren arabera antolatu dituzte erakusmahaiak. Gaztelerara itzulitako euskal idazleen lanak jarri dituzte ezkerrekoan, eta jatorriz euskaraz sortutakoak eskuinekoan. Azken horretan egon da mugimendurik handiena, Vargasen hitzetan. Danele Sarriugarteren beste zerbait, Antxiñe Mendizabalen Katona eta Ixiar Rozasen Narrugorrik izan dira, beraz, gehien saldu dituzten lanak.
Azokaz haragokoak
Urte batzuetako etenaren ostean, 2018an itzuli zen Alberdania Durangoko Azokara, eta, geroztik, bost erakusmahai jarri ditu urtero. Aurtengoarekin «oso pozik» dagoela esan du Oier Etxebeste Gimenez editoreak. Mikel Aiestaran kazetariaren Gazako istorioak. Bizitza gerren artean liburua izan da jendeak gehien erosi duen lanetako bat. Edonola ere, azoka egunetako pozak ere badu bere itzala, Etxebesteren hitzetan. «Urtean zehar badaude kezka pizteko moduzko puntu batzuk. Egun hauetan ikusten delako jendea, baina ez dakit gero ere transmisio hori egoten den».

Gregorio Muro Harriet gidoigile eta Harriet komiki argitaletxeko kideak onartu duenez, erloju kontra heldu dira Durangoko Azokara. Espainiako Kultur Ministerioaren ebazpen baten esperoan egon dira Jose Manuel Mata eta Ivan Mata aita-semeen Odisea argitaratu ahal izateko, eta, horregatik, azkenean, justu-justu lortu dute Durangoko Azokako lehen egunerako heltzea. Baina aurkezpenik eta promoziorik egiteko tarterik gabe. Eta, Harrietek dioenez, neurri handi batean, horrelako detaileen araberakoak izaten dira maiz Durangoko Azokan egindako salmenta kopuruak. Aurten nobedade gehiegirik gabe egonik, esaterako, iaz baino gutxiago saldu dutelako aurten. «Azoka ongi joan da, orokorrean, baina kaleratu ditugun berritasunak aurrez argitaratutako lanen segidak izan direnez, eta ekarri dugun lan berriarekin promozio lan handirik egiteko aukerarik izan ez dugunez, apur bat apalagoak izan dira salmentak».
«Urtean zehar badaude kezka pizteko moduzko puntu batzuk. Egun hauetan ikusten delako jendea, baina ez dakit gero ere transmisio hori egoten den»
OIER ETXEBESTE GIMENEZ Alberdaniako editorea
Sabin Oregi idazlea Txomin Peillenen poema guztien bilduma aurkezten izan da egunotan Durangoko Azokan. Maiatz argitaletxeak eman du argitara, eta azokako lehen eguna eta azkena egin ditu haren erakusmahaian. Lehen egunean mahai gainean ikusi zituen liburu batzuk ezin izan ditu topatu azken egunean. Guztiak saldu direlako. Oregi: «Jendea egon da, eta liburuak ari dira saltzen».
Diskoak eta kamisetak
Musikaren eremura liburuen eremura baino ziurgabetasun handiagoa ekarri du digitalizazioak azken urteetan, eta azokara zer eraman, horrekin asmatzea bihurtu da «zailena» Zea Mays taldeko Aiora Renteriarentzat. Lau egunetan egon dira Durangon taldekoak, eta egunero jende asko ibili den sentsazioa izan dute haiek ere: «Mugimendu handia egon da, eta horrek ere nekatzen duen arren, jendearekin egon ahal izatea ederra da». Jendea «dirua gastatzeko prest» hurbildu da, Renteriaren esanetan, eta, haien kasuan, Elektrizitatea diskoaren ale guztiak saldu dituzte, eta standaren atzean paper batean idatzi behar izan dute guztiak amaitu direla. «Iaz ere agortu zitzaigun»
«Ulertzen dut jendeak egun merchandasing-ari esker lortzen duela erakusmahaia pagatzea, baina pixka bat arraroa ere egiten da norantz goazen ikustea»
AIORA RENTERIA Zea Mays taldeko abeslaria
Denera, 11 disko ditu Zea Mays-ek, eta horiek eraman ditu azokara; kamisetarik eta bestelako merchandising-ik ez aurten. Renteria: «Guretzat posible da hori, katalogo zabala dugulako. Ulertzen dut jendeak egun merchandasing-ari esker lortzen duela standa pagatzea, baina pixka bat arraroa ere egiten da norantz goazen ikustea».
Mirua taldekoek, bestalde, Oso Polita diskoetxearen aterkipetik atera eta lehen aldiz jarri dute erakusmahai propioa aurten. Eta erabaki ona izan dela uste du Malentxo Zeberio taldeko kideak: «Hau beste mobida bat da». Cd eta binilo formatuetan eraman dute Miruenea (Oso Polita) lan berria, kamisetak ere egin dituzte, eta horretan ere asmatu izanaren sentsazioa geratu zaie; are, cd-ak agortzear iritsi dira astelehenera.
«Ostiraleko kontzertuko sarrera guztiak saldu ziren, eta jendearen babes handia izan genuen, non eta Plateruena bezalako toki ikoniko batean»
MALENTXO ZEBERIO Mirua taldeko kidea
Larunbat gauean kontzertua eman zuten Plateruenan, gainera, eta han jasotako beroak are gehiago borobildu du aurtengoa Miruakoetzat. «Sarrera guztiak saldu ziren, eta jendearen babes handia izan genuen, non eta Plateruena bezalako toki ikoniko batean».
Sinadurak eta ilarak
«Uste dut azoka polita atera dela; eguraldiak lagunduta, jendetza izan dela». Laburrean, inpresio hori utzi dio aurtengoak Elkar-eko musika arduradun Andres Kamio Jitu-ri. Salmenta aldetik ere, «itxura ona» aipatu du, eta beste urte batzuen aldean, aurten egunen artean alde txikiagoa izan dela iruditu zaio. «Lehenbiziko egunean gehiago izan ziren ikasleak eta nerabeak, baina egun polita izan zen ere, eta beste hiru egunak paretsu joan dira. Oso ondo kontrolatu dute aforoa, jendea stand-etara eroso hurbiltzeko moduan, eta esango nuke salmentak ere orekatuta egon direla egunetan».

Jituren hitzetan, oso ondo mugitu dira nobedadeak haienean —Ruper Ordorikarena eta Fermin Muguruzarena, kasurako—, baina katalogoko disko zaharragoak ateratzeko ere baliatzen dute erakusmahaia Elkar-ekoek, eta jendeak horiek bereziki eskertzen dituela aipatu du. Zaleekin aurrez aurre egoteko aukera ere aipatu du, gainera: «Urterokoa da, baina benetan oso momentu politak bizitzen dira hemen». Fermin Muguruza eta Xabier Berasaluze Leturia izan dira bisitan, besteak beste, eta biek harrera beroa izan dutela esan du.
«Gure funtzioa gehiago bihurtu da hain ezagunak ez direnei plaza eskaintzea, eta jendea heztea ezagutzen ez duen hori ere entzutera joan dadin»
GOTZON BARANDIARAN Ahotsenea guneko koordinatzailea
Nabarmenak izan dira ETS taldekoek osatu dituzten ilarak ere. Ostiralean bertan aurkeztu zuten Konkista diskoa, eta egunero izan dute jendetza sinaduren zain. Sunek eta Gorka Urbizuk ere zale andana izan dute inguruan.
Zabalpena eta hezkuntza
Guneen artean ere, balorazio positiboa nabarmendu da. Azokaren 60. edizioak eman duenarekin asebeteta azaldu da Gotzon Barandiaran Ahotseneako koordinatzailea, esaterako. «Gure funtzioa hasieran zen ahalik eta jende gehien biltzea euskarazko kulturgintzaren inguruan, baina azken bizpahiru urteetan ez da egon erantzun oso-oso handiko talderik, eta, hala ere, jendeak oso ondo hartzen du», ospatu du. «Gure funtzioa gehiago bihurtu da hain ezagunak ez direnei plaza eskaintzea, eta jendea heztea ezagutzen ez duen hori ere entzutera joan dadin».
Barandiaranen esanetan, batez beste 250 lagun egon dira Platerueneko kontzertuetan, aretoa goraino bete da saio askotan, eta arrakastatsuak izan dira liburu aurkezpenak ere. «Aurten bereziki liburu on asko egon dira, eta izan da hiruzpalau aurkezpen jarraian entzutera geratzen den jendea». Szenatokiko antzezlanek eta Irudieneako film emanaldiek ere erantzun oso ona jaso izana txalotu du.