Gaurko ikuspegitik, euskararen eta Euskal Herriaren pentsalari baldintzagabea da Joxe Azurmendi (Zegama, Gipuzkoa, 1941 – Donostia, 2025), baina poeta izan zen hori baino lehen: 1971n, artean 30 urte bete gabeak zituela, Hitz berdeak poema liburua argitara eman, eta zedarri bat ipini zuen literaturan. Frankismo garaiko zentsuraren beldurrez atzendu eta geroago plazaratu zen arren, Manifestu atzeratua poema luzeak ere liburu horretako orrialdeetan behar zuen. Hain zuzen, Azurmendiren poema ezagunena bilakatu den hura Durangoko Azokan errezitatzea izan dute Azurmendi omentzeko bideetako bat Susa argitaletxeak, Gerediaga elkarteak eta Jakin fundazioak. Iñigo Astiz, Castillo Suarez, Josu Landa, Leire Bilbao, Oihane Zuberoa Garmendia, Iñigo Satrustegi eta Leire Vargas poetek jarri diote ahotsa Azurmendiren pieza horri, txandaka, Miren Narbaiza musikariaren doinuek eta Ainara Lasaren irudiek lagunduta.
Jakin aldizkariko zuzendari Lorea Agirreren arabera, Manifestu atzeratua «poema fundazional bat» da: «60 urtean landuko zuenaren muina ageri da poeman». Haren pentsamenduaren ardatza eta helburuak ere gogoan izan ditu Agirrek: «Gerraostean umezurtz jaiotako belaunaldikoa zen Azurmendi, eta obsesio izango du zubiak eraikitzea, eta kateak eten ez daitezen bideak bilatzea». Pentsamendu irekia omen da harena; «eztabaidak, auziak eta galderak» planteatzen dituena. Hain zuzen, «segi dezagun sortzen», omen dio, Agirreren arabera: «Horrek bermatuko duelako geroa».
Azurmendik hizpide hartutako gaien errepasoa ere egin du Jakin-eko zuzendariak; eta, besteak beste gizaberea, nazioa, hizkuntza eta pentsamendua, literatura, erlijioa, kulturgintza, politika eta bakegintza aipatzeaz batera, nabarmendu du hura «pentsalari koloso» bat izan zela. Azurmendik askatasunaren inguruan eratutako ardatzari heldu dio ondotik: «Askatasunaren pentsalaria baino gehiago, askatasunerako pentsalaria izan da Azurmendi. Alegia, kontzientzia askatasuna, herri askatasuna eta giza askatasuna. Hori dena, euskaldun izatearen baldintzapean pentsatuta. Eta horrekin geure esperientzia propioaren eta geure pentsamendu eratorriaren zilegitasuna aldarrikatuz».
«Askatasunaren pentsalaria baino gehiago, askatasunerako pentsalaria izan da Azurmendi. Alegia, kontzientzia askatasuna, herri askatasuna eta giza askatasuna. Hori dena, euskaldun izatearen baldintzapean pentsatuta»
LOREA AGIRRE Jakin-eko zuzendaria
Zergatik eta zertarako
Poema errezitalaren bidez Azurmendiren hitzak oihartzun bilakatzeko ahaleginaz gain, zenbaki berezi bat plazaratu du Jakin-ek: Zergatik eta zertarako Joxe Azurmendi. Haritz Azurmendi ikerle, Jakin-eko kide eta zenbaki berezi horren koordinatzaileak eman du liburukiaren berri: «Ia ehun lagunen ekarriak batu ditugu. Horien artean, badago Joxe Azurmendiren lanetatik ikasitako artikulu andana. Eta badaude oroitzapen eta bizipenak aletzen dituzten lanak ere. Biek Azurmendik oparitu digun mundu umil eta oparoa islatzen dute». Filosofo omenduaren pentsamendua ardazten duen premisa bati jarraikiz, «etorkizunean» eta «transmisioan» jarri omen dute mira liburukia taxutzerakoan. Eta haren hitzei tiraka eman du jardunaren definizioa ere: «Filosofoa ez da pentsatzen duena, pentsarazten duena baizik. Alde horretatik, filosofo handia deskubrituko du irakurleak bertan».
Besterik ere nabarmendu du liburuaren koordinatzaileak: «Uste dut Azurmendik irakurketan azkura pixka bat eragiten ez badu azaletik ari garela irakurtzen». Baina pentsamenduaz eta ekarriaz harago, Azurmendi zenaren apaltasuna ere nabarmendu du Jakin-eko kideak. Paradoxa bat aipatu du horretarako: «Isilik joan nahi izan zuen, eta non-eta Durangoko Azokan omendu dugu, prime time betean. Fedegabe asko, halako meza laiko batean».
«Uste dut Azurmendik irakurketan azkura pixka bat eragiten ez badu azaletik ari garela irakurtzen»
HARITZ AZURMENDI Jakin-eko kide eta ikerlea