Inondik inora ezin da atzeman Urdazubiko Azkar mendiaren magalean dagoen Alkerdi harrobiak bere barnean gordetzen duen altxorra. Hainbatek entzuna zuten Alkerdi eta Leorlas auzoetako ingurunean historiaurreko arrastoak zituzten kobak zeudela. Iragan udan, hain justu, arkeologo batzuk hainbat irarlan topatu zituzten inguru horretan. Baina inor gutxik espero zuen aste honetan bertan Aranzadi zientzia elkarteak egindako ikerketaren bitartez baieztatu dena: Alkerdin daude Paleolito garaian egindako Nafarroako margolanik zaharrenak. Hala, harrobia ustiatzeko lanak bertan behera uzteko eta «behingoz» ondarea babesteko legedia betetzeko eskatu du Sos Alkerdi plataformak.
Malen Vilches, Sos Alkerdi plataformako kidea da. Onartu duoraindik, Aranzadiren txostenaren ondorioak besterik ez dituzte ezagutzen. Datozen egunetan hasiko dira Nafarroako Gobernuak aginduta gauzatu den ikerketa hori «sakonki aztertzen». Hala ere, argi du inondik inora ez direla bateragarriak Alkerdiko ondare arkeologikoa eta harrobia : «Ezin da inolaz ere lanekin jarraitu. Nafarroako Gobernuak eta Urdazubiko Udalak biak batera, elkarrekin harrobia ustiatzeko lanak gelditu egin behar dituzte». Alde horretatik, gogoratu du harrobiaren inguru osoa IKO, Interes Kulturaleko Ondare gisara dagoela izendatuta.
Eztandak harrotutakoa
Badira bi urte, harrobian leherketarik egiten ez dena. Azkena 2014ko uztailan izan zen. Sos Alkerdiren arabera, araututakoa baino lehergai gehiago baliatu zuten Marmoles Baztan enpresakoek, eta, ondorioz, harrobitik hainbat kilometrora sumatu zen eztanda. Ordutik leherketarik egin ez den arren, gaur egun bi langile aritzen dira lanean. Atzo ere, Zelaieta III koba inguruan ari ziren marmola atzeratzeko beharrean.
Sos Alkerdi, Nafarroako Arartekoa eta Kultura Departamendua bat datoz Alkerdi babestu beharreko eremua dela. Legeak ere horretarako aukera ematen du. Aranzadiren txostenak ere argi dio, ondare arkeologikoa«arrisku bizian» dagoela. Hala, babes hori ezartzeko, Yolanda Barcinak, boterean zela, Alkerdi ustiatzeko enpresari 2014an beste 30 urtez luzatu zion baimena bertan behera uzteko eskatu dio plataformak Industria Departamentuari, baita Urdazubiko Udalari ere. Adituen arabera, Alkerdin topaturikoa, litekeena da izotz mendiaren erpina baino ez izatea.
Babesa legearen menpe
Urdazubiko ondare arkeologikoa «behingoz» babesteko eskatu die Sos Alkerdi platafomak Nafarroako Gobernuari eta Udalari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu