Bad Bunny eta Kendrick Lamar izan dira nagusi Grammy sarietan

Puerto Ricoko musikariak disko onenaren eta musika urbanoaren disko onenaren sariak irabazi ditu 'Debí tirar más fotos' lanagatik. Kendrick Lamarrek eskuratu ditu urteko grabazio onenaren eta rap disko onenaren sariak.

Bad Bunny bart, urteko disko onenaren Grammy saria eskuratzen. CHRIS TORRES / EFE
Bad Bunny bart, urteko disko onenaren Grammy saria eskuratzen. CHRIS TORRES / EFE
edurne begiristain
2026ko otsailaren 2a
11:57
Entzun 00:00:00 00:00:00

Grammy sarien 68. aldia egin dute bart, Los Angelesen (AEB), eta Bad Bunny artista izan da protagonista nagusietako bat. Urteko disko onenaren saria eskuratu du Puerto Ricoko kantariak Debí tirar más fotos lanagatik. Grammy sarien historian, lehen aldia da gaztelera hutsezko lan batek disko onenaren garaikurra eskuratzen duena. Ameriketako Estatu Batuetako Grabazio Arte eta Zientzien Akademia Nazionalaren arabera, lan horrek «adierazpen pertsonala, soinu garaikidea eta sustrai kulturalen defentsa» uztartzen ditu «modu koherente eta ausartean», eta gazteleraz osorik grabatutako diskoa izanik, bereziki azpimarratu du «hizkuntza aniztasunaren» garrantzia. 

Disko onenaren sariarekin batera, Bad Bunnyk musika urbanoaren disko onenaren saria ere jaso du, reggaetona, trapa eta pop egiturak modu esperimentalean uztartu izanagatik.

Urteko grabazio onenaren saria, berriz, Kendrick Lamarrek eta SZAk irabazi dute, elkarlanean egindako Luther abestiari esker. Lamarrek, gainera, rap disko onenaren saria ere eskuratu du GNX lanagatik; epaimahaiak diskoaren konplexutasun narratiboa eta gizarte ikuspegia azpimarratu ditu.

Urteko abesti onenaren saria Billie Eilishek eta Finneas O'Connellek irabazi dute, Wildflower kantuagatik. Poparen esparruan, Lady Gagak jaso du pop disko onenaren saria Mayhem lanagatik, eta artista berri onenaren saria, berriz, Olivia Dean kantari britainiarrari eman diote.

Trumpen eta ICEren aurkako oihuak

Bart gaueko ekitaldia Donald Trump AEBeko presidentearen aurkako bozgorailu politiko bilakatu da. Saritutako hainbat artistak baliatu dute oholtza AEBetako ICE Immigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarren aurka egiteko. Bad Bunnyk, esaterako, «ICE out» (ICE kanpora) oihukatu du eszenatokian, eta AEBetan indarra hartzen ari diren diskurtso xenofoboen eta migrazio politiken aurka hitz egin du: «Ez gara animaliak, ezta basatiak ere; gizakiak gara eta amerikarra gara». 

Billie Eilishek ere AEBetako migratzaileen aldeko mezu sendoa zabaldu du abesti onenaren Grammy saria hartu duenean: «Inor ez da legez kanpokoa lapurtutako lurrean... ICE izorratu dadila». 

GRAMMY SARIDUNAK

Urteko disko onena.  Bad Bunny,  Debí tirar más fotos.

 

Urteko grabazio onena. Kendrick Lamar eta SZA, Luther.  

Urteko abesti onena. Billie Eilish, Wildflower.

 

Pop bakarlari onena. Lola Young, Messy.

 

Pop album onena. Lady Gaga, Mayhem.

 

Country disko onena. Jelly Roll, Beautifully Broken.

 

Musika urbanoaren disko onena. Bad Bunny, Debí tirar más fotos.

 

Artista berri onena. Olivia Dean.

 

Rap disko onena. Kendrick Lamar, GNX.

 

Pop latino disko onena. Natalia Lafourcade, Cancionera.

 

Latino tropikal disko onena. Gloria Estefan, Raíces.

 

Rock disko onena. Turnstile, Never Enough.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.