Bajo Ulloaren dokumentala, udazkenerako

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2016ko ekainaren 16a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Azkena Rocken hamargarren urtemuga ospatzeko ekintza berezien artean aipatu zuten Juanma Bajo Ulloa zinema zuzendariak dokumental bat egingo zuela jaialdiari buruz. Bost urteren ondoren, ez dago filmaren arrastorik, eta ARFra doazenen arteko txantxa ere bihurtu da zintaren patua. Azkenik, argi pixka bat eman dio misterioari Alfonso Santiago Last Tour enpresa antolatzailearen arduradunak.

«Desadostasun bat zegoen zuzendariaren eta jaialdiaren ikuspuntuen artean» zehaztu du Santiagok. Filmatzea hamargarren urtemuga amaitu eta urte eta erdira amaitu zen. Texasko SXSW jaialdian eszenak grabatu ziren, New Yorken, Los Angelesen eta Nashvillen. «Bukatu genuenean, ia hiru orduko iraupena zeukan. Luzeegia zen, zer eta nola kontatu nahi genuen kontuan hartuta. Hasi ginen hitz egiten laburtzeko moduari buruz, eta hor geratu ginen ez aurrera ez atzera».

Korapilo hori askatu ezinik urteak igaro dituzte, baina duela hilabete batzuk irtenbide bila hasi ziren berriro Bajo Ulloa eta Santiago. Ezohiko bide bat adostu dute auzia konpontzeko. «Ziur aski, azkenean bi dokumental egongo dira. Bertsio luzeagoa egongo da zuzendariaren ikuspuntuarekin, eta beste bat l,aburragoa jaialdiaren ikuspuntua gehiago islatuko duena, zuzendaria ere tarteko», azaldu du ARFko antolatzaileak. Harremana gaiztotu ote da zuzendariaren eta jaialdiaren artean? «Pixka bat, Apocalypse now filmaren istorioa dirudi, baina hemen giro ona izan dugu beti».

Arazoak gaindituta, proiektua bururaino eramatea da erronka. Asmoa da aurten bertan aurkeztea dokumentala; ahal dela, udazkenean, jaialdiko hamabosgarren urtemuga izan dela baliatuta. Izenburu bat ere aurreratu du Santiagok, behin betiko erabakia ez bada ere: Rockandrollers.

Bajo Ulloak landu duen edukiari buruz ere aurrerapen bat egin dute. «ARFn girotuta egon arren, dokumentala oso nazioartekoa izango da. Gehiena ingelesez ekoitzita dago, eta rockaren historian garrantzi handia duten pertsonak agertuko dira. Oso ikuspuntu irekia izango du. Zeelanda Berriko, New Yorkeko edo Gasteizko ikusle bat identifikatuta sentituko da publikoarekin, musikarekin, eta guztiarekin».

Emaitzarekin pozik dago Santiago, trabak traba. «Jaialdiari zor zaiona emango dio, eta kanpora begira lagungarria izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.