Aurkezpen bateratua egin dute gaur Karlos Linazasorok eta Garazi Kamiok, Donostian; izan ere, Kutxa fundazioaren Irun literatura saria —lehen, Irun Hiria saria zena— irabazi zuten irailean. Horri esker, Linazasorok Bazter utzietan poema liburua argitaratu du, eta Kamiok, Moebiusen ertzak eleberria. Diziplina desberdinak landu badituzte ere, beste gai askoren artean, bakardadeari buruz mintzatu dira biak. Elkar argitaletxeko Xabier Mendiguren aritu da editore, eta aurkezpenean izan da Mikel Insausti ere, Kutxa fundazioko literatura eta edizio teknikaria.
Askotariko lanak argitaratu ditu Linazasorok azken 30 urteetan: poesia, antzerkia, ipuinak, iritzi artikuluak eta beste, baina poesia du diziplina kutunena. «Faltan sumatzen dut euri-langarra/ tarteka zure betileetan. Ez beti,/ ez dakit noiz, beharbada malenkoliak/ erasaten nauenean». Halaxe dio Bazter utzietan liburuko olerkietako batek, liburuan presente dagoen malenkonia ardatz duela. Izan ere, egileak ziurtatu du liburuak poza adierazi arren bere obra guztietan antzeman daitekeen malenkoniak ere leku nabarmena duela.
Hiru ataletan dago bereizita: Oro baina zu ez besterik, Inoiz denbora eta Txantxangorria eta biok, eta izenbururik gabeko poemek bizitza, heriotza, maitasuna, bakardadea eta denboraren joana dute hizpide. Umezurtz izatearen sentimenduak eraman du idazlea poema malenkoniatsuak idaztera, aitortu baitu jendez inguratuta egonik ere, maiz oso bakarrik sentitzen dela. Hala kontatzen du azken ataleko poema batek: «Joan zirenen/ absentziak/ ez du lekurik hartzen/ gure memorian baizik./ Eta gure memoria da/ munduan/ lekurik gehien/ hartzen duen/ absentzia». Orain arteko lanetan baino kezka metafisiko gehiago daudela kontatu du poetak, baita isiltasun handiagoa ere.
«Bazterrean uzten ditugu gero eta gauza gehiago, niretzat inportanteak direnak: gauza txikiak eta xumeak»KARLOS LINAZASORO Idazlea
Izenburua azaldu du egileak: «Bazterrean uzten ditugu gero eta gauza gehiago, niretzat inportanteak direnak: gauza txikiak eta xumeak». Hala, ezkor agertu da gizarteak daraman martxarekin, eta oinarrizko gauza txikiei begiratzeko aldarria egin du: «Ez dugu zuloetan, arrakaletan edo gauzen atzealdean begiratzen». Hain zuzen, egilearen ustetan, liburuak horretarako balio du, poesiaren bitartez erakutsi nahi izan baitu ezkutukoa: «Poesiak erakusten du gauzak ez direla alde bakarrekoak; esanahi gehiago dituzte, azpian, ezkutuan».
Kamioren eleberria
Egunero entzuten du Kamiok irratia, eta, hain zuzen, entzundako erreportaje batek eman zion Moebiusen ertzak nobela idazteko ideia. Kamiok kontatu duenez, erreportajean ezkutuan gelditu ohi diren zenbait gai zituzten hizpide, eta, zehazki, galdera bat jarri zuten mahai gainean: ea zer gertatuko litzatekeen zahar etxe batera joan beharko balu transexuala den pertsona batek.
Paperezko tira bat hartu, alde bati buelta erdia eman eta paperaren bi ertzak elkartuta, Moebiusen banda bat lortzen da; matematikoki orientatu ezineko objektu bat dena. Halaxe azaldu du idazleak: «Infinitu forma duen zinta bat da Moebiusen banda, eta bertan bi dimentsio daude etengabe jokoan. Ertzarik ez duen banda bat da, baina nik ertzak jarri nahi izan nizkion». Izenburuak protagonistarekin du zerikusia; izan ere, Angel XX. mendearen erdian jaiotako protagonista, izatez, Angela izan zen jaiotzean. Hala, transexualitatea eta zahartzaroa elkar lotuko ditu nobelak.
«Infinitu forma duen zinta bat da Moebiusen banda, eta bertan bi dimentsio daude etengabe jokoan»GARAZI KAMIO Idazlea
Bizitza arrunt bat kontatzea zen Kamioren helburua, «muturrekoetara eta bitxikerietara» jo gabe, eta «besteen marretatik» atera gabe. Atzera eta aurrera egiten du istorioak, eta Angelen bizitza kontatzen du: zer gertatzen zaion, eta zergatik joaten den zahar etxe batera. Protagonistak gaztetan Bilbora egingo du ihes; hala, hirian Angel izango da; jaioterrira itzultzean, ordea, Angela. «Armairuan edo Moby Dicken sabelean sartu behar du berriro», azaldu du idazleak. Bakardadeak inguratzen du protagonista, baina jaioterrira itzultzean bakardadeari lotuko zaio bere identitateari buruz gezurra esan beharra.
Literatura sariak
Bigarrenez irabazi du Linazasorok Kutxa fundazioaren Irun literatura saria; lehenengoz, 1992an irabazi zuen, Apunte eta ahanzturak poema bildumagatik (Kutxa, 1993). Linazasorok Xabier Lete ekarri du akordura, besteak beste, bera egon baitzen orduko epaimahaian. Sari hark segitzeko indarra eman ziola aitortu du, eta, gainera, presente du Letek zera esan izana: malenkonia partekatzen zutela. «Horrenbeste urteren ondoren, berriro ere saria jasotzean, badirudi ondo ari garela edo, behintzat, batzuetan asmatzen dugula».
Hainbat sari jaso ditu Kamiok ere: Igartza saria jaso zuen 2011n Beste norbaiten zapatak narrazio liburuagatik (Elkar, 2012) eta Augustin Zubikarai saria 2013an Orube abandonatuak nobela laburragatik (Elkar, 2014). Argitaratu berri duen Moebiusen ertzak liburua da bere lehen nobela luzea.
Kutxa fundazioko arduradunak gogoz begiratu die bai liburuen etorkizunari eta bai idazleenari. Halaxe esan du: «Gure sariketaren helburua da literatura sorkuntza eta zabalpena sustatzea. Gure lana bukatuta, liburuek orain beren ibilbidea hasten dute, eta ibilbide oparoa opa diegu».