Donostiako Nazioarteko 63. Zinemaldia. Zuzendari Berriak

«Baliabide gehiagorekin ere, filmak estetika bera izango zukeen»

Ben Sharrock eskoziarrak lengoaia «xume eta lehorra» erabili du 'Pikadero' estreinakoan

Ben Sharrock zuzendaria eta Barbara Goenaga aktorea, atzo, Donostian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2015eko irailaren 19a
00:00
Entzun
Zer kontatu ere bai, baina batez ere nola kontatu. Oso argi zuen Ben Sharrock zinemagile eskoziar euskalherritartuak Pikadero filmak zein estetika, zein lengoaia bisual izan behar zuen. Estreinako lan luzea du, eta besteak beste horregatik, bere zeinu marka garbia izan zezan nahi zuen. Baliabide gutxirekin egindako filma da, «hamar egun eskasean» filmatua, eta baldintzapen horrek ere eragiten dio zinema ulertzeko modu bati. Estilo xumea da, ekintzetan baino gehiago pertsonaien barne psikologian arakatzen duena, hitzen ordez isiltasuna eta keinu urriak darabiltzana, mugimendua baino gehiago kamera modu estatikoan jarri eta haren aurrean gertatzen dena harrapatzen duena. «Nire estiloa da hori ia hastapenetik. Horrela ikusten ditut eszenak nire buruan, eta ezin dut beste modu batera filmatu. Baliabide gehiago izango bagenitu ere, uste dut horrela filmatuko nuela».

Bi gazterentzat —edo ez hain gazte direntzat, filmeko bi protagonistak 30 urteren mugan baitaude— inoiz ez da erraza izan larrua jotzeko leku eta une egokiak topatzea; are zailagoa gaur egun, krisi ekonomikoaren eraginez autonomia lortzeko zailtasunak areagotu direnean. Harreman sentimentalen loratze eta bilakaera, gai eternal atenporala, eta krisi ekonomikoaren pisu astuna sufritzen dutenen mundua, koiunturalagoa, biak gurutzatu eta elkar txirikordatuta jarri ditu lehen fim luzean Sharrockek. Gau batez elkar ezagutu eta harremana ahal den neurrian sendotzeko asmoz dabiltzan bi gazteon rolak Barbara Goenagak eta Joseba Usabiagak jokatzen dituzte. «Batetik, nahi nuen istorio gizatiar bat kontatu, bi pertsonaren arteko harremanarena, eta, bestetik, krisi ekonomikoaren ondorioak bi pertsona horiengan duen eragina islatu nahi nuen».

Sharrockek zinemari buruzko master batean ezagutu zuen Irune Gurtubai, filmaren ekoizlea, eta egun bikotekide duena. Duela hiru bat urtetik, Igorre (Bizkaia) eta Eskozia artean bizi da. Oso argi izan zuen hasieratik istorioa euskaraz filmatzea nahi zuela. «Hori ezagutu dut Arratia eta inguruetan, eta naturalena, organikoena, hori zela iruditzen zitzaidan». Aktore lanetarako azkar jarri zuen begia Barbara Goenagarengan eta Joseba Usabiagarengan, eta «oso-oso pozik» geratu da haiek egindako lanarekin. «Josebaren pertsonaiak lan handiagoa zuen; pertsonaia lehorra baita, eta, hitzen bidez ez, isiltasunaren bidez eta keinu urrien bidez erakutsi behar baitzuen erakutsi beharrekoa».

Goenagaren pertsonaia biziagoa da, eta hasieran bestearekin konektatzea kosta egin zitzaiola aitortu du Goenagak berak: «Hain dira pertsonaia desberdinak... baina, bizitza errealean bezala, batzuetan erakartzen zaitu desberdintasun horrek, zuretzat osagarri izan litekeen horrek. Eta Josebaren pertsonaiak samurtasuna sentiarazten dizu». Bien arteko «kimika berezi hori» lortzeko, entsegu luzeak eta «ordu askoko lana» egin behar izan zuten. Goenaga gustura dago lortutako emaitzarekin, eta Zinemaldiak filmari bultzada emango diola espero du. «Ez dakit zinema aretoetan ilara luzeak eragingo dituen filmak,baina jendeari iritsiko zaio istorioa, bihotza ukituko dio, samurra baita». Filmak drama soziala du testuinguruaren sakonean, eta bi protagonisten arteko harremana ere ez da suziriak botatzeko modukoa, baina umore leun batek eta protagonista ez diren pertsonaien graziak jartzen die kotrapuntua. «Umore horrek asko laguntzen du aurrera egiten», Goenagaren hitzetan.Euskarazko filmetan lan egitea «bereziki gustukoa» du Goenagak. Koldo Serrak filmaturiko Gernika filmean ere parte hartu du, eta ETBn telesail berri batean ariko da aurten bertan. «Olatz Beobide da zuzendaria. Komedia da, eta euskaraz. Beraz, primeran!».

Sharrockek aurrerantzean ere lan gehiago filmatu nahi lituzke Euskal Herrian eta euskaraz, baina bere estiloa galdu gabe: «Batzuetan pentsatzen dut nire estiloa lehorregia dela, eta jendearengana modu zabalagoan iristeko beste molde batean filmatu beharko nukeela, baina ezin dut, hau baita nire estiloa». Zientzia Politikoak ikasi zituen zinema ikasketak egin aurretik. Arabiar errealitatean zuen interesa;hargatik, gertutik ezagutu zuen Ekialde Hurbileko errealitatea, eta han inguruko bi zinemagileren filmek asko markatu zuten. «Bat palestinarra da, eta bestea, israeldarra, baina kasualitatez gustatu zaizkit biak». Elia Suleimanen The Time It Remains da bat, eta Eran Kolirinen The Band's Visit bestea. Estilo xume-samur-lehorraren adibide dira biak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.