Literatura

Balizko iraultza baten ondorengo gizartea irudikatu du Markel Sanchezek 'Sorbatza' nobelan

Bere lehen nobela argitaratu du Sanchezek, eta Harkaitz Canok egin dio hitzaurrea. Jendea bakean bizi den etorkizun batean kokatzen da, baina gazteak ez daude konforme: artearen bidez gizartea eralda daitekeelako ustearekin 'Sorbatza' taldea sortuko dute.

Markel Sanchez 'Sorbatza' liburuaren aurkezpenean, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Markel Sanchez 'Sorbatza' liburuaren aurkezpenean, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Odile Bourguignon Goñi
Donostia
2026ko maiatzaren 6a
19:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nork irakurri behar du Sorbatza? Harkaitz Canok argitu du: «Kamarada hitza ordezkatuko duen silaba bakarreko hitza jakin nahi duenak; lau orduko laneguna zer izango den jakin nahi duenak; denok egin beharreko lanen zerrenda jakin nahi duenak; poeten kontra eta poesiaren alde dagoenak eta Bolañoren Detektibe basatiak maite dituenak; esajerazioaren aldeko manifestu baten aukera inoiz buruan izan duten pertsona edo kolektibo guztiek, eta dirmira, gutarkeria, arnasle eta orolari hitzen esanahi zehatza jakin nahi duenak». Markel Sanchezen lehenengo nobela da Sorbatza —Elkar argitaletxearekin plazaratu du—, eta behin irakurri duenari ere beste behin irakurtzeko gonbita egin dio Canok. Berak idatzi du hitzaurrea. 

«Nolakoa izango litzateke kapitalismoa gainditu duen gizarte bat?». Orain hiru urte hasi zitzaion Sanchezi zalantza buruan eragiten: «Zer kezka, zer desira eta zer gatazka edukiko lituzkete gizarte horretan?». Baina, batez ere, galdera batek astindu zion kolkoa: «Zer baldintza berri sortuko lirateke sormenerako? Edo artea egiteko, politikarako edo harremanetarako?». Hori eta gehiago irudikatu duen nobela argitaratu berri du Sanchezek, eta, harekin batera, «egoteko modu bat kutsatu» nahi lukeela adierazi du. 

2054. urtea da, eta kapitalismoa gainditu duen mundu mailako iraultza egin dute. Hala, «bakea eta justizia» gailentzen diren gizarte bat utopikotzat jo dezake batek, baina ez, ez da etorkizunean oinarritutako nobela futurista bat, ez eta nobela utopiko bat ere. Canoren ustez, etorkizuna baino are interesgarriagoa den garai eta leku batean kokatzen da: «Gerta daitekeen balizko iraultza baten eta, horren ondoren, oraindik ere egiteke dagoen hurrengo iraultzaren arteko talkan», alegia. Sanchezek eleberri «antiutopikotzat» definitu du: «Utopiak utopia izateari uzten dioenean, orduan sortzen da nobelaren trama». Izan ere, iraultzaren ondorengo balizko gizarte eredugarri batean, gazte talde batek Sorbatza taldea sortuko du, «artearen bidez mundu berri askeago bati ateak zabaltzeko». 

«Nobelan badago oso gizatiarra den lilura bat, ez dena engainuan oinarritzen; egungo gizartean kabitu ere egiten ez den lilura bat da, baina literaturan lekua izan baduena»

MARKEL SANCHEZ Idazlea

Heriotza «arraro» bat gertatuko da, eta hori ikertzeko txostena erakutsiko du liburuak. Hortaz, bost dira narratzaileak. Zehazki, ikerketa txosten horren osagarri diren bost lekuko: Amets Cobo, Arai Cid, Lohitzun Kamiruaga, Lur Barrainkua eta Cheng Xi. Sorbatza taldeko kideak izango dira heriotzaren susmagarri nagusiak, eta haien lau batzarretatik filtratutako aktak ere ikerketa materialaren parte izango dira. Atalez atal, istorio txiki askok osatuko dute Sorbatza, baita gai mordoa jorratu ere: «Eragile politiko baten barneko gatazkak, natura, maitasuna, egoa, boterea, grina, sorkuntza, damua...». Horietatik guztietatik, idazleak elementu bat nabarmendu du: lilura. «Nobelan badago oso gizatiarra den lilura bat, ez dena engainuan oinarritzen; akaso egungo gizartean kabitu ere egiten ez den lilura bat da, baina literaturan lekua izan baduena».

Belaunaldien arteko talka

Eztabaidarako zenbait auzi barnebiltzen ditu Sanchezen nobelak. Horietako bati eutsi dio Canok, eta liburuaren narratzaileetako baten hitzak esan: «Ez dago iraultzaile ohi bat baino gauza kontserbadoreagorik». Hain zuzen, belaunaldien arteko talka horretan dago eleberriaren muina: gatazkan egongo dira, batetik, iraultza egin eta ondorengo gizartearekin eroso daudenak, eta bestetik, lortutakoarekin nahikoa ez, eta gehiago nahi duten gazteak.

Euskal Herriko testuinguruan oinarritu da Sanchez, baina liburua ez da, ez, Euskal Herri «honetan» gertatzen: «Beharbada, Canok adierazi bezala, auskalerrian gertatzen da». Hala, euskal izenen toponimian oinarritutako lekuak ageri dira —Muribar, Orbi, Hezburu eta abar— baina, antza izanik ere, idazleak egungo gizartetik «abstraitu» nahi izan du, eta irakurlea bere irudimeneko Euskal Herri batera eraman. Dena den, bi eremu bereizten dira istorioan: kapitalismoa gainditu duen gizartearen eremua, eta Liberty City izeneko esparru bat, gaur egungo gizartearen antz handiagoa duena. Mugan daude biak, eta, muga egon badagoenez, badaude mugazainak eta mugalariak ere. 

Gizarte berri bat irudikatzearekin batera, badirudi gazteek genero sistema ere gainditu dutela. Sanchezek ez du liburuan esplizituki adierazten, baina pertsonaia gazteen izenak epizenoak dira: generorik gabeak. Hain zuzen, idazleak adierazi du haien izaerak eraikitzeko orduan maskulinitatearen eta feminitatearen arteko oreka lortzen saiatu dela. Halako xehetasunek egiten dute, Canoren iritziz, nobela esponentziala izatea: «Zentzuz sortutako anbiguetateak fruitu ugari erein ditzake irakurle bakoitzarengan». Horrekin batera, erronka «dibertigarri» bat proposatu dio irakurleari: liburua kategorizatzen saiatzea. Berak egin du lehenengo saiakera, eta liburu «sokratiko post-transfeminista» gisa sailkatu du: «Dialektikoa da, baina gainditu ditu oraindik ere borrokatzen ditugun hainbat afera». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA