'Barbara Forever' dokumentalak irabazi du Zinegoak jaialdiko sari nagusia

Barbara Hammer zinegile lesbiana enblematiko eta aitzindariaren bizitzaren, obraren eta ondarearen esplorazio bat da filma. Beste bi sari ere eskuratu ditu Brydie O 'Connorren pelikula horrek.

Barbara Hammer zinemagilea, 'Barbara Forever' filmean. ZINEGOAK
Barbara Hammer zinemagilea, 'Barbara Forever' filmean. ZINEGOAK
mikel lizarralde
2026ko ekainaren 29a
21:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Brydie O 'Connorren Barbara Forever dokumentalak irabazi du Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiko sari nagusia, zeinak 4.000 euroko diru saria duen. Barbara Hammer zinemagile lesbiana aitzindariaren (Los Angeles, AEB, 1939 - New York, 2019) bizitzaren, obraren eta ondarearen esplorazio bat da filma, eta haren artxiboko materialean oinarritua dago. Epaimahaiak filmaren «hizkuntza poetikoa, zintzotasuna eta umorea» nabarmendu ditu, «Barbara Hammer zinemagilearen bizitzan modu sotilean sartzean sortzen duen samurtasunaz gain». Barbara Forever izan da edizio honetako lanik nabarmenduena, hiru sari eskuratu ditu eta.

Zinegoak sari nagusiaz gain, Sail Ofizialeko DOK kategoria irabazi du. Kasu horretan, epaimahaiak adierazi du Hammerren materiala modu «eder eta zintzoan» erabili duela O'Connorrek.

Dokumentalak Lesbianismo eta Genero saria ere jaso du, 3.000 eurokoa, Bilboko Udaleko Berdintasun Sailak babestua. «Memoria hain garrantzitsua den garai honetan, funtsezkoa da hegemonikoa ez den eta inoiz izan ez den bizitza baten testigantza uztea. Filma zinema lesbiko eta esperimental feministaren aitzindari honen errekonozimendua da», azpimarratu du epaimahaiak.

Lesbianismoaren eta Generoaren Saileko epaimahaiak aipamen berezia egin dio Divine Sungek zuzendutako Summer 's Camera filmari, «protagonistaren identitatearen aurkikuntza hunkigarritasunez kontatzen duelako, argazkiaren bidez bere aitaren nortasuna ere ulertzeko bidea aurkitzen baitu».

FIK kategorian, film irabazlea Sahand Kabirik zuzendutako The Crowd pelikula izan da, eta Joonho Parken 3670 filmari aipamen berezi bat egin dio epaimahaiak. The Crowd filmak Aniztasuna eta Giza Eskubideak saria ere jaso du, 3.000 eurokoa eta Bizkaiko Foru Aldundiko Lankidetzarako eta Dibertsitaterako Zuzendaritza Nagusiak babestua. 

Narratiba berriei eskainitako KRAK sailean, Meriem Bennani eta Orian Barki sortzaile marokoarrek zuzendutako Bouchra izan da saritua, eta publikoaren saria, berriz, Christophe Gomesen Seuls les poissons morts suivent le courant film laburrarentzat izan da.

Gazte epaimahaiaren saria Skin Flick film laburrak irabazi du, Louise Bailly, Daniela Del Castello, Alice Levy, Bruno De Mendonca, Elifsu Meric eta Joey Quoc Tranek zuzendutakoa, eta Senior Epaimahaiak Jetske Lieberren Januari (January) film laburra saritu du.

Euskal Aktoreen Batasunaren epaimahaiak Femke Vanhoveri eman dio fikziozko film luze bateko antzezpen nagusirik onenaren saria, Skiff pelikulan egindako lanagatik, eta Sarah Al Saleh, Alina Juhart, Mina Milovanovic eta Mia Skrbinac Fantasy filmeko lau protagonistek jaso dute film luze bateko antzeztaldeko antzezpenik onenaren saria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA