ENSEMBLE DIATESSARON
Taldekideak: Elena Martinez de Murgia (viola da gamba eta zuzendaritza), Inmaculada Aranburu (biolin barrokoa), Rafel Bonavita (gitarra barrokoa), Jose Luis Toledano (narratzailea). Egitaraua: Humanismo errenazentista: Margarita Nafarroakoa eta François Rabelais: D. Ortiz, G. Sanz, C. Gervaise, M. Marais eta abarren obrak. Lekua: Euskadiko Orkestraren egoitza. Eguna: urriaren 31.
Horrelaxe amaitzen du François Rabelais idazle frantsesak bere Gargantua eta Pantagruel obran irakurleei zuzentzen dien oharra. Abisu ulergarria da kontuan hartzen badugu istorio zikin bezain gatzdunen bilduma dela, non malezia, eskatologia eta erretorika aberatsa maila berean agertzen diren. Rabelaisen garai bertsuan bizi izan zen Margarita Nafarroakoa (edo Angulemakoa), erregina eta idazlea, emakume ikasia, eta, gainera, umore handikoa: frantsesez idatzi zuen Heptameron obran lizunkeria, desleialtasuna, iruzurra eta frantziskotarren bizimodu lasaka agerian jartzen duten istorioak bildu zituen. François eta Margarita, humanistak biak, eta biak heresiagatik salatuak, bidelagun izan zituen Diatessaron taldeak Miramongo egoitzan eman zuten kontzertuan, horiekin batera haien testuetan jorratutako gaiei erreferentzia egiten dieten Errenazimentuko konpositoreen piezak aurkeztuta.
Hala, Pelegria naiziela melodia ezagunaren ondoren mozkorren elkarrizketen lekuko izan ginen, P. Attaignant eta P. Certonen Edateko abestiak eta dantzak biziarekin. Jakin genuen gero nola jaio zen Gargantua bera amaren belarritik, D. Ortizen Recercadas sobre tenores eztian hirukoteak hartu-eman fina zutelarik. G. Sanzen Canarios alaian gitarra eta viola da gambak erakustaldia egin zuten, Gargantuak sei erromes urazarekin jan ostean. Andre fin batek frantziskotarren komun zikin batean eginkariak egin eta nola zikindu zen apaintzeko S. de Murciaren Zarambeques bikaina gitarran. Eta zeinen ondo borobildu zen kontzertua A. Corelliren Follia eromen zoriontsuarekin, Gargantuak prestatutako Theleme abadian arau bakarra baitzegoen: «Egin ezazu nahi duzuna». Bete zuten, noski.
Goiz dibertigarria eta atsegina goitik behera, zer pentsatua ere eman zuena. Badirudi badela Errrenazimentuko zein XX. mendeko gizon-emakumeak batzen dituen zerbait. Izan ere, asko egon ginen oinak mugitzen dantza lirain horiek hasi orduko, eta barreari ezin eutsi, haurren moduan, kakaren, mozkorren, pixaren eta ipurdien inguruko kontakizunak entzutean.