Barrenak askatzeko bidaia bat

Lau kantuko EP bat kaleratu du Arima taldeak: 'Beldurrez beste egitean'. Mendaron joko dute etzi

Arima taldeko kideak, Beldurrez beste egitean EPa iragartzeko argazki batean. ENEKO PEREZ ARNAIZ.
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Bidaia baten amaiera irudikatu nahi izan du Arima taldeak Beldurrez beste egitean lan berrian. «Egonaldi luze batek uzten dituen ziurgabetasunak, emozio berri eta ezezagunak, maitasun esperientziak... sentimendu horiek guztiak islatu nahi izan ditugu diskoan», kontatu du Paule Bilbao Ajuriagerra abeslari eta gitarristak. Taldeak argitara ateratako hirugarren lana da, eta, haren arabera, baita bereziena ere. Mendaroko (Gipuzkoa) San Agustin kulturgunean aurkeztuko dute ostiralean. Ama Say taldea ere arituko da.

Lau kantu bildu dituzte EP berrian: Itzalen hutsunean, Kea eta larruak, Oroigarri bat eta Jarraitzea erabaki nuen. «Maitasuna da, nolabait, diskoko gai nagusietako bat, baina ez funtsezkoena», aurreratu du Bilbaok. Bizkaitarra izan arren, Donostian igaro ditu azken urteak abeslariak, eta horiek hartu ditu, hain zuzen, inspirazio iturri gisa hitzak idazteko orduan: «Donostiari idatzitako agur gutun moduko bat da. Ez hiriari berari, baizik eta bertan bizi izandako esperientzia horiei guztiei».

Azken batean, ziklo bati amaiera emateko modu gisa definitu du lana, eta «hainbat emozio» tartekatu nahi izan ditu. Hala ere, abeslariak nabarmendu du aurreko lanek baino «piroteknia gutxiago» dutela kantuek: «Orain arteko diskorik autentikoena dela esango nuke; zuzenean jo dugu muinera. Abesti bakoitzaren beharrei erreparatu diegu, eta horiek landu ditugu». Lan intimo bat da emaitza: «Biluziago ageri naiz, mina eta beldurra lotsarik gabe azaleratuz».

Diskoko lau abestien bitartez, nolabaiteko istorio bat kontatu nahi izan du Bilbaok. Eta, amaiera aldera, esperantzari ere zabaldu nahi izan dio atea: «Azken finean, dolu bat lantzen da diskoan, etapa baten amaiera, eta Jarraitzea erabaki nuen azken abestiak itxaropen kutsua ematen dio lanari; borobildu egiten du». Izenburuak berak ere bidaia horri egiten dio aipamena: «Beldurrak gainditu, eta beste etapa baten hasiera markatzen du esaldiak. Metafora moduko bat da».

Musika terapia gisa

Zehazki, 2018. urtean sortu zen Arima proiektua. 2019an kaleratu zuten Metamorphosis lehenengo EPa, eta haren ondotik etorri zen Biluztasunez jantzita bigarren lan laburra, 2021ean. Bilbaorekin batera, Josu Gonzalez baxu jotzaileak eta Gontzal Bilbao bateria jotzaileak osatzen zuten Arima. Orain, baina, beste partaide bat gehitu zaie: Josu Palacios gitarrista. «Gitarra testura eta soinu berrien bila jo dut lan berrian, eta, Josuri esker, beste dimentsio bat lortu dugu», azaldu du Bilbaok. Zuzenekoetan ere nabarituko da hori: «Orain arte looper-arekin igotzen nintzen oholtza gainera, baina, orain, Josuri esker, askatasun handiagoa daukat. Asko irabazi dugu».

Terapia gisa ulertzen du proiektua Bilbaok: «Buruan ditudan kezkak eta ezinegonak plazaratzeko modu bat da musika niretzat». Kantuak maiz «oso metaforikoak eta poetikoak» izaten direla gaineratu du, baina entzule bakoitzak bere interpretazioa egiteko gonbita egin du.

Estudioko lanak bukatuta, zuzenekoekin hasteko gogoz dago orain taldea: «Publikoarekin konektatzeko aukera ematen dute kontzertuek. Hor ikusten da zure musikak zer-nolako zirrara eragiten duen. Sinergia moduko bat dira».

Ostiral honetan Mendaron jo ostean, besteak beste, kontzertu hauek iragarri dituzte datozen asteetarako: Ondarroako (Bizkaia) gaztetxean ariko dira apirilaren 28an; Hondarribian (Gipuzkoa) maiatzaren 13an; Azkoitian (Gipuzkoa) maiatzaren 19an; Beran (Nafarroa) maiatzaren 21ean; Gernika-Lumon (Bizkaia) maiatzaren 26an; eta Donostian maiatzaren 27an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.