«Barrenak ikaran jarriko dizkizun poesia hori bilatzen dut»

Emoziotik abiatuta irakurlea emozionatzea du xede nagusi Paddy Rekaldek 'Spray' liburuko poemetan

Juan Luis Zabala
Donostia
2011ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Emozioa eta pasioa bilatu ditu ororen gainetik Paddy Rekaldek (Deustua, Bilbo, 1964) Spray poema liburu berrian (Susa); eta spray-a astintzera adoretu du irakurlea liburuaren izenburu bereko poeman, «kanonei begira fikzioa eta ez-fikzioa eztabaida antzuetan / masturbatzen diren kritikarien oniritzi behar barik», «kultura cool-ture edota cold-ture bilakatu den egunotan», «kultura makillatuaren garaiotan». Barruan salaketa gordetzen duen honako galdera honekin amaitzen du poema: «ez duzu hotz ikaragarri hau igartzen? / basamortu honetako gauak inoizko hotzenak dira».

Bigarren poema liburua du. Lehena, Bilbo Dub kronikak (Susa), 2004an argitaratu zuen. Azkeneko hiruzpalau urteetan idatzitako poemak jaso ditu Spray-n. «Ez dute gai zentralik», ohartarazi du. «Edo, egotekotan, nire literaturan egoten dena dago: emozioa eta pasioa; eta munduari begiratu humano bat ematea, nire begi eta bihotz propioetatik egina. Hunkitu egiten nauten istorioak, gaiak eta egoerak ekarri ditut paperera; edo haserrea eragiten didatenak. Ni oso emozionala naiz, eta nire asmoa litzateke irakurlea poema bakoitzean —edo poema batzuetan— emozionatzea. Uste baitut batzuetan gurean ukitu hotz bat zabaltzen dela, orokorrean».

Celso Emilio Ferreiro galiziar poetaren aipu bat ezarri du poema baten hasieran: «ni ez naiz poeta sport bat». Ukazio horrekin bat egiten du Spray-ren egileak. «Bihotza bilatzen dut poesian. Barrenak ikara batean jarriko dizkizun poesia hori. Poesia irakurri eta arnasaren eten moduko bat sentitzea bilatzen dut, haserrea dela-eta, gozotasuna dela-eta, amodioa dela-eta, plazera dela-eta… Baina behintzat zerbait sentitzea; ez geratzea poemaren amaieran hasieran bezala».

Paddy Rekaldek badaki «baztertuen literatura bat egitea» leporatzen diotela askotan; «erresistentziaren aldeko literatura bat egitea, euskal Bukowski bat izatea». Baina ikuspegi horri azalekoa irizten dio. «Hunkitzen nauten gauzak, edo haserrea eragiten didatenak, geratzen zaizkit buruan eta bihotzean, eta saiatzen naiz horiek paperera eramaten. Baina ez egunkarietako berri baten antzera, berri bat hotza izan daitekeen neurrian, baizik eta emozio puntu horrekin, eta kontu horren inguruan pentsarazteko aukerarekin. Ez da baztertuen aldeko epika bat; baina, jakina, baztertuek haginka egiten didate barne-barnetik. Ez da erresistentziaren aldeko panfleto bat; baina badago hainbat gezur, hipokrisia eta muntaketaren aurkako aldarrikapen gogo bat».

Izenbururik gabeko hiru ataletan banatu du liburua, baina atal bakoitzari gai jakin bat eman gabe. Atalen aurretik, sarrera gisa, Memoria gara poema dago, memoriak liburu osoan duen garrantzia iragartzen duena. «Memoriak moldatu egiten gaitu. Ni naiz halakoa, iragan bat bizi izan dudalako. Iragan horrek sortu du memoria bat, eta memoria horri esker gaur egun gauzak ikusten eta sentitzen ditut modu batean».

Literaturaz ere pentsarazteko

Literatura ere sarri samar agertzen da gai gisa Spray-n. «Literaturaren munduan gertatzen diren kontraesanak, mozorroak, era batean zein bestean inposatu nahi dizkiguten kanonak ekartzen ditut eztabaida puntu horretara, pentsarazteko puntu horretara». Literaturari «modu subertsibo batez» heltzearen aldeko aldarrikapena aurkituko du irakurleak liburuko poema batean baino gehiagotan.

«Poesia sozial eta politikotik aparte, badaude oso nireak diren poemak ere, nire etxe barrukoak, oso hurbileko bizipenetatik heldu zaizkidanak: harremanak, amodioak, heriotzak», azaldu du Paddy Rekaldek. «Saiatu naiz horiek guztiak poema baten tankeran idazten, eta pentsatzen dut heldu ahal direla irakurlearen bihotzera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.