Barrura begiratzeko ariketa bat

Urtz taldeak bederatzigarren diskoa kaleratu du: 'Esnatzean'. Taldearen ohiko doinuak soinu elektronikoekin nahastu dituzte. Urtarrilean abiatuko dute aurkezpen bira, Bilbon.

2023-11-17, Bilbo. Urtz taldeak 'Esnatzean' izeneko disko berria aurkeztu du
Urtz taldeko kideak, 'Esnatzean' lan berria eskuetan dutela. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko abenduaren 3a
05:15
Entzun

Gizartea lozorrotik esnatzeko asmoz ondu du bederatzigarren diskoa Urtz taldeak: Esnatzean. «Gure barrualdearekin bat egitea aldarrikatu nahi dugu, patuak dakartzan erronkei aurre egin ahal izateko», adierazi du Xabi Camarero abeslari eta gitarra jotzaileak. Zazpi kantu bildu dituzte denera, eta taldearen «berezko izaera» doinu berritzaileekin uztartu dute. Urtarrilean abiatuko dute aurkezpen bira, Bilborock aretoan.

Taldearen entsegu lokalean grabatu dute diskoa; Sestaoko (Bizkaia) Polo Sur estudioan, hain zuzen. «Etxean egotea bezala izan da», esan du Camarerok. Hala, erlojupean ibili beharrean, diskoa «lasai eta patxadaz» lantzeko aukera izan dute: «Inoiz baino garrantzi handiagoa eman diogu produkzioari. Disko berezia da guretzat».

Aurreko lanetan bezala, rock eta pop doinuei tiraka jarraitu dute, baina «mutazio berritzailea» ere badu, Camarerok kontatu duenez: «Esperimentaziorako tartea hartu dugu: taldearen betiko soinuak doinu elektronikoekin nahastera ausartu gara». Horren erakusgarri da sintetizadoreen erabilera, kasurako. «Lifting moduko bat izan da taldearentzat». Orain arteko diskoetan bezala, balada batek ixten du lan berria: Esnatzean.

«Lozorroan murgilduta dagoen testuinguru sozial honetan, bihotzetik eta sentitzen dugunetik abestu nahi izan dugu» 

XABI CAMAREROUrtz taldeko abeslari eta gitarra jotzailea

Hitzei dagokienez, «zabalik» utzi nahi izan dute entzule bakoitzaren interpretazioa, baina Camarerok zehaztu du «barrura begirako ariketa bat» izan dela: «Lozorroan murgilduta dagoen testuinguru sozial honetan, bihotzetik eta sentitzen dugunetik abestu nahi izan dugu». 

Ez etsi aukeratu dute lan berriko single gisa. «Itzul zaitez/ Itxi begiak/ Ireki bihotza», dio kantuaren hasierak. Alabaina, Hegoak da diskoko abestirik bereziena Camarerorentzat: «Anaiak egindako abesti baten bertsioa da. Asko maite dudan kantu bat da, eta oso gustura geratu naiz emaitzarekin». Josu Torrealdai arduratu da disko osoaren diseinuaz.

Urtz taldearen Ez etsi kantuaren bideoklipa.

35 urteko ibilbidea

1988an sortu zen Urtz taldea, Pasaian (Gipuzkoan), eta arrakasta handiko hainbat kantu eman dituzte urte hauetan guztietan. Tartean, Kaixo eta Ez gaitu inork geldituko. 2003an taldearen ibilbidea amaitzeko erabakia hartu zuten, baina, handik hamar urtera, Astiro izeneko diskoarekin itzuli ziren.

Egun, Camarero da Urtz sortu zenetik hona taldean segitzen duen partaide bakarra. Harekin batera, Ander Hurtado de Saratxo perkusionista, Dani Vicente gitarra jotzailea eta Jorge Sanchez baxu jotzailea aritzen dira gaur egun.

Taldeak iragarri duenez, urtarrilaren 27an abiatuko dute lan berriaren aurkezpen bira, Bilborock aretoan. Haren ondotik, lehen aldiz joko dute Madrilen, otsailaren 3an; eta, gero, Euskal Herriko herri eta hiriak zeharkatzeko asmoa dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.