Basoko melodiaren hatsa

Beñat Axiarik, Joseba Irazokik, Julen Axiarik eta Oihan Oliarj-Inesek disko berria plazaratu dute, Elkar zigiluarekin elkarlanean: 'Bas(h)oan II'. Izen bereko diskoaren lehen partea 2017an atera zuten

Ezkerretik eskuinera: Andres Kamino Jitu, Beñat Axiari eta Joseba Irazoki Bas(h)oan II diskoa aurkezten, herenegun, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU.
Leire Casamajou Elkegarai.
Baiona
2023ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
«Parentesien artean agertzen den h hori gure hatsa da. Gure hatsa xerkatzen dugu, eta tarteka etortzen da»: Bas(h)oan II diskoa aurkeztu berri dute Beñat Axiarik (ahotsa), Joseba Irazokik (gitarra, Tunipanea gaita, zaratak eta ahotsa), Julen Axiarik (bateria, perkusioak eta ahotsa), eta Oihan Oliarj-Inesek (baxua, teklatua eta ahotsa). Bost urte iragan dira lehen hirurek Robbie Basho gitarrista estatubatuarrari (1940-1986) egin zioten omenaldiaz geroztik —Bas(h)oan diskoaz geroztik, hain zuzen—, eta Bas(h)oan talde izena ere bilakatu zaie; gainera, Oliarj-Inesekin batera aritu dira sortzen aldi honetan.

Lehen diskoko h-ak Basho artistari erreferentzia egiten zion, basoa hitzarekin hitz jokoa sorturik. Orduan, diskoko kantuen erdiak harenak ziren: Bashok berak ematen zituen bezalaxe emanak, euskarara itzuliak, edo hiru artisten interpretazioaren arabera moldatuak. Azken disko honetan, ordea, Bashoren kantuetatik bakarra da agertzen: Mehera My Love. Diskoak izen bera atxiki du, alta; bigarren atala dela zehazturik, zenbaki erromatarrez. Preseski, lehen diskoak taldea osaturik, biak batu dira: izena eta izana; axiaritarrei, Irazokiri eta Oliarj-Inesi «hats» nahikoa emanik hamar piezako obra berria ontzeko.

Obra «bitxi eta paregabea»

Elkar argitaletxeko ekoizle exekutibo Andres Kamio Jitu-k aurkeztu zuen herenegun diskoa, Beñat Axiari eta Irazokirekin batera. Hitz oso azkarrak erabili zituen: «bitxia», «interesgarria», «aparta», «paregabea». Eta behin baino gehiagotan azpimarratu zuen lehen diskoak izan duen arrakasta. Zehaztu zuenez, bigarren lanak, lehenak bezala, «esperimentazioa» du oinarri. Axiari ere horri buruz mintzatu zen: «Prozesu bizia da, kolektiboa, lan handia eskatu duena... Eta amaitu gabeko prozesua ere bada». Borobiltzeko, Jituk Axiariren baiezkoa bilatu zuen begiradaz, ondokoa erran aitzin: «Disko hau askea da [...], eroa zentzu onean»; Axiarik irri batez onartu zion adjektiboa. Victor Sanchez Elkarreko teknikariaren lana ere goraipatu zuen.

Diskoan parte hartutako beste artistetako bat Irazoki da; proiektuaren bultzatzailea ere izan zen 2017an, Bas(h)oan lehen diskoa atera zenean. Izan ere, hark zien besteei Basho ezagutarazi. «Nik gitarrista moduan ezagutu nuen gehiago; bazituen bi alde: gitarra akustikoko afinazio desberdinekin nahiko aitzindaria izan zen; ni alde horretatik kateatu nintzen harekin. Baina, gero, ikusi nuen kantari gisa ez zuela hainbeste landu alde hori, baina ahots oso-oso indartsua zeukala». Bashoren artea kantuaren bidez ere bizitzen hasirik, orduan hurbildu zen gehien harengan. Haren ahots tonua «Beñatenaren gisakoa» iruditu zitzaion; eta horrela sortu zen dena, Basho kantari gisa ere deskubriturik eta Axiariri proposamena eginik.

Orotara hamar pieza ditu Bas(h)oan II diskoak, eta, denak elkarrekin landuak izanagatik, taldekide bakoitzak bere aldetik ere landu ditu horietarik zenbait. Hain zuzen, Beñat Axiarik zehaztu bezala, Irazokik hiru pieza proposatu zizkien: Milla fabore, Lo egin eta Justizia-ero-ren musika eta hitzak harenak dira. Oliarj-Ines taldekide berriak, bestalde, Raga pieza konposatu du; beste lau kantu Itxaro Bordaren hitzetatik abiatuak dira. Ene ardiekin Arnegitik urrun kantuaren hitzen autorea ezezaguna da, ordea. Bada Bashoren kantu bat ere: Mehera My Love. Axiarik adierazi du «amodiozko kantua» dela, baina kutsu «espirituala»ere baduela.

Poesiaz josia

Obra bere osotasunean harturik, Bas(h)oan-en pieza bakoitzari egin diote ekarpena taldekideek: «Denen artean sortzen hasi ginen. Musika egiteko gelditu ginen lehen aldian, hau izan zen proposamena: lehenengo ikusi zer ateratzen den lauren artean, inprobisatuta... Denen artean kantu multzo bat moldatzea lortu genuen», nabarmendu du Irazokik.

Lehen diskoan gertatu bezala, bigarren diskoan ere garrantzia dute hitzek. Musika ez ezik, testuak ere oso zehazki hautatuak edo landuak izan dira, poesiari leku eginik. Beñat Axiari emoziozmintzatu da horri buruz: «Gure gizartean, poesiak leku biziki inportantea izan behar du: bai eskoletan, bai gure bizian ere. Gure garaia hobekiño konprenitzen dugu, gure baitako emozioak ere bai... Horrelako goi mailako poesian, edertasunaren bidean joaten gara. Poesiaren indarra behar-beharrezkoa da kantu guztietan».

Nabarmendu dutenez, hamar piezetatik lau Bordaren hitzetatik abiatuak dira: Ezkia haizean kantari liburu-diskotik abiatua da Eta populu zaharreko; Idatzi, berriz, Mendearen iratzartzea bildumatik; Zerotik abiatzeko poema izen bereko obraren hirugarren partetik, eta Tchourako bidea, azkenik, Hautsak errautsa bezan bildumatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.