Bihar eta etzi eskainiko dituen saioekin batera hasiko da ofizialki Bilboko Orkestra Sinfonikoaren denboraldi berria. Datorren udara bitarte, hamazazpi programa eskainiko ditu orkestrak, denak ere basoaren gaiari lotuta. Hain zuzen, izenburutik beretik harilkatuko ditu ardatz horrek lehendabiziko programako bi saioak, Basoko murmurioak izenekoak. Euskalduna jauregian izango da hori, 19:30ean.
Eduardo Strausserrek zuzenduko ditu lehen bi saio horiek. Haren batutapean, Richard Wagnerren Sigfried operako Waldweben (Basoko murmurioak) zatia joko dute musikariek lehendabizi. Ondoren, Vanessa Goikoetxea sopranoak hartuko du oholtza, eta Richard Straussen Azken lau Liederrak interpretatuko ditu. XX. mendeko ahots errepertorioko pieza handienen artean dago Straussen lan hori.
Musika eta literatura elkarrekin
Bestalde, Leire Bilbao idazle eta poeta izango da Bilboko Orkestra Sinfonikoaren aurtengo artista egoiliarra. Besteak beste, poema bat idatziko du denboraldiko hamazazpi programetako bakoitzerako, bi hizkuntzatan. Hortaz, 34 poema izango dira guztira: hamazazpi euskaraz eta beste horrenbeste gaztelaniaz. Kontzertu bakoitzaren hastapenean entzungo dira poema horiek. Bihar eta etziko kontzertuetan Bilbaok berak errezitatuko ditu.