Artea

Basterretxearen eta Oteizaren arteko harremana «kartografiatzeko» erakusketa bat jarri dute ikusgai Altzuzan

Bi artisten lankidetzaren fruitu izan diren edo, nolabait, bataren zein bestearen arrastoa daukaten sei proiektutan jarri dute arreta. Besteak beste, 1960an Madrilgo Nebli galerian elkarrekin osatutako erakusketaren oihartzunak dakartza mostra berriak.

Nestor Basterretxearen 'Zeinua' eskultura, Jorge Oteizaren 'Esekidura hutsa' piezaren ondoan, Altzuzako Oteiza museoan ikusgai jarrita. OTEIZA MUSEOA
Nestor Basterretxearen 'Zeinua' eskultura, Jorge Oteizaren 'Esekidura hutsa' piezaren ondoan, Altzuzako Oteiza museoan ikusgai jarrita. OTEIZA MUSEOA
Uxue Rey Gorraiz.
Altzuza
2026ko martxoaren 25a
18:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Haien sorterrietatik urrun, Argentinan gurutzatu ziren lehenbiziko aldiz Jorge Oteizaren (Orio, Gipuzkoa, 1908 - Donostia, 2003) eta Nestor Basterretxearen (Bermeo, Bizkaia, 1924 - Hondarribia, Gipuzkoa, 1914) bizitzak, 1940ko hamarkadan. Ordurako, biak zebiltzan aurrez urratutako bide artistikoetatik determinazioz ibiltzen, eta halaxe egin zuten aurrerantzean ere, hamarkadetan, bai nazioartean eta baita Euskal Herrian ere, erbestetik bueltatutakoan. Ezagun dira bi-biek abangoardiako euskal artearen historia garaikidean eginiko ekarpenak. Ezagun dira, orobat, XX. mendearen bigarren erdialdean adierazpide estetikoetan bultzatu zituzten berrikuntzak. Eta, hala eta guztiz, harago ere jo daiteke analisian. Nork bere kasa eta paraleloan trazatutakoei ez ezik, Argentinako enkontru hartaz geroztik elkarrekin eginikoei ere erreparatzeak nabarmen bistara dezake haiek utzitako ondarearen itzal zabalago bat. Eta hori ekarri du azalera, preseski, Altzuzako (Nafarroa) Oteiza museoak zabaldutako erakusketa berriak: Basterretxea - Oteiza. Espazioaren arazoa. Bi artisten arteko lankidetza jarri dute erdigunean. Bai eta laguntasuna bera ere. 

Mostra mardula ondu dute. Laurogei piezatik gora daude bilduta: eskulturak, argazkiak, zirriborroak, gutunak eta beste. Eta, Basterretxearen eta Oteizaren arteko harremana «sakonki ezagutarazteko» helburuz, ibilbide bat proposatu dute Juan Pablo Huercanos eta Peio Agirre komisarioek —Oteiza museoko zuzendariorde ere bada Huercanos, eta Agirre bereziki aditua da Basterretxearen obran; hari buruz landutako bosgarren erakusketa du Altzuzakoa—. Abuztuaren 30era arte egongo da ikusgai. 

'Basterretxea - Oteiza. Espazioaren arazoa' erakusketako pieza batzuk. IÑIGO URIZ / FOKU
'Basterretxea - Oteiza. Espazioaren arazoa' erakusketako pieza batzuk. IÑIGO URIZ / FOKU

Funtsean, bi artisten arteko lankidetzaren fruitu izan diren edo, batera edo bestera, haien arrastoa daukaten sei proiektutan jarri dute arreta. Nabarmendu dutenez, adiskidantza harremanaren «kartografia» lan bat trazatzea izan dute xede. 1952tik aurrera Arantzazuko basilika prestatzeko lanak dira komisarioek begiz jo duten proiektuetako bat, baita, denbora lerroaren beste muturrean, Sabino Arana fundaziorako 1979an eginiko proiektua ere. Tartean kokatu beharreko hauek ere aztertu dituzte, gainera: Madrilgo Nebli aretoan elkarrekin ondutako Esculturas. Relieves erakusketa (1960), Irungo Etxearen proiektua (1958-1975), eta Operación H (1963) eta Ama Lur (1963-1968) zinema proiektuak. 

56 urteren ondotik, atzera

Gertakari esanguratsuen errenkadan, baina, denak ez dira berdin. Mostraren aurkezpenean mintzatu ziren guztiek nabarmendu dute gauza bera: Madrilgo Nebli aretoko erakusketa ezinbestekoa izan da erakusketa berrirako. Hain zuzen, hura izan zen Oteizak eta Basterretxeak inoiz elkarrekin egin zuten erakusketa bakarra, eta komisarioek propio ekarri nahi izan dituzte haren oihartzunak Altzuzara. Huercanosek zehaztu duenez, ez dute Madrilgoa erreplikatu, baina, «hurbilketa bat» egiteko anbizioz, xehe aztertu dute orduan bi euskal artistek jorratutakoa, eta hartan paratutako zenbait pieza erreskatatu dituzte. 

Edonola ere, bi artistek sekula elkarrekin osatutako erakusketa bakarra izatea ez da 1960ko mostrari aitortutako berezitasun nabarmen bakarra. Komisarioek nabarmendu dutenez, garai «erabakigarri» batean plazaratu zuten erakusketa hori Basterretxeak eta Oteizak, bidegurutze gisako batean zirelarik. Huercanosek gogora ekarri duenez, Oteiza dagoeneko hasia zen publikoki iragartzen alor eskultorikoa itxitzat ematekotan zela, eta laster «desplazatuko» zela beste gogoetagune batzuetara, hala nola arkitekturara, «hirira». Era berean, Agirrek nabarmendu duenez, Basterretxea ere «trantsizio garai betean» zen Nebliko erakusketa muntatzen ari zirenean: «Pinturatik eskulturara mugitzen ari zen, bi dimentsiotako planoak dagoeneko ez zitzaizkiolako aski espazioaz jarduteko». Hain zuzen, Basterretxeak Espacio plástico izeneko testu batean idatzita utzi zituen gogoetok, eta irakurgai dira orain ere, Oteiza museoak erakusketa berrirako ondutako argitalpenean. 

«Nik sekula ez dut ezagutu halako kontzientzia pizteko gai den beste bikote artistikorik. Haizagailu batek bezain zabal hedatzen zuten erresonantzia kulturala»

JUAN PABLO HUERCANOS Oteiza museoko zuzendariordea eta komisarioa

Bermeotarrak eta oriotarrak elkarri zioten estimua eta bien arteko konplizitatea behin eta berriz azaleratu dituzte komisarioek erakusketaren aurkezpenean. Huercanos: «Elkarrekin aritzen ziren, eta zerbait berezia aktibatzen zen orduan: nik sekula ez dut ezagutu halako kontzientzia pizteko gai den beste bikote artistikorik. Haizagailu batek bezain zabal hedatzen zuten erresonantzia kulturala». Edonola ere, aurkezpenean, komisarioei behin baino gehiagotan egin die eskapu bi artisten «tenperamentuei» buruzko aipamenak, eta, horregatik, kasik justiziazkoa dirudi Basterretxeak eta Oteizak izan zituzten ika-miken adibide bat sikiera jaso izanak.

Operación H ikus-entzunezko proiektuaren harira heldu zen haserrea. X Films ekoiztetxearen izenean, Juan Huartek spot baterako gidoi bat egiteko eskatu zion Oteizari, baina, bitartean, Basterretxeak beste proposamen bat egin zuen —Fernando Larruquertekin jardun zuen proiekturako—, eta, azkenerako, harena hobetsi zuten ekoiztetxekoek. Hala, iskanbila sortu zen bi adiskideen artean, nahiz eta, azkenerako, Oteizak egin egin zuen ekarpenik, eta haren sinadura ere agerrarazi zuten.

Carreñorenak ere bai

Mostraren aurkezpenean, Oteiza fundazioaren patronatuko lehendakari Jaione Apalategi ere mintzatu da tarte batez, eta hark ere irmo egin du azpimarra bi artisten arteko adiskidantzari buruzko erakusketa bat osatu izanak gaur egun daukan balioan. Hitza hartu bezain laster, Basterretxea zein Oteiza hilik direnetik hamarkada luze joan dela ekarri du gogora Apalategik, baina, kontrapisu modura, bi-bien obrak eta figurak oraindik «bizi-bizirik» direlako ideia azpimarratu du segidan. Haren esanetan, ukaezina da haien ondare artistikoak ez ezik haien «hitz jarioek» ere gaur egungo arte sisteman duten inportantzia.

Peio Agirre, Jaione Apalategi, Goizane Alvarez eta Juan Pablo Huercanos. IÑIGO URIZ / FOKU
Peio Agirre, Jaione Apalategi, Goizane Alvarez eta Juan Pablo Huercanos. I. URIZ / FOKU

Besteak beste, erakusketa antolatzeko prozesuan Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako sostengua eskertu du Apalategik —Goizane Alvarez Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatuak ere parte hartu du agerraldian—, eta, hain zuzen, jakinarazi du jarduera gehiago ere antolatuko dituztela erakunde horrekin aurrerantzean.

Iragarri dutenez, 2028an plazaratuko duten beste proiektu baterako lanean dira dagoeneko, eta zera aurreratu dute gaur-gaurkoz: Jorge Oteizaren 120. urteurrenaren karietara onduko dute. Haren bitartez, arreta berezia jarriko dute eskultorearen emazte izandako Itziar Carreño Etxeandiarengan ere, eta hari loturiko efemeride bat izanen dute horretarako aitzakia, zehazki: 90 urte iragan izanen dira Argentinan ezkondu zirenetik.

Egitaraua

Erakusketaz gain, jarduera hauek ere antolatu dituzte Oteiza museoan.

  • Bisita gidatua, komisarioek lagunduta. Martxoaren 28an, 12:00etan. 
  • Operación H film laburraren emanaldia. Maiatzaren 16an, 12:00etan.
  • Ama Lur filmaren emanaldia. Maiatzaren 30ean, 12:00etan.  
  • Haurrentzako kanpaldia. Apirilaren 7tik 10era. 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!