Musika

Bat-batean musika jaialdi berriak Euskal Herri osoko 21 talde eta bost DJ batuko ditu maiatzean Gasteizen

Jimmy Jazz aretoak Bat-batean musika jaialdia ipini du martxan, Euskal Herri osoko gazteak elkartzeko xedez. Maiatzaren 15ean eta 16an izango da, Gasteizko Mendizabalan.

Xiberoots taldeko kideak Maulen, 2025eko apirilean. PATXI BELTZAIZ
Xiberoots taldeko kideak Maulen, 2025eko apirilean. PATXI BELTZAIZ
garbine ubeda goikoetxea
2025eko abenduaren 11
13:07
Entzun 00:00:00 00:00:00

21 talde eta 5 DJ batu dituzte Bat-batean jaialdiaren lehen kartelean, honako hauek: Añube, Apotheke, Brigade Loco, Bull Brigade, Etxepe, Hell Beer Boys, Hofe, Jarfaiter, La Elite, La Txama, Lukiek, Metrika, Nafarroa 1512, Nerve Agent, Roy Ellis, Safu, Santa Salut, Segismundo Toxicomano, Skabidean, Tatta eta Xiberoots taldeak eta Carlos Perez, K-Style, Malakias Mx3, Malandro eta Rosa Mari disko jartzaileak. Maiatzaren 15ean eta 16an izango da Bat-batean, Gasteizko Mendizabalan. Falta diren izenen berri urtarrilaren erdialdean emango dutela iragarri dute antolatzaileek, Gasteizko Jimmy Jazz aretoko kideek.

Azaldu dutenez, Arabako eta Euskal Herri osoko gazteak elkartzeko xedez sortu dute Bat-batean jaialdia. Bi eszenatoki nagusi izango ditu, baita karpa bat ere, musika eta programazio propioarekin. Horrez gain, jantokiak eta atseden hartzeko guneak ere egokituko dituzte. Programazioa osatzerakoan, estiloen ugaritasuna izan dute kontuan Jimmy Jazz aretokoek, eta rocka, punka, rapa, popa eta musika elektronikoa uztartu dituzte, gustu guztietako ikus-entzuleengana heltzearren.

Sarrerak abenduaren 16an jarriko dituzte salgai, www.batbatean.eus webgunean, 10:00etatik aurrera. Lehen 1.000 sarrerak 40 euroan salduko dira; ondokoak, 45 euroan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.