«Bazekiten katea ezin zela eten»

itziar ugarte irizar
Deba
2023ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Gerraostean nabarmen txikitzen da emakumeen presentzia publikoa, ia desagertzeraino. Nola interpretatzen duzue hori?

GOIKOETXEA: Oinarrizko bi instituzio nagusietara doaz: familiara eta irakaskuntzara.

AGIRRE: Desagertzen dira, baina ez dira desagertzen: klandestinitatean segitzen dute. Bazekiten katea ezin zela eten. Jakin-en, Pilare Baraiazarrak kontatu zuen, adibidez, nola umetan bere auzora etortzen ziren emakume batzuk, eta hartzen zituzten neskak, eta antzerkia egiten irakatsi, liburuak pasatu... eta nola enteratu zen handik urteetara EABkoak zirela.

GOIKOETXEA: Deban ere jaso dut lekukotza hori. Amek bidaltzen zituzten alabak Tenerekin euskaraz alfabetatzera. Ez zieten esaten EABkoa zela, baina ondo zekiten.

Hurrengo belaunaldiek apenas egin zieten leku, ordea. Jakin-en, adibidez, aldizkaria berritu ahala, gizonak dira izen berri denak.

AGIRRE: 1936 eta 1956 bitartean transmisio eten ikaragarri bat dago, eta 1956an sortzen den belaunaldia gazte belaunaldi bat da, gerraurreko EAJren mundu ikuskeraren kontra sortzen dena. Ezkerretik doan bide bat irekitzen da—Ekin, ETA, Jakin...—, baina gerrara arteko euskal emakumearen iruditeriari balioa ematen ez dion ideia erreproduzitzen da. Ez identikoki. Hor badago esentzialismoaren aurkako borroka bat, erlatibismoaren aldekoa, eta, urte gutxira, abertzaletasun berri horrek baimenduko du, adibidez, ateak irekitzea feminismoari, Iparraldean.

GOIKOETXEA: Eten behar horretan, ordea, badaude herri gisa min egiten diguten osagai batzuk. Nik maskulinitate eredu batekin ere lotzen dut. Emakume hauek kontrakoa egiten dute: gauzak lotzen joan. Erabateko etenak fikziozko mundu bat ere sortzen du, hein batean. Inoiz baino ezkertiarragoak, utopikoagoak... Mendeetan kristau izan bagara, bat-batean, belaunaldi batek erabakitzen duelako ez garela gehiago izango, ez dago ezer interesgarria atzetik?

AGIRRE: Ulertzen dut. Baina nik 56ko belaunaldiarekin lotzen dut Joxe Azurmendi bat: aurreko belaunaldiarekiko begirada hiperkritiko bat garatzen du, baina oso sustraitua. Puskatzen du, baina ez du puskatzen. Zer dugu Orixeren kontra eta alde? Hori da kontua.

GOIKOETXEA: Azurmendi bakarra dago [barreak].

AGIRRE: Baina hor tokatu da. Ez dakit halako beste belaunaldi bat sortu den. Uneko egoerari erantzun bat eman zioten; izan zitekeen beste bat, baina gure betiko auziarekin: urgentzia. Etxea erretzen ari da, eta zer salbatuko dugu. Azurmendi anomalia bat da: akademiatik saiatzen da marko dekolonial bat jartzen. Horretaz idazten du etengabe: guk pentsa dezagun geure burua. Baina erabat marjinala da, baita euskaldunontzat ere. Horrekin konparatuta, gerraurreko emakumeak, pentsa.

GOIKOETXEA: Gerra aurrekoarekiko begirada, oro har, ez da izan oso kontsideratua euskal ikasketetan. Batzuetan, badirudi dena 1960ko hamarkadan hasten dela, eta modernitatearen oinarriak, aldiz, orduan jartzen dira: emakumeen mobilizazioa, langileena, abertzaletasunaren formulazioa, euskararena... Gero, hori eraldatzen doa, baina eraldaketa da. Desegituratutako herri baten transmisio bideak ezin dira gutxietsi. Eta uste dut atzeraka goazela ezagutza arloetan. Eleaniztasuna, kulturartekotasuna... Debate batzuk ez dira zabaltzen ari, eta ez da kasualitatea.

AGIRRE: Ukazio fase batean gaude. Ez dago gatazkarik, ez generoan, ez hizkuntzan, ez nazio auzian. Eta, hori gabe, sustapena geratzen zaizu, ez interpelazioa.

Hautsi da anphora 2.0. sentsazioa ere aipatzen duzu liburuan, Nekane. 1970eko urteetan oinarritutako euskararekiko ikuspegiak baduela angelu itsu nabaria.

GOIKOETXEA:Hautsi da anphora-k esan zuen poxpolinen idearioak ez zuela gehiago balio Bilbo kantatzeko. Beste bat zen Euskal Herria ordurako, eta uste dut beste bat dela gaurkoa. Ikasleen egoteko moduan hizkuntza politika baten ondorioa ikusten dut. Beste subjektu mota bat da, denbora esperimentatzeko beste modu batekin, erabat neoliberala den mundu bateko kide... Hor zer euskaltasun mota irudikatu behar dugu? Zein da hurrengo round-a? Garai bakoitzak pentsatu behar du zer den euskaldun izatea, norantz jo. Eta emakume hauei begira jartzea bada hautu bat esateko: «Ados, izan gaitezen modernoak, baina hauek ere hemen daude; deserosoak, kristauegiak, urdin marinoz jantzita joaten zirenak... Gu ez gara hori, baina hori ere izan ginen».

Bihar: Etenaren arrastoak ondorengoengan (eta VI).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.