BBK Live Udazkena kontzertu zikloa egingo dute urrian eta azaroan

Besteak beste, Teenage Fanclub, The Hives, Rodrigo Cuevas, Mando Diao eta Zetak arituko dira Bilbo Arenan antolatutako sei emanaldietan

Erredakzioa
2021eko irailaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
COVID-19ak eragindako osasun egoerak ezinezko egin du Bilboko BBK Live jaialdia antolatzea azkeneko bi urteotan, eta, horren alternatiba gisa, Last Tour promotoreak kontzertu ziklo bat antolatu du urrian Bizkaiko hiriburuko Bilbo Arenan. Emanaldiak bi asteburutan egingo dira, urriaren 7tik 9ra eta azaroaren 11tik 13ra, eta saio bakoitzean hiru artista arituko dira.

The Hives garage-rock Suediako taldea izango da urriaren 7ko jaialdiaren kartelburua, eta haren ondoren, beste bi talde igoko dira oholtzara: Novedades Carminha eta Venturi.

Hurrengo egunean, El Columpio Asesino Iruñeko taldeak, Leon Benavente Espainiako bandak eta Mando Diao Suediako taldeak joko dute Bilbo Arenan, eta kontzertu zikloaren azken asteburua amaitzeko, hilaren 9an hain zuzen, Rodrigo Cuevas kantari eta musikari asturiarra, Maria Arnal eta Marcel Bages kataluniarrek osatutako bikotea eta Omago euskal hirukoteak joko dute.

Bigarren asteburua musika elektronikoa nagusi izango diren proposamenekin hasiko da, azaroaren 11n. Egun horretan, Caribou, Zetak eta Gazzi arituko dira.

Hurrengo egunean, Rigoberta Bandini izango da agertokira igotzen lehenengoa, eta jarraian Mastodonte eta Uniforms taldeek joko dute.

BBK Live Udazkena kontzertu zikloa azaroaren 13an bukatuko da, Teenage Fanclub, Dorian eta Bulego taldeek emango dituzten kontzertuekin.

Emanaldietarako sarrerak hilaren 22an jarriko dituzte eskuragarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.