Markak hautsi dituzte. Inoiz baino parte hartze handiagoa izan da aurtengo Animadeba Nazioarteko Animazio jaialdiaren hemeretzigarren aldian, eta, beraz, antolatzaileek «oso balorazio positiboa» egin dute. Hain zuzen, gaur amaitu da lau egunez iraun duen festibala, eta profesionalen, zaleen eta kuxkuxeroen topaleku izan da, «ikusleen, sortzaileen eta artearen topaleku». Sail Nagusian, Bea Lema galiziarraren El cuerpo del cristo lanak irabazi du Animadebako Film Onenaren saria; izan ere, epaimahaiaren iritziz, «hizkuntza bisual berritzailea» erakusten du filmak.
Sail berean, Gidoi Onenaren saria jaso du Georges Sifanosen Quai Sisowath / Sisowath Quay filmak. Epaimahaiak esan duenez, Kanbodiako folklorea, hondamendi ekologikoa eta beldurrezko generoa «modu originalean» elkartzen dituen gidoia duelako eman diote saria, eta Aipamen Berezia Kiana Naghshinehren Im Auto, Tapes und Butterbrot / With Tapes and Toasts in the Car filmak jaso du, «familia barruko gaixotasunaren esperientzia fantasiazko eremura eramateagatik, ikuspegi freskoagatik, pertsonaien diseinu bikainagatik eta umoreagatik».
Bestalde, Zuzendari Berriak EHU sailaren lehen saria Hachul Le Doren The Tale of Tran Thanh Duong filmak eskuratu du, animazio estilo «freskoa eta ausarta» izategatik. Filmak folklorea, musika eta identitate propioa lotzen ditu, eta, gainera, zalantzan jartzen du binarismoa. Gainera, sailaren lehen Aipamen Berezia Daiyu Liren When the mountains shook filmari eman diote, «animazioarekiko duen ikuspegi esperimental, ausart eta erabat absurdistagatik» eta, bigarrena, Mian Ijlal Ahmaden Da mor ghag / The mother's voice filmari, «janari banatzaileek jasaten duten errealitate gogorra eta egungo esplotazio moduak modu hunkigarrian erretratatzeagatik».
Etorkizuneko talentua
Animadebaren Work In Progress WIP DAMA atalak etorkizuneko animazio proiektuak saritzen ditu, eta Celia Alcinaren In Between proiektuak jaso du aurtengo Aipamen Berezia. Azaldu dutenez, «berehala» piztu zuen epaimahaiaren interesa, hain zuzen, «kalitate grafiko eta teknikoagatik, eta egilearen talentuak egingarri egiten duen anbizioagatik». Euskaraz aurkeztutako WIP proiektu onenaren BERRIA saria Libe Carballo Aranbururen Ur gazitan film laburrari eman diote, eta epaimahaikideek lanaren «umorea, soiltasuna eta materialekiko sentsibilitatea» nabarmendu dute.
Talentu Berrien DAMA saria Marina Verdaguer Rosen Kirie Eleison proiektuari eman diote, formatuari ateratako «aprobetxamenduagatik» eta «formaren eta edukiaren arteko harreman bikainagatik», eta WIP DAMA Profesionalen saria, berriz, Kote Camachoren Nor Nai proiektuak jaso du. Epaimahaia «liluratu» egin duela adierazi dute.
Aurtengoa amaitu baino lehen, hurrengo urteari begira jarri dira Animadebako antolatzaileak, datorrena hogeigarren urteurrena izango baitute. Urteurren «berezia» antolatzeko asmoa adierazi dute, baita animazioaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa adierazi ere.