Abenduaren 16an, 250 urte beteko dira Ludwig Van Beethoven konpositorea jaio zela, eta, urteurrena baliatuta, Donostia Musikak hari eskainitako ziklo luze bat abiatu zuen urte hasieran. COVID-19aren pandemiak, ordea, eten egin zuen programazioa martxoan, eta ordutik ekainera bitarte aurreikusitako kontzertuak aste honetan emango ditu. Ensemble Siciliano taldeak abiatuko du gaur zikloa, Beethovenek idatzitako biolin eta pianorako bi duorekin, eta Julia Siciliano pianista estatubatuarrak gidatzen duen boskoteari egokituko zaio aste honetako eskaintzari amaiera ematea igandean. Kontzertu guztiak Viktoria Eugenian izango dira, 20:00etan —salbu eta igandekoa, 19:00etan hasiko baita—.
Bihartik larunbatera bitartean, berriz, lau pianistari egokituko zaie Beethovenen lana gogora ekartzea. Bihar Juan Carlos Fernandez-Nieto ariko da antzokiko oholtzan, etzi Nikos Stavlas, ostiralean Judith Jauregi eta larunbatean, azkenik, Josu Okiñena. Haietako bakoitzak konpositorearen hiruna sonata interpretatuko ditu.
Hasiera batean, aurreikusitako programazioari helduko dio zikloak urrian.