Beethoveni eskainitako egitaraua landuko du EGOk neguko topaketan

Konpositorearen 250. urteurreneko ospakizunetara batuko da gazte orkestra. Eneko Sagardoi eta Jone Martinez izango ditu gonbidatu

EGOren neguko topaketaren aurkezpena, atzo goizean, Donostian. JON URBE / FOKU.
itziar ugarte irizar
2020ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
EGO Euskal Herriko Gazte Orkestrak abenduaren 26tik urtarrilaren 5era bitartean egingo du urteroko neguko topaketa. 46 musikari gaztek eta sei irakaslek hartuko dute parte; azkenak Euskadiko Orkestratik, Bilboko Orkestra Sinfonikotik eta bestetik helduko direnak. Donostiako Musikenen batuko dira, eta egun horietan prestatuko dute topaketaren osteko kontzertu biran erakutsiko duten errepertorioa. Beethoven izango du ardatz; hura izan baita aurten musika klasikoaren munduan protagonista behinena. Asteon bete dira, hain justu, 250 urte konpositore enblematikoa jaio zela, eta hura omentzeko nonahi antolatu diren ospakizunetara batuko da, hala, EGO ere. Atzo eman zuten horren berri orkestrako kideek, instituzioetako ordezkariez lagunduta, tartean zela Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua ere.

Beethovenen obra marduletik bi landuko ditu EGOk aurtengo topaketan: Ah perfido aria izango da horietan lehena, «abandonuari eta traizioari buruz» ari den eta soprano eta orkestrarako idatzi zuen pieza; eta Egmont, berriz, programa osatuko duena. Heroiak izena jarri diote egitarauari.

Ruben Gimeno EGOren zuzendari artistikoak «ezinbesteko garrantzia» aitortu dio gazte orkestrarekin Beethovenen musika lantzeari. «Musikaren historiako giltzarrietako bat da».

Donostiatik Getxora

Urtarrilaren 2an ekingo dio kontzertu birari gazte orkestrak, larunbatez. Donostiako Kursaalean hasi, eta Gasteizko Principal antzokira (urtarrilaren 3an), Bilboko Euskalduna jauregira (urtarrilaren 4an) eta Getxoko Muxikebarri aretora (urtarrilaren 5ean) egingo du handik, Bizkaira. Eneko Sagardoi —narratzaile lanetan— eta Jone Martinez sopranoa izango dituzte bidelagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.