Musika

Begirada gordinaren garrantzia

Xabi San Sebastianek disko berria du: ‘Betazalak’. Kantuen lehen bertsioarekin pozik ez, eta hainbat buelta eman dizkie; gustura geratu den arte. Sorkuntza «kaotikoa» izan den arren, gustura dago emaitzarekin.

(ID_13480197) (/EZEZAGUNA) xabisansebastian
Xabi San Sebastian musikaria. IHINTZA-CLÖE HARGOUS
Amaia Jimenez Larrea.
2024ko urtarrilaren 11
05:25
Entzun

Ibilbide luzea du Xabi San Sebastianek musika munduan, eta, haren esanetan, «are luzeagoa» izatea espero du. Ibilbide horretan hainbat disko ateratakoa da; bai taldean, bai eta bakarka ere. Iazko abenduan kaleratu zuen bakarkako bosgarren lana: Betazalak (Belarri, 2023). 2017an atera zuen azkenekoz disko bat –Zuhaitzak ez du beldurrik (Belarri)–, baina urte horiek ez ditu geldirik pasatu.

2020an, disko baten ordez, ikuskizun bat sortzea erabaki zuen; Loreak eta zauriak izena jarri zion. Xabier Leteren inguruko ikuskizuna izan zen, haren kantagintza eta bertsolaritzarekin zuen harremana aztertzen zuena. Joserra Senperena eta Quico Puges musikariak, eta Beñat Gaztelumendi bertsolaria izan zituen lagun San Sebastianek antzokietan. Zortzi hilabetez egin zituzten emanaldiak.

Proiektu hartan gustura aritu zela kontatu du musikariak, baina amaitu bezain pronto disko bat ateratzeko «beharra» sentitu zuela. Hilabete horietan bizitakoa izan zuen abiapuntu: «Diskoaren oinarrian, [Xabier] Leteren kantuak abesten ibili nintzeneko bizipen guztiak daude».

Batez ere, Xabier Leteren begirada «gordina» izan da musikariak kontuan gehien hartu duena; baina goxotasunetik gehiegi aldendu gabe. Hortik dator izenburua: «Garrantzitsua da betazalak ireki eta munduari era gordinean begiratzea, baina baita betazalak itxi eta barruan daukagun berotasun horri erreparatzea ere», gehitu du.

Hamar kantuz osatuta dago diskoa, eta gordintasunetik baikortasunera salto egiten dute kantek. Musikariaren esanetan, bere inguru hurbilari begiratzen dioten abestiak dira baikorrenak; bere semeari eskainitakoa, adibidez. «Kanta horiek bihotzera begiratzen didate».

Bere birraitona Andresen istorioa kontatzen du Andresi abestiak. 36ko gerran atxilotu zuten, anarkista izateagatik, eta El Duesoko kartzelara eraman zuten preso (Santoña, Kantabria, Espainia). 85 urteren ondoren, familiak ez du haren gorpuaren berririk izan, kartzelaren inguruan dagoen hobi batean egon litekeela susmatzen duten arren. Familian ondo oroitzen duten zerbait dela kontatu du musikariak, eta, ahanzturan eror ez dadin, omenaldi gisa eskaini dio kanta.

Gordintasunaren bideak

Abestirik gogor edo gordinenek asko dute kritikatik. «Oso garrantzitsua da munduari analisi hotza eginez begiratzea; gauzei aurrez aurre begiratzea, beldurrik gabe». Inguruaren azterketak hotza izan behar du musikariarentzat, eta, hortik abiatuta, «bakoitzak bere hautuak egin behar ditu».

Jendea gogortasuna beste musika estilo batzuetatik jasotzera ohituta dagoela azaldu du San Sebastianek –rocketik edo punketik, esaterako–, baina folkak ere hori bera transmititzeko aukera ematen duela. «Hala ere, ni, formen aldetik, ez naiz oso gordina; ez dut oihu bortitzik egiten». Betazalak sortzeko orduan nazioarteko folk kantari askorengandik edan duela aitortu du San Sebastianek; Irlandakoak, Eskoziakoak eta AEBetakoak batez ere: Jackson Browne eta Paul Brady, esaterako. «Haien eragina gure kantagintzarekin nahastuz atera da diskoa».

«Oso garrantzitsua da munduari analisi hotza eginez begiratzea; gauzei aurrez aurre begiratzea, beldurrik gabe». XABI SAN SEBASTIAN Musikaria

Kantak sortzen ari zela, ez zen lehenengo emaitzarekin konformatzen, eta, hori dela eta, sorkuntza prozesua kaotiko gisa definitu du; «labirinto baten antzekoa izan da». Bide luze horretan zerikusia izan du kanten hitz batzuk beste pertsona batzuek egin izanak. Beñat Gaztelumendik, Iñigo Astizek eta Harkaitz Canok idatzi dituzte abestietako batzuen hitzak.

Elkarlana bilatu nahi izan du musikariak hitzak kanpotik ekarrita, diskoarentzat aberasgarria izango zelakoan; «eta hala izan da». Zailena buruan zuen ideia hori nola transmititu jakitea izan da San Sebastianentzat. Hitzen egileen eta musikariaren artean «negoziazio artistikoa» egon dela azaldu du. «Gehienetan, kantuak espero ez nituen bideetatik joan dira. Ni oso pozik nago, bai emaitzarekin eta baita kantu bakoitzak hartu duen norabidearekin ere».

«Berotasuna»

Bakarkako disko bat den arren, musikari talde «aparta» izan du lagun. Karlos Aranzegi, Nando Neira, Quico Puges, Arkaitz Miner eta Nahia Valle izan dira horietako batzuk. Haiekin lan egitea oso erraza izan dela esan du San Sebastianek: «Berehala ulertu dute zer nahi nuen». Mikel Fernandez Krutzagaren nahasketak nabarmendu ditu San Sebastianek. Haren iritziz, diskoari ukitu berezia ematea lortu du.

Abenduan Durangoko Azokan aurkeztu zuen lana, eta, ordutik hona, publikoaren iritzia jasotzeko aukera izan du. Bai zuzenekoaren, bai diskoaren inguruko oso iruzkin onak iritsi zaizkiola aipatu du musikariak, pozik. Zuzenekoen datak zehazten ari da, eta, nahiz eta burua berriro proiektu berrietarako martxan hasi zaion, lehentasuna eman nahi die kontzertuei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.