'hondarreko berorik geratzen bada'
Egilea: Iñigo Satrustegi.
Argitaletxea: Denonartean
Iruña Hiria Nazioarteko Poesia Sariketaren hamargarren aldian irabazle suertatu zen Iñigo Satrustegi, baina ez da hau jasotzen duen lehen aintzatespen literarioa, ez eta idazten duen lehen poema bilduma ere. Batean eta bestean, sormen kolektiboko proiektuetan zein aldizkarietan ikusi izan dugu bere izena poema hauek liburu formatuan argitaratu aurretik. Nabari da, nolabait, eskuak zikin dituela dagoeneko.
Hondarreko berorik geratzen bada bilduman, bada, ni poetiko behatzailea aurkezten du Satrustegik, eguneroko eszena eta espazioetatik abiatuta eraiki baititu poema ugari. Hala agertzen zaizkigu bizitoki duen hiriaren kontraesan zein kontrasteak, etxeko leihotik bistaratzen dituen auzokoen bizitza posibleak, sukaldeko bitrozeramikaren hondarreko beroa, eta ohea, ohea okupatzen duten gorputzak eta haien hutsuneak. Ni poetikoa umoretsua da halaber, zirta ironikoak jaurtitzen ditu han-hemenka, poesiaren topiko intimista zein arranditsuez askatu eta bere buruari kritika eta zirika egiteko. Umorea konbentzio sozialak desmuntatzeko tresna gisa ere baliatzen du, Konbentzioen istripua poeman erakusten duen bezala. Azkenik, bilduma osoan igar daitekeen ahotsa ahalkerik gabe eta umiltasunez agertzen da, intimo eta inperfektu, irakurlearekiko distantzia txikira. Uste dut ni poetikoaren konbinazio hirukoitz horretan asmatu duela gehien Satrustegik.
Ez dago egitura argirik, baina hainbat formula edo abiapuntu errepikatzen ditu izenburua partekatzen duten poemetan, eta horrek, testu erabat desberdinak sortzeko aitzakia emateaz gain, bildumak jarraitutasuna izatea ahalbidetzen du. Ez da ohikoa edo erraza izaten, baina gaitegi zehatz bat konpartitzen ez duten poemek zailtasun handirik gabe hartzen dute zentzua liburu honetan. Agerikoa da, beraz, osotasun bat dagoela. Horrek ez du esan nahi erabat orekatua denik, badira gehiago funtzionatzen duten poemak, poetika bisual eta sinboliko indartsua dutenak, eta badira hainbeste nabarmentzen ez direnak, batik bat gramatika bihurriak ulermena oztopatzen duenean esaldi batzuetan. Esan bezala, hala ere, osotasun sentsazioa gailentzen da, batez ere, ohartzerakoan irakurraldiak behin baino gehiagotan eragin dizula irribarre konplizea. Liburua amaitzean, hortaz, bai, geratzen da hondarreko berorik.