«Beharrezkoa» den hitzarmena, baina kezkak ere sortzen dituena

aitor biain
2023ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Euskal Aktoreen Batasunak ohartarazi du itunean zehaztutakoak baino soldata hobeak dituztela aktore gehienek, eta ez luketela ontzat joko orain hainbatek ituna baliatzea haien baldintzak kaskartzeko. Kezka bera agertu dute BERRIAk kontsulta egin dien interpreteek, hain zuzen ere. Begi onez hartu dute ituna oro har, baina lan egoera hobetuko lieketen neurriak hartzea galdegin dute.

Gutxieneko batzuk zehaztea «aurrerapauso bat» izan dela adierazi du Horman Poster kolektiboko kide Jon Ander Urrestik, esaterako. «Erakutsi du posible dela gauzak hobetzeko elkarrekin neurriak adostea». Baina uste du badirela oraindik hobetu beharrekoak: autonomoen kotizazio sistema, kasurako. Hala ere, lan balditzen inguruan dagoen informazio faltaren logikan kokatu du interpreteen prekarizazioa: «Ez gaude lanari ezetz esateko moduan; ez dago gure esku».

Marina Suarez aktoreak ere informazio falta handia dagoela iritzi dio. Autonomoa da, eta berak jarri dio bere buruari gutxieneko kopuru bat. Esaterako, entseguengatik 300-320 euro astean. «Baina kopuru hori nik entzun dudanaren eta besteekin hitz egin dudanaren arabera ezarri dut». Proiektuak sortzen aritzen da egun, eta sarri berari egokitzen zaio beste aktore batzuk kontratatzea; kezka agertu du horrek eragiten dituen zailtasunengatik.

Asier Zabaleta dantzariak ere orain urte batzuk utzi zion agertokian dantza egiteari. «Beste aldean» dabil orain, berak kontratatzen baititu dantzariak sorkuntza lanetarako. Argi du ituna «beharrezkoa» dela, eta bereziki poztu du dantza ere aintzat hartu izana, sektore horretan ere prekaritatea «handia» delako: «Onura handia ekarriko du gutxieneko batzuk ezartzeak». Eta zera azpimarratu du: aurrekontu estuak ezin direla erabili lan baldintzak kaskartzeko aitzakia gisa: «Pertsonek obren aurretik egon beharko lukete».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.