Joan den irailean sute bat gertatu zen Iruñeko Arrotxapea auzoko klinika batean. Sutearen ondorioz, klinika barrukoak lekualdatu behar izan zituzten, eta hildako bat eta hainbat zauritu izan ziren. Albistea jakinarazi zenean, Iñigo Satrustegik berehala idatzi zion Lander Majuelo Pamielako editoreari. «Liburuari azken ukituak ematen ari ginen, baina egun hartan errealitateak fikzioa gainditu zuen», gogoratu du Majuelok. Izan ere, paradoxikoa dirudi, baina abiapuntu berdina du Satrustegiren Fauna liburuak: Osasun mentaleko egoitza batean gertatzen den sute bat. Satrustegiren lehen nobela da. Aurretik itzulpengintzan eta poesian aritu da, eta iaz Iruñea Hiria Poesia Saria irabazi zuen, Hondarreko berorik geratzen bada liburuarekin. Pamiela argitaletxearekin kaleratu du eleberria.
Goizeko lehen orduetan hasten da kontakizuna. Osasun mentaleko egoitzan gertatzen den sutearen ondorioz, egoitza hustu beharko dute, eta bertako pertsonak lekualdatu. Orduantxe ezagutuko du irakurleak liburuko protagonista, Martin. Egoitzak jarritako autobusean dago, nora daramatzaten eta bere lagunak non dauden jakin gabe. Istorioa hiru denboratan dago idatzita: ebakuazioaren unea, ebakuazioa baino lehen gertatutakoa eta Martinen beraren barne mundua.
Hori da Satrustegik sortu duen fauna, hitzaren zentzu hertsian. «Hasieratik izan dut argi izenburua. Kontakizunak maiz egiten die erreferentzia animaliei. Gainera, fauna, osasun mentala, zoramena, gizakioi animalietatik aldentzen gaituen zera hori... Lotuta doazen elementuak dira», azaldu du idazleak.
«Liburu bat idaztea inoiz egin dudan gauzarik zailena izan da. Ez dut inoiz hainbeste pentsatu zerbaiti buruz»
IÑIGO SATRUSTEGI Idazlea
Editorearen arabera, «erritmo biziko» eleberria da, eta hori bi elementuri esker da. Alde batetik, hizkuntza. Martinen pertsonaiak gidatzen du kontakizuna, eta haren hizkeran aparteko garrantzia du testuinguruak. «Osasun mentala tarteko denan, norbera ez da ohartzen, baina bagoaz, nolabait, ingurua galtzen. Prozesu horretan dagoela ezagutuko dugu Martin eta bere barnea. Hori lotuta dago hizkuntzarekin, gauzak ikusteko moduak baldintzatzen duelako horiek nola izendatu», adierazi du editoreak.
Eta beste aldetik, forma. Ohikoena litzateke, liburuak aurrera egin ahala, istorioak ere aurrera egitea eta sutearekin zer gertatzen den azaleratzea. Ordea, Satrustegiren istorioak, aurrerantz egin beharrean, atzerantz egiten du, eta hala, eleberriaren hasiera istorioaren berezko amaiera da. «Ohituta gaude flashbackak zineman eta telebistan ikustera. Literaturan ere asko egin da, baina zaila da, eta Satrustegik lortu du», azaldu du Majuelok.
Prozesu «gorabeheratsua»
Idazleak aitortu du «gorputzaldi berezia» sentitzen duela. Rolak aldatu dira beretzat. Orain arte editorearen aulkian eseri da liburu aurkezpenetan, Txalaparta argitaletxeko editore baita, baina, estreinakoz, idazlearenetik eman ditu azalpenak. Orain denbora bat Majuelok elkarrekin zerbait egiteko proposamena egin zion, eta Satrustegik baiezkoa erantzun bueltan. Betelanik egin gabe laburbildu du azken bi urteetan idatzitako liburuaren prozesua: «Liburu bat idaztea inoiz egin dudan gauzarik zailena izan da. Ez dut inoiz hainbeste pentsatu zerbaiti buruz».
Prozesu «gorabeheratsua» izan da idazlearentzat. Hasteko, bere idazteko modua aurkitu behar izan du. «Deskubritu dut paragrafoz paragrafo idazten dudala. Paragrafo bat idatzi, nekatu eta hurrengo egunean berriro hartu eta idatzi», esan du idazleak. Hala dago idatzita kontakizuna, atal motzetan. Era berean, bere espazioa topatu behar izan du, kasu honetan, Uharteko Arte Garaikideko Zentroa (Nafarroa). «Bertan eskatu nuen egoitza eta bertan igaro dut uda, etengabe idazten. Halako espazio gehiago behar ditugu, lagungarriak dira etxean idatzi ezin duenarentzat», azpimarratu du Satrustegik.
«Ohituta gaude flashbackak zineman eta telebistan ikustera. Literaturan ere asko egin da, baina zaila da, eta Satrustegik lortu du»
LANDER MAJUELO Pamielako editorea
Korapiloak korapilo, amaitu du azken hilabeteetan «pazientziarekin eta senak gidatuta» idatzitako istorioa. Egindakoarekin gustura dagoela esan du, edo hala sentitzen duela oraingoz gutxienez. Aldi berean, eskertuta agertu da prozesuan izan dituen bidelagunekin. Batetik, Majuelo bera —Satrustegiren hitzetan, bere «aholkulari literarioa» izan da—, eta bestetik, Iratxe Retolaza idazlea, eleberriari «forma» eman diona.
Belaunaldi baten liburua
Majueloren adierazi duenez, eleberriak ikusteko handia du gaur egungo 15 eta 35 urte bitarteko belaunaldiekin: «Liburua lotuta dago belaunaldi horiek duten pantailen kontsumoarekin, gizarteak haiekiko duen utzikeriarekin eta denari diagnostiko bat eman beharraren premiarekin». Osasun mentalaren inguruan hitz egiten bada ere, bai idazleak bai editoreak nabarmendu dute saiakera bat egin dela horri beste ikuspegi batetik heltzeko. Pertsonaiak «duinki» daude eraikita, eta idazleak psikiatra baten laguntzaz idatzi ditu fikziozko kasu horretan pertsona horiek nola erantzungo luketen. Eta horrela, Satrustegik, idazteko jartzen zuen Anariren Piromania (Epilogo bat, Bidehuts, 2016) abestiaren doinua buruan duela oraindik, testuan islatu du egungo gizartearen erritmoa.