Mattinek 60 urte ditu. Urte luzez ospitale atariko loradendan lan egin du, baina, salmentak apaldu direla eta, itxi egin behar izan du denda. Idoia, berriz, unibertsitateko ikaslea da, eta pisukide bila dabil. Lana galdu eta egun gutxira aurkituko du Mattinek Idoiaren iragarkia Interneten, eta pentsatuko du: «Zergatik ez?». Horrela hasten da Ekaitz Herrera Azkarragaren Neguberria liburua (Elkar), 2025eko Augustin Zubikarai literatura sariarekin ondutakoa. Belaunaldien arteko harremanetan sakondu du egileak, eta, haren hitzetan, kontakizun dibertigarri bezain «goxoa» sortu du.
Ez da ohikoa izaten 40 urteren aldea dutenen artean laguntasuna piztea, baina hori da Mattini eta Idoiari gertatuko zaiena liburuan. Batak bestearen mundua ezagutu beharko du, eta adin arrakalak egoera dibertigarriak sortuko ditu; adibidez, Mattinek teknologia berriak maneiatzen ikasi behar izatea. Azken batean, «mundu tradizionala mundu modernoagoarekin» aurrez aurre jarri du Herrerak. «Belaunaldien arteko harremanen aldeko halako aldarri bat da», deskribatu du.
Maiteminak, maitasun faltak eta laguntasunak gidatzen dute liburua, betiere adin arrakalatik eta horrek pertsonen artean eragin dezakeen desorekatik abiatuta. Sexuak ere badu presentzia kontakizunean, harreman homosexualak zein heterosexualak bildu baititu. «Interesgarria iruditu zitzaidan harreman disidenteak lantzea, izan disidentea adinagatik, izan disidentea sexuagatik», adierazi du idazleak.
Hizkera jostagarria
Adin arrakala arroztasunez landu liteke, baina Herrerak goxotasunez lantzea erabaki du: «Idazketa prozesu osoan argi izan dut zerbait goxoa kontatu nahi nuela». Azkartasunean bizi den gizarte honetan «goxotasun erradikal bat» aldarrikatzeko, hain zuzen.
Estilo aldetik goxotasun hori islatzeko, idazlea usainetan sostengatu da maiz, hala nola kafearena eta loreena. Loreak liburuaren azalean bertan agertzen dira, eta autoreak aurreratu du istorioan rol esanguratsua dutela. Pisuek edota taberna barruek eduki dezaketen «epeltasuna» ere baliatu du «samurtasun» hori irudikatzeko.Â
«Idazketa prozesu osoan argi izan dut zerbait goxoa kontatu nahi nuela»
EKAITZ HERRERAIdazlea
Halaber, egileak azaldu du «ahozkotasunetik gertu egon zitekeen narratzaile bat» sortu nahi izan duela, eleberriaren abiapuntuak sor dezakeen deserosotasunetik aldendu eta gertutasun sentsazio hori emateko, baita goxotasuna indartzeko ere. Horretarako, esaldiekin eta egiturarekin jolastu da. «Sortze prozesuan garrantzi handia eman diot esaldien joskerari eta hurrenkerari, iruditzen baitzitzaidan gertatzen zen guztiak izan behar zuela halako erremate bat», azaldu du. Hala, txiste eta ironia asko topatuko ditu irakurleak.
Esaldiekin jolasteaz gain, hitzekin berekin ere jolas egin du idazleak, eta aitortu du «asko disfrutatu» duela horretan. Adibidez, tabernan gertatzen den pasarte batean, Bacardi edaria bakardade hitzarekin nahastu du, edo Tanqueray edaria tankera hitzarekin. Herrera: «Horrelako asko daude liburuan».Â
Istorio txikietatik luzera
Liburuan inoiz izendatzen ez bada ere, istorioa Donostian dago girotuta, eta hiriko zenbait toki azaltzen dira. Izan ere, Herrera bera lan kontuengatik Donostian bizi zen garaian idatzitako testu laburretatik jaio da eleberria. Kazetaria ofizioz, hainbat hedabidetan aritu da lanean, han-hemenka istorioak idazten, baina hau du lehen literatur lan luzea.
Behinola idatzitako istorio txiki horiek guztiak nola elkartu pentsatzerakoan otu zitzaion Mattinen pertsonaia, «adin arrakala eta harremanak egokiro» biltzen zituela pentsatuta. Elkar argitaletxearekin plazaratu du liburua, iazko Zubikarai literatura saria irabazita. Urtebeteko prozesua izan da, eta, «oro har eroso» sentitu bada ere, «gorabeherak» ere izan dituela aitortu du. Dena den, azkenean sarietara aurkeztu zuen proiektuaren antzeko lan bat ondu du.
Elkar argitaletxeak Ondarroako Udalarekin elkarlanean antolatzen du Zubikarai sariketa; irabazleak urtebeteko epea izaten du liburua idazteko. «Gaur egun, eguneroko kontsumo ohiturek errazegi eramaten gaituzte gaztelaniazko produktuetara, eta inertzia hori apurtu behar dugu», adierazi du Irina Alkorta Ondarroako Udaleko ordezkariak. «Euskarazko nobela honek erakusten du gure hizkuntzak baduela mundua kontatzeko eta gu hunkitzeko indar guztia».