Egunik jendetsu eta beroenen jitea hartu zuen atzo Azokak. Goizeko lehen orduetatik nabari zen aurreko egunetan baino mugimendu handiagoa. Eguerdi parterako jendez beteriko eltze beroa zen Landako gunea, eta lapiko horretan orotariko osagaiak, musika eta literatur munduko jende andana, orduerdiroko emanaldiak Ahotsenean (zuzenekoak musikan eta solasaldiak literaturaz), idazle (Iban Zaldua, Jon Arretxe, Joan Mari Irigoien, Pako Aristi, Mariasun Landa, Jose Manuel Olaizola Txiliku,Harkaitz Cano, Fernando Morillo, Asel Luzarraga…) nahiz musikariak (Rafa Rueda, Anari, Su Ta Gar, Esne Beltza…) euren lanak sinatzen eta saltzen… Baina, oroz gain, jende andana azokako korridoreetan aurrera eta atzera, zer ikusiko, zer erosiko, norekin hitz egiteko aukera izango. Adin guztietako musika eta literatur zaleak, belaunaldi askotako ordezkari eta isla.
Euskal literaturaren panoraman, aldian-aldian plaza publikora azalarazten den gaia da belaunaldiena ere. Idazle kanonikoak, tropelean barneratuta doazenak, lubakietan aritutakoak, Erasmus eta orgasmus artean dabiltzanak, oraindik izenondorik eskuratu ez dutenak… Baina nola bizi dute idazleek beraiek belaunaldien kontua. Sentitzen al dute euren burua belaunaldiren batek ordezkaturik?Belaunaldietan sailkatzeak zein eragin izaten ote du euren obraren ezagutza eta zabalpenean?
Durangoko Azokara eta gisakoetara hurbiltzeko «lotsati» zen garai batean Joan Mari Irigoien (Altza, Donostia, 1948), baina denborarekin ulertu eta onartu zuen irakurlearekin aurrez aurreko harremana izatea beharrezkoa ez ezik polita ere badela. Lehen ordutik Elkarren erakusmahaian zen atzo, aurten argitaratu duen Ur arreak, ur garbiak nobela jendarteratzeko asmoz. Irigoienek bere burua belaunaldi baten kide sentitzen du, baina ñabardura egin beharra ere sentitzen du. «Ni sentitzen naiz Saizarbitoria, Atxaga, Lertxundi eta abarren belaunaldi berekoa, baina, era berean jakitun naiz bakoitzak bere nortasuna, bere marka eta bere seinalea duela. Bakoitza bere munduak bizi du». Literaturaren inguruneak sailkapenak eta belaunaldiak asmatu beharra izaten duela uste du Irigoienek. «Askotan baieztapen kontundenteak izaten dira, eta beharbada ez dira errealitatean hain kontundenteak eta hain erabatekoak. Aristotelesengandik hasita, mendebaldeko gizartean beti dugu beharra gauzak sailkatzeko, eta sailkatuz iruditzen zaigu ulertu egiten dugula, baina auskalo ulertzen dugun ala ez!».
Irigoienen adinkide da ia Mariasun Landa (Errenteria, 1949). Belaunaldi kontuak urrun bizi izan ditu hark. «Agian kanpotik hartzen naute belaunaldi bateko kide gisa, adinarengatik, kronologiaren arabera. Norberaren sentsazioa, intimoa, desberdina da. Nik ez dut hain garbi ikusten. Ez naiz izan inongo taldeko kide. Idazle lagunak izan ditut, baina ez ditut konpartitu beraiekin sareak, tertuliak eta abarrak. Gehiegi esajeratu gabe, esan nezake beti sentitu naizela otso esteparioa». Zenbait alditan «oso bakarrik» sentitu da Landa. «Baina normala iruditzen zait, ezin baita inprobisatu taldeko izatea, eta neurri batean, emakume izateagatik izango da. Emakume idazleekin elkartu izan naizenean gehiago izan da maila pertsonalean». Txan Fantasma-ren edizio berritua aurkezteko argudioarekin azaldu da Durangora Landa: «Oraindik ere mirakulu moduko bat iruditzen zait jendea nirekin eta nire liburuekin akordatzea, hainbeste idazle izanik…».
Irigoienek eta Landak ez bezala, literatur sortzailearen bidaia hasi baino ez du egin Beñat Sarasolak (Donostia, 1984). Ez da sentitzen inongo belaunalditako kide. «Aurreko belaunaldientzat erabili izan dira izenak, dela tropela-ren belaunaldia, dela Lubaki Bandaren belaunaldia, dela Erasmusena, nahiz eta tonu oso ironikoan izan, baina gure belaunaldiarentzat oraindik ez da erabili izan izen zehatzik». Idazleak belaunaldika sailkatzea «erabilgarri» izan liteke Sarasolaren aburuz, baina, horretarako denbora ezinbestekotzat jotzen du. «Beste herrialdeetan ere aipatzen dira belaunaldiak. Espainian, adibidez, 27ko eta 98koa, baina horretarako denbora bat eta azterketa sakonago bat behar da. Euskal literaturaren historiak ez du halako pisurik ez kantitate eta ez kalitate aldetik oraindik, eta, horregatik, zerbait berria ateratzen den aldioro nahi izaten dugu etiketatu eta sailkatzea, baina horretarako denbora behar da». Poltsa bete liburuz eta biniloz, erakusmahaitik erakusmahaira zebilen Sarasola atzo, eta ondoren Susako erakusmahaira bildu zen, Harkaitz Cano Twist nobela berria aurkezten eta erruz sinatzen ari zen bitartean.
Azken garaipena komiki liburu berria sinatzen ari zen Ikas-Elkarren erakusmahaian Iban Zaldua (Donostia, 1966). Liburuak saltzearena, «eta are gehiago komikiena, «borroka galdua» dela dio, baina idazlearen egin beharrekoetan sartzen dela irakurlearekin aurrez aurreko harremana mantentzearena. Zalduak bere burua tropelaren belaunaldia izendatu izan den horretan kokatzen du, 60ko hamarkadan jaio eta 80ko hamarkada inguruan idazten hasi denarena, nahiz eta bera beranduxeago hasi zen euskaraz idazten. Belaunaldi horrekin gertatu dena «oso adierazgarria» iruditzen zaio. «Belaunaldi zabalena eta askotarikoena da, eta kalitate handieneko gauzak belaunaldi horretako jendeak egin ditu, baina apenas izaten duen oihartzunik. Esaterako, Sautrela saioan Durangoko azokari buruz egindako mahai inguruan sei idazle izan ziren solasean, eta bakar bat ere ez zen belaunaldi horretakoa». Zalduaren iritzian, idazleak belaunaldika banatzeak ez du laguntzen idazle baten obra gehiago ezagutarazten eta zabaltzen; «baina niri lagundu dit ulertzen non nagoen, neure burua literaturaren munduan kokatzen».
Fernando Morillo (Azpeitia, 1975) Gaumin argitaletxe sortu berriko gidari gisa ari da lanean Durangon. Erdi brometan erdi serio esan ohi du bera «estralurtar» sentitzen dela euskal literaturaren panoraman: «Adinagatik eta zenbait ezaugarrirengatik sentitzen naiz identifikatua zenbait idazlerekin, baina norberak bere ezaugarriak ditu. Gizakiak betidanik du gauzak sailkatzeko beharra, eta normala iruditzen zait sailkapenak egitea».
Durangoko 46. Euskal Disko eta Liburu Azoka
Belaunaldikatzeko beharra
Idazle gehientsuenek ez dute euren burua belaunaldi bateko kidetzat sentitzen, baina normaltzat dute sailkapenak egiteaBelaunaldi guztietako liburu eta disko zaleek berotu dute Azokako giroa asteartez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu