Idazlea

Lierni Azkargorta: «Beldurgarria denaren hasiera besterik ez da edertasuna»

Lierni Azkargortak 'Anatomia bertikalak' izeneko poesia liburua argitaratu du, Balea Zuria argitaletxearekin. Alaitasuna besterik onartzen ez duen gizarteari zuzendu zaio lau ataletan banatu duen liburuan.

Lierni Azkargorta 'Anatomia bertikalak' poema liburuaren egilea, astelehenean Olaberrian (Gipuzkoa). JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Lierni Azkargorta 'Anatomia bertikalak' poema liburuaren egilea, astelehenean, Olaberrian (Gipuzkoa). JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Olaberria
2025eko abuztuaren 3a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bere bigarren liburuari buruz gordinki mintzo da Lierni Azkargorta (Lazkao, Gipuzkoa, 1979). Izan ere, 2020ko martxoaz geroztik gaixotasun kroniko bat du, eta 32 poema idatzi dizkio gizarteak zaurgarria denari ematen dion erantzun arrotzari. Balea Zuria argitaletxearen eskutik kaleratu du Anatomia bertikalak izeneko poesia liburua.

Azkargorta erizaina da lanbidez, baina, COVID-19a Euskal Herrira lehendabizikoz iritsi zenean, ogibidearen beste alderdia ezagutu zuen, eta bertan segitzen du. Erizain izatetik eri izatera igaro zen, egun batetik bestera.

Badute loturarik Anatomia bertikalak izenburuak eta lanaren edukiak?

Izenburuak gai nagusiari egiten dio erreferentzia. Anatomia hitza gizarteari dagokio, eta bertikalak hitza, gizarte horrek eta gorputzak berak zaurgarri denari ipintzen dizkion horma bertikalei. Kirofano bateko mahaian etzan naiz, eta bisturi batekin nire bular kaiola zabaldu dut, eta nire barruko min guztiak atera ditut. Horixe da irakurleak aurkituko duena: nire minak eta min horiei gizarteak ematen dien erantzun oldarkorra. 

Egunero, batere tregoarik gabe, hainbeste min eta sintoma dituen gorputz honetan esnatzean, gaixotasunaren eta minaren, bizitzaren eta heriotzaren zentzuaren bila hasten naiz, eta bilaketa horretatik atera dut liburu hau. Labur esanda, eta Rainer Maria Rilkeren hitz batzuei buelta emanda, beldurgarria denaren hasiera besterik ez da edertasuna, eta horren bila abiatu naiz.

Gaitza duzunetik, aldatu zaizu gizarteari buruz zenuen ikuspegia?

Era batera, bai. Gaur egungo gizartean, egiten dugun horixe gara, hori denok dakigu. Baina gaixo nagoenetik konturatu naiz askotan gizarteak zama bat garela sentiarazten digula zaurgarri garenoi, ezin dugulako ezer egin. Egungo sistemak erruleta automatiko baten modura funtzionatzen du, eta, ez bazara bertara egokitzen, zure bidea aurkitu beharko duzu, baina laguntzarik gabe.

Iruditzen zait egungo gizartea alienatuta eta deshumanizatuta dagoela, eta Carl Jung psikologo eta psikiatrak dioen moduan: «Kanpora begira ari dena lotan da, eta barrura begira ari dena, esna».Helarazi nahi dudan mezua hitz arruntekin esatean ez zaidanez entzuten, ea poesia bilakatuta lortzen dudan.

«Irakurleak liburuan aurkituko duena niri barnetik atera zaidana da, zentsurarik gabea. Poema batzuk politikoki zuzenaren eta zuzena ez denaren arteko mugan egon daitezke»

Eripoemia (Denonartean, 2021) eta Anatomia bertikalak lanetan gai antzekoak jorratu dituzu; zein da bi liburuen bereizgarri nagusia, zure ustez?

Bi liburuen artean lotura estuak eta ezberdintasunak daude. Alde batetik, bietan erizaintzaren inguruko terminologia sarri erabili dut. Egun, erizain moduan jardun ezin banaiteke ere, nire izaeraren parte izaten jarraitzen du. Eta, beste aldetik, esango nuke idazterakoan izan dudan ikuspegiak bi liburuak erabat bereizten dituela. Eripoemia erizainaren ikuspegi hutsetik idatzi nuen, eta Anatomia bertikalak, eriarenetik. Begira zein ezjakina nintzen lehenengoa idatzi nuenean: liburuaren inguruan egindako elkarrizketa batean esan nuen erizainok heriotza gertutik bizi genuela. Orain bai bizi dudala gertutik! [barrez].

Horrela azalduta, liburua iluna dela esango zenuke? Ala argitasunik aurki daiteke bertan?

Bada, egia da eduki aldetik iluna izan daitekeela, baina espiritualtasunetik bizi dut. Irakurleak liburuan aurkituko duena niri barnetik atera zaidana da, zentsurarik gabea. Poema batzuk politikoki zuzenaren eta zuzena ez denaren arteko mugan egon daitezke. Hala ere, liburuan tipografiarekin, olerkien formekin, ilustrazioekin eta abarrekin jolastu dut; eta horiek liburua arinagoa egiten dutela iruditzen zait.

Ilustrazioei dagokionez, zu zeu ausartu zara horiek egitera?

Bai, marrazkigintza oso gustuko dut, eta argitaletxekoek ilustrazioak egitera animatu ninduten. Bi marrazki sartu ditut, eta haietan liburu osoan ageri diren irudiak biltzen saiatu naiz. Poema bakoitzean kontraste gehien duten irudiak hartu ditut, eta bertikaltasuna oinarritzat hartuta egin ditut ilustrazioak.

«Ni oso intimo batetik idatzi dut liburua, baina ni kolektibo baten modura ulertzea gustatuko litzaidake»

Esan duzu liburua idaztea ebakuntza gela bateko mahaian etzatea eta barrena hustea bezalakoa izan dela. Asebete zaitu emaitzak?

Ni oso intimo batetik idatzi dut liburua, baina ni kolektibo baten modura ulertzea gustatuko litzaidake. Nire minetatik abiatuta idatzi baditut ere, jendea identifikatuta sentitzen bada, pertsona bakarra baldin bada ere, orduan erabat asebeteta sentituko naiz.

Lehen aldiz aritu zara Balea Zuriarekin lankidetzan; nolakoa izan da esperientzia?

Eripoemia lanarekin Iruñea Hiria saria irabazi nuen, eta horri esker ezagutu ninduten. Idatzita nituen poema batzuk bidaltzeko eskatu zidaten, eta hasieran ez nuen sinistu benetan ari zirenik. Geroago, errezital batean errezitatzeko aukera eman zidaten, eta sekulakoa izan zen. Orduan, berriro eskatu zidaten idatzita neukana bidaltzeko, eta hortik atera da Anatomia bertikalak. 2021ean idatzita nituen poema batzuei berri batzuk gehitu nizkien, eta, inori erakutsi aurretik, argitaletxekoei bidali nizkien zuzenean. Haiengandik jaso nuen erantzuna izan zen lehen feedbacka, eta maila altuko idatziak iruditu zitzaizkiela esan zidaten. Balea Zuria argitaletxeko editoreak betidanik miretsi izan ditudan idazleak izanda, sekulakoa izan zen.

Eta geroari begira, baduzu zerbait buruan?

Lehenengo liburua kaleratu nuenean «datorrena datorrela, idazten jarraituko dut» esan nuen, eta hala izan da. Nire osasuna geroz eta okerrago dagoela ikusten dut, eta barne medikuntzako nire medikuak ere bai. Harekin izan dudan azken kontsultan idazten jarraitu ahal izatea jarri dugu helburu gisa. Gutxi dirudi, baina niretzako idazten jartze hutsak sekulako prestakuntza behar du, eta liburu hau argitaratu izana mirakulu bat da. Eta, etorkizunaren inguruan, argi daukat aurreko bi liburuak ez bezala hurrengo liburua barrura begira idatziko dudala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.