Antzerkia

Beldurraren disekzioa taula gainean

Kulunka konpainiak 'Herentzia' izeneko ikuskizuna estreinatuko du gaur, Hernaniko kultur etxean. Bikote baten harremana da antzezlanaren muina; gertakari baten ondoren, euren etorkizuna bideratzeko erabakiak hartu beharko dituzte.

 Isidoro Fernandez, Iñaki Rikarte eta Aizpea Goenaga, antzezlaneko irudi batean. AITOR MATAUKO
Isidoro Fernandez, Iñaki Rikarte eta Aizpea Goenaga, antzezlaneko irudi batean. AITOR MATAUKO
Amaia Jimenez Larrea.
2026ko urriaren 7a
04:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ia zazpi urtez egon da lo, gordeta, ia-ia ahanzturan, haren garaia iritsi den arte. Orain, garaia iritsita, gorpuztu egin da; aldatuta, hobetuta. Badu testu osatu bat, badu trama bat, eta baditu trama hori gidatuko duten pertsonaiak ere. Iñaki Rikartek 2019an idatzi zuen Herentzia antzezlanerako testua, eta, kasik idatzi bezain pronto, gorde egin zuen; denbora falta izan zen errudun nagusia. Ia zazpi urte behar izan ditu argia ikusteko, baina dagoeneko badu plazara ateratzeko data bat: gaur estreinatuko du Kulunka konpainiak Herentzia, 19:00etan, Hernaniko Biteri kultur etxean (Gipuzkoa).

Alicia (Garbiñe Insausti) eta Javi (Iñaki Rikarte) dira obrako protagonistak; bikotea dira. Haien bizitzak hankaz gora jarri dituen egoera traumatiko bat bizi behar izan dute, eta, hilabeteen ondoren, egunerokoarekin aurrera nola jarrai dezaketen deskubritzen ari dira. Alicia baikor dago, aurrera jarraitu nahi du, lehengo bizimodura itzultzeko gogoa baitu. Javik, ordea, ez ditu hain argi gauzak. Gau batez, ordu txikietan, euren etorkizunaren inguruan hitz egiten hasiko dira bikotekideak. Bide berbera hartu nahi al dute? «Obsesioz, maitasunez eta etsipenez inguratuta daudela, gertatu zaiena ulertzen eta kokatzen saiatuko dira», azaldu du Rikartek. Aktorea izateaz gain, obraren zuzendaria ere bada, Rolando San Martinekin batera.

Baina Alicia eta Javi ez dira Herentzia-ko protagonista bakarrak izango. Javiren gurasoak ere agertuko dira —Aizpea Goenagak eta Isidoro Fernandezek antzezten dute haien rola— , haren iragana etengabe taula gainean jarriz. «Zerbait larria gertatzen denean, dena birpentsatzen da: gurasoekin dugun harremana, bikotekidearekin duguna, bakarka amarekin eta bakarka aitarekin izan duguna...», azaldu du Insaustik. Obra denbora saltoz beteta dagoela ere gaineratu du.

«Zerbait larria gertatzen denean, dena birpentsatzen da: gurasoekin dugun harremana, bikotekidearekin duguna, bakarka amarekin eta bakarka aitarekin izan duguna...»

GARBIÑE INSAUSTI Aktorea

Deserosoa

Rikarteri aspaldi ikusitako irudi batek eman zion antzezlana idazteko abiapuntua. «Ezin dut esan zehazki zer irudi izan zen, bestela publikoaren esperientzia izorratuko nuke eta». Gogoan du irudi hark asko astindu zuela, eta abiapuntu interesgarria izan zitekeela iruditu zitzaion. Publikoa ere berak bizi izan zuen egoera deseroso horretara eraman nahi du kontakizunean; «Ez da ferekatzen zaituen ikuskizun bat», azaldu du. Halaber, ikuslea identifikatuta sentituko dela iruditzen zaio Insaustiri, norberaren bizipenen arabera protagonista baten edo beste baten alde egingo baitu. «Beldurraren disekzio bat da; beldurraren inguruko lan bat. Ea norberaren beldurrak noraino diren errealitate bat sortzeko gai», laburbildu du zuzendariak. 

(ID_17911844340475) (/EZEZAGUNA) Iñaki Rikarte eta Garbiñe Insausti Herentzia antzezlanaren irudi batean
Iñaki Rikarte eta Garbiñe Insausti antzezlanaren irudi batean. AITOR MATAUKO

Bihar euskaraz taularatuko dute Herentzia, baina badu gaztelerazko bertsioa ere; ostiralean estreinatuko dute hori, Hernanin bertan. Zuzendariak jatorrizko testua gaztelaniaz idatzi zuen, eta horren gainean hasi ziren lanean. Gainera, aurrestreinaldi bat ere egin zuten maiatzean, Urnietan (Gipuzkoa). Hain zuzen, horren ondoren hasi ziren euskarazko bertsioarekin; Goenagak ekarri du euskarara. Diotenez, euskaraz lanean hastean, lanaren zati bat egina zutela zirudien, baina beste hizkuntza batean obra muntatzeak ia-ia hutsetik  hastea esan nahi du. Rikarte: «Emaitza badakizu zein den, baina prozesua berdin-berdin egin behar da». Haren ustez, ikuskizuna berriro deskubritzeko aukera eman die horrek.

Insaustiri zorte handia iruditu zaio testuaren sortzailea aktoreen artean egotea, horrek gauzak moldatzeko aukera eman baitie. Rikarteren aburuz, ikuskizunak berak eman dio aberastasuna testuari. Bi aktoreak pozik daude Goenaga eta Fernandezekin lan egiteagatik, esperientzia handiko aktoreak direla uste baitute. «Euskal antzerkiaren historiaren lekukoak izan dira, eta oso aberasgarria izan da prozesua haiekin partekatzea», kontatu du Insaustik.

Nazioarteko konpainia

Kulunkaren zazpigarren lana da estreinatzear dauden hau. 2010ean sortu zuten konpainia, eta, batez ere, maskara antzerkia jorratu dute geroztik. Herentzia martxan jartzeko garai egokiaren bila aritu dira, aurretik sortutako ikuskizun batzuekin biran egon baitira; bai Espainian, baita nazioartean ere. Berrogei herrialde inguru bisitatu dituzte dagoeneko. Lan berrirako euskaraz eta etxetik gertu aritzeko gogoa zuten, eta hori lortu ahal izan dute. Insausti: «Guretzat berria izan da prozesu osoa Hernanin bertan edo inguruan egin ahal izatea». Konpainiako lantaldea oso sakabanatuta dagoela ere kontatu du, eta horrek sarritan lekualdatzera behartzen ditu, bai bera, baita Rikarte ere. Oraingoan, San Martin izan da hurbildu behar izan duena.

Insaustik badaki zein ezegonkorra den aktore lanbidea, eta, hori dela eta, pozik dago Kulunkak izan duen ibilbidearekin: «Konpainia egonkor bat gara, taldea ere egonkortuta duena. Hori gaur egun ia-ia mirari bat da».

HURRENGO EMANALDIAK

  • Urriak 15-16. Donostia.
  • Urriak 18. Errenteria (Gipuzkoa).
  • Urriak 31. Irun (Gipuzkoa).
  • Azaroak 7. Getxo (Bizkaia).
  • Azaroak 8. Lezo (Gipuzkoa).
  • Abenduak 16. Gasteiz.

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA