Bele
'Muturrez zerura'
Diskoetxea: Autoekoizpena.
Fermin Muguruzaren agur bira luzean buru-belarri aritu ondoren, Lide Hernandok gidatutako Bele egitasmoak bigarren lana plazaratu du. 70eko eta 80ko urteetako disco eta hip-hop kulturan errotua, dantza frenetikorako eta hedonismo izerditsurako gonbita egiten duten zortzi doinu biltzen ditu diskoak, oso tarteka lurralde akustikoetara jauzi egiten badu ere —Painting Water kantuan—. Halere, dantzalekuetako lurzoruak zartatzeko moduko erritmoak gailentzen dira. Horren isla Akuilua kantuko teklatuek, baxuek, perkusioek eta hariek haizatzen duten distira. Ispiluzko bolen izpipean gozatzeko eta astintzeko; ez da gutxi gurean, «jode».