Beltzerako bi bidaia

Alberto Ladron Aranak 'Gezurren basoa' bederatzigarren lana plazaratu du, eta Ander Odriozolak, 'Freeport' lehena; biak dira polizia nobelak

gorka erostarbe leunda
Donostia
2016ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Batak eskarmentua du nobelagintzan, eta genero beltzean espezializatua da gainera. Genero horretako euskal idazle oparo eta maitatuenetakoa da. Bestea hasi berria da literaturgintzan, nahiz eta telebistarako gidoiak idatzi izan dituen, eta Bingen film luzea idatzi eta zuzendu ere egin zuen 2014an. Alberto Ladron Aranak bere bederatzigarren nobela du Gezurren basoa. Ander Odriozolak aurrenekoa du Freeport. Biak dira genero beltzeko nobelak, poliziakoak zehazkiago, eta biak argitaratu ditu Elkar argitaletxeak.

Itzalak bizi diren lurraldea (2015, Elkar) bere aurreko lanarekin «parentesi bat egin» zuen Ladron Aranak, ohiko estilotik apur bat aldendu baitzen. «Hura fantasia bat zen, abentura moduko bat publiko gazte bati zuzendutakoa», adierazi zuen nobela berriaren aurkezpenean. Gezurren basoa, aldiz, thriller bat da, polizia nobela bete-betekoa. Estiloa eta generoa ez dira izan nobela berrian berreskuratu dituen elementu bakarrak. Nobelaren protagonistak, pertsonaia nagusiak, Harrian mezua (2014, Elkar) aurreko nobela batean ere agertu baitziren. «Nobela hartan azaldu zen lehen aldiz Leire Asiainen pertsonaia. Foru poliziaren inspektorea da. Nahiko emakume berezia eta konplikatua. Arazoak ditu familiarekin, lankideekin, sexuarekin, janarekin... baina arazoak arazo, pertsonaia erakargarria da, eta irakurleek ere hala ikusi zuten nobela hark izan duen arrakasta ikusita». OraingoanAsiainek haur baten desagertzea argitu beharko du. Baina misterioa argitzearekin batera, beste desagertze zaharrago eta ilunago baten arrastoak aurkituko ditu, eta elementu berriak ere bai: bahiketetan espezializatutako Europa ekialdeko mafia, ikerlari pribatu eskrupulu gutxikoa, sinesmen esoterikoak, aberats okituentzako orgia ezkutuak... «Guztia erritmo biziz eta tramaren menderatze harrigarri batez kontatua» dago, Xabier Mendiguren Elizegi Elkar argitaletxeko editorearen hitzetan.

Bilbo eta Ondarroa artean

Izan zitekeen beste film baterako gidoia ere, baina oraingoan nobelaren moldera egokitu du istorioa Ander Odriozolak. Freeport genero beltz poliziakoaren aldaera klasikora lerratzen da. egilearen beraren hitzetan. «Bizitza trakets samarra daraman detektibea da protagonista, edalea, femme fatale-a ageri da, portua da agertokia...». Detektibe «koxkor» hori Joanes da. «Halako batean, Ondarroako portura argazki konprometigarri batzuk saltzera joan, eta tiro batez hilik topatzen du bere bezeroa. Orduan hainbat hari dituen mataza batean nahasturik geratuko da ikerlaria».

Egileak berak gogoratzen du txikia zenean hilotz bat ikusi zuela Ondarroako portuan, auto baten barruan. «Irudi horretatik abiatuta sortu dut nobelako istorioa ere». Eta, halaber, gogoratzen du itsas portuetan egoten zela freeport izeneko gune bat, «zeinetan produktuak zergarik gabe erosi ahal izaten ziren; tabakoa, whiskya...». Hortik izenburua ere.

Ikasketaz ingeniaria eta ogibidez lanbide heziketako irakaslea baldin bada ere, azken hamasei urteetan zinema eta telebistako hainbat lanetan parte hartzeko aukera ere izan du Odriozolak. 2014 bukaeran aurkeztu zuen berak zuzendu, idatzi eta ekoitzitako Bingen lehen filma, eta bigarren lana ere grabatzeko bidean da. Hala ere, lehen nobelak idazten jarraitzeko ausardia eman dio: «Lan nekeza da, baina gustua hartu diot».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.